Ekainaren 25ean izango da Betti Gotti elkarteak proposatzen duen hitzordua
Alardeak alde batera utzita, Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak antolatzen duen Herri Bazkaria da Irungo jaietan jende gehien biltzen duen jarduera. Gaur egun, Ficoba erakustazokako hiru pabiloiak betetzen ditu, ia 2.000 gazterekin. 1.800 txartel saldu ditu Betti Gottik, eta hamarnaka dira antolakuntzan parte hartzen duten boluntarioak eta langileak. Tamaina horretako jarduera bat antolatzeak zailtasun handiak ditu, baina dagoeneko martxa hartua dutela onartu dute Betti Gottiko kideek.
Egun osoko egitaraua prestatu du Betti Gottik ekainaren 25erako. Lehenago, hilaren 18an, Herri Bazkariarekin batera antolatzen dituzten kuadrillen arteko olinpiaden lehen jardunaldia egingo dute. Iaz ere bi egunetan egin zituzten olinpiadak, eta esperientzia “positiboa” izan zela adierazi du Nerea Garciak. San Juan plazan egingo dituzte probak, 17:00etatik aurrera. Ondoren, batukada batek girotuko du ingurua. Sailkatzen diren taldeek, ekainaren 25ean, Herri Bazkariaren egunean izango dute finala. Urdanibia plazan egingo dute, hamaiketakoaren ondotik. Port Aventurara bidaia irabaziko du talderik onenak. 12:00etan Peña Poteo eta Abiyuan txarangak irtengo dira, eta 13:15etan kalejirari ekingo diote, jendea Ficobara gerturatzeko.
Joan den urtean bezala, aurten ere erakustazokako hiru pabiloiak hartuko ditu Herri Bazkariak. Lehenengo bietan bazkaltzeko mahaiak egongo dira. Batean 18 urtetik 23ra artekoak, bestean, berriz, 24tik gorakoak. Jende asko bilduko da batera bazkaltzen, hortaz, jendeak errespetuz joka dezan eskatu dute antolatzaileek: “Zerbitzariei laguntzea, boluntarioen argibideak jarraitzea, bazkarian zehar zutik ez jartzea edo janaria alde batetik bestera ez botatzea”. Juncal Eizaguirre Irungo Udaleko Kultura ordezkariak ere jarrera adeitsuaren beharra azpimarratu du: “Herri Bazkaria posible egiten duen jendea boluntarioa da. Haiek ere festan daude, ondo pasa nahi dute, eta errespetua merezi dute”. Betti Gottiko egungo kideen, kide ohien eta haien lagunen eta ingurukoen artean, 30 bat boluntarioko taldea ariko da Herri Bazkarian.
“Diseinuen lehiaketan parte hartzea sustatu nahi dugu”
Nerea Garcia
“Musikariek haien lana egin dezaten, babestu egin behar ditugu”
Ainhoa Ruano
Ficobako hirugarren pabiloian, bazkariaren ondorengo dantzaldia egingo dute. Haitzama taldea eta DJ bat ariko dira arratsaldean zehar, musika emanaldiak eskaintzen. Diseinuen lehiaketako sariak ere banatuko dituzte bertan. Aurten, kamisetez gainera, kuadrillen pankarten edo banderen diseinuak ere baloratuko dituzte. “Diseinu merkeagoak izango direlakoan, parte hartzea sustatu nahi dugu”, azaldu du Nerea Garciak. 20:30etan, bueltako kalejirari ekingo diote, Burrunba elektrotxarangarekin. Eguneko tarte horretarako, boluntario gehiago behar dituztela nabarmendu du Ainhoa Ruanok: “Musikariek haien lana egin dezaten, babestu egin behar ditugu”. Interesa duenak herribazkaria@bettigotti.com helbide elektronikora idatzi dezake, edo Betti Gottirekin sare sozialen bidez harremanetan jar daiteke, bestela.
Elkartasun keinuak, eta etorkizuneko erronkak
18 eurotan saldu dituzte aurten Herri Bazkariko txartelak. Bakoitzeko euro bana, haien herrialdeetatik ihesi ari diren errefuxiatuentzako bideratuko dute, zehaztu ez duten Gobernuz Kanpoko Erakunde baten bidez. Bestalde, parte hartzaile bakoitzak aurten jasoko duen zapiak Antxeta Irratiaren logoa izango du, haren hamabosgarren urteurrena ospatzeko. “Euskal hedabideei bultzada eman nahi diegu”, argitu du Ainhoa Ruanok. Berde argia izango da aurtengo zapiaren kolorea.
Hurrengo urteari begira, lanketa sakon bat egiteko prest dago Betti Gotti elkartea. Herri Bazkaria hirira ekartzeko helburua jarri du, eta horretarako urratsak ematen ari da jada. Hausnarketa egin dutela, eta ideiak badituztela aurreratu du Nerea Garciak. Aitortu du, hala ere, ia 2.000 lagun hartzeko moduko leku aproposa topatzea dela zailtasunik handiena. “Udalaren laguntza eta babesa eskatzen ditugu”, erantsi du. Betti Gottiren erronkak aurrera egiten baldin badu, Ficobako azkena izan daiteke 2016ko Herri Bazkaria.