Ia konturatu gabe San Miguel auzoan kokatutako Leka Enea ikastetxeak 100 urteetako ibilbidea osatu du. 100 urte horietan zehar milaka ikasle, irakasle eta langile igaro dira zentrotik Leka Enearen historia osatzen lagundu dutenak. Mendeurrena ospatzeko ekintza ugari antolatu dira ikastetxe barnean zein ohiko errutinatik aldenduz. Gorabehera historikoz betetako urteen ostean, ekola etorkizuneko errealitate eta erronkei aurre egiteko prest dago.
2019ko abenduaren 3an betetzen da zehazki Leka Enea ikastetxearen sorreraren mendeurrena. Data garrantzi- tsua ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dira. Lehen ospakizunak joan den urteko ikasturtean zehar egin ziren ikastetxean bertan, zentroaren sarreran kokatutako erausketa, bazkaria edo ikasturte amaierako emanaldi bereziaren bitartez. Estitxu Rojas Leka Enea ikastetxeko idazkariak azaldu duenez, ikastetxetik atera eta hiritar guztiei hurbiltzeko asmoz, azaroan zehar beste zenbait ekintza antolatu ziren mendeurrenaren dataren gertutasuna aprobetxatuz. Horrela, erakusketa Geltoki kaleko lokalera lekualdatu zen eta bazkaria izan dira antolatutako azken ekitaldiak. Hortaz gain, 1976. urtetik eskolan publikatzen den aldizkariaren edizio berezia prestatu da, azken 100 urteen errepasoa egin eta paperean islatzeko.
Joxemi Zabalo, Leka Enea ikastetxeko zuzedariak adierazi du, “oso polita izan da mendeurrenaren ospakizun ekitaldietan jendea nola elkartu den ikustea”. Izan ere, ikasturte edo hamarkada ezberdinetan zehar Leka Eneako ikasgeletatik igaro diren belaunaldi ezberdinetako ikasle, irakasle eta zentroko langile ohiak biltzea lortu baita. Aloña Zabala Leka Eneako ikasketa buruak azaldu duenez, adin desberdinetako jende ezezaguna erakusketako argazkien aurrean elkartu dela ikusi dute azken egunetan zehar, bakoitzaren esperientzia eta bizipenak partekatzeko. Joxemi Zabalo zuzendariak gaineratu duenez, eskolatik igarotako pertsonen oroitzapenak entzutea oso aberasgarria izan da haientzat, izan ere, Leka Enearen iragana hobeto ulertzeko aukera izan dutelako.
Ilusioaren indarra
100 urte igaro diren arren, ordea, eskolan hobetzeko grinak bizirik jarraitzen du zentroko langileen artean. Leka Eneako zuzendariak azaldu duenez, auzo izaera duen eskola bat izaten jarraitzeko asmoa dute, azuoko errelitatera egokitu eta erabiltzaileen beharrei erantzuteko gai izango dena. Honela, urteak igaro arren, familiei gertutasuna transmititzen jarraitu nahi dutela azpimarratu du Joxemi Zabalok, “eskola eta bertara ikastera datozen haurrak modu ilusionantean ikusten ditugu”.
Etorkizunari begira, kalitatezko heziketa eskaintzeaz gainera, ikasle gehiago jaso ahal izateko eskolako instalakuntzak handitzeko beharra ikusten dutela azaldu du zuzendari taldeak. “Leka Enea XXI. mendearekin bat datorren ikastetxea izatea nahi dugu”, adierazi du Joxemi Zabalo zuzendariak.Honela, 100 urteetan zehar egindako ibilbidea ahaztu gabe, Leka Enean etorkizunak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko prest daude.
Errepaso historikoa
XX. mende hasieran hasi zen Leka Enea ikastetxea lanean. Garai hartatik gaur egun arte gauzak asko aldatu dira. Bide horretan eskolak hainbat erronkei aurre egitea lortu zuen, adibidez, 1936. urtean Irun suntsitu zuen sutearen ostean eskolak aurrera jarraitzea lortu zuen maistra bakar batekin. Beranduago, Pasiotarrei alokatutako lokalean sutea izan ondoren, ikasturtea hori amaitzea lortu zen.
Zoritxarreko gertakariak alde batera utzita, Leka Eneak hazten jarraitzeko lekua topatzeko gai izan zen. Historian atzera eginez Leka Eneako ikasgelak hainbat eraikin, pabilioi eta etxabeetan kokatu dira momentuko beharrei erantzuteko prest. Horrela, Geltoki kaleko eskola txikia, Leka Enea kaleko eraikina, Ducoureau jauregia, Pasiotarren lokala, Luis de Uranzu kaleko etxabeak eta “El Rancho” ikastetxearen historiaren parte izan dira.