«Eskola bidea» Udalaren eta eskola-komunitatearen arteko elkarlanetik sortu zen, eta eskolara joateko ibilbiderik seguruenen planifikazioan datza. Horrela, ibilbidean barrena topagune jakin batzuetan haur taldeak osatu, eta gero eta talde handiagoa eratzen da eskolara bidean. Gaur egun, hiru ikastetxek parte hartzen dute ekimenean: Eguzkitzak, Dunboak, eta Elatzetak.
Aurten, programaren barruan pauso berriak egiteko zenbait jarduera gauzatu dira, hala nola ibilbideak biziberritzea eta eskolara oinez joaten diren haurren kopurua handitzea. Azken urteetan ere familiak haurrei eskolara oinez eta beren kabuz joaten uztera bultzatzeko hainbat jarduera pedagogiko egin dira, eta neurri espezifikoak hartu dira eskolen inguruan, mugikortasun ohitura seguru, jasangarri eta osasungarriak sustatzeko.
Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak, Polen Mendizabal Eguzkitzako zuzendariak eta inguruko zenbait saltokitako arduradunek ikastetxe horretako ikasleek aurki abian jarriko duten proba pilotu baten berri eman dute. Ikastetxera Eskola Bidean zehar oinez joaten diren Eguzkitzako ikasleak ibilbideetan zehar dauden saltokiak bisitatuko dituzte (okindegiak, dendak, etab.) eta ekimenean kolaboratzeko eskatuko diete.
Proiektua gauzatzeko, ikastetxeak dokumentu bat prestatu du: Eskola Bidera atxikitzeko «kontratu» sinboliko bat. Ekimenarekin bat egiteko, lokalean ikur bat jarri beharko dute arduradunek, besterik ez. Horrela, haur bat topagunera berandu iristen bada, baso bete ur behar badu edo nolabaiteko laguntza behar badu, badaki establezimendura sar daitekeela laguntza eske. Pegatina batzuk diseinatu dira saltoki parte-hartzaileentzat, baita triptiko bat ere, eskolan banatzeko. Ideiak harrera ona badu, gainerako ikastetxeetara ere zabaldu daiteke.
Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak eskerrak eman dizkie berriro ere ikastetxeei «beren inplikazioarengatik, horrelako programek mugikortasun jasangarri eta seguruagoa sustatzen jarraitzen laguntzen baitigute. Hemen Larreaundin Eguzkitzarekin batera egiten dugun urrats honek, gainera, balio bikoitza du. Izan ere, ohitura osasungarriak lantzeaz gain, gertuko saltokiekiko lankidetza landuko dugu, eta horrela gazteei helaraziko diegu zer garrantzia duten auzoetako denda txikiek, auzoak bizitzaz betetzen baitituzte».
Orri-markatzailea eta «Eskolaminutua»
Era berean, aurreko ostirala Liburuaren Eguna izan zela baliatuta, Udalak orri-markatzaile batzuk prestatu ditu, ekimenean parte hartzen duten ikastetxeetan banatzeko (Elatzeta, Eguzkitza eta Dunboa). Beste berritasun bat «Eskolaminutua» izan da, Mugikortasun arloak duela urte gutxi batzuk oinezko joan-etorriak sustatzeko aurkeztu zuen metrominutuaren antzekoa. Kasu honetan, ideia bera dago atzean, eta proiektuak aukera emango du jakiteko zenbat denbora behar den puntu batetik bestera ikastetxera iristeko.
Abian jarri diren jardueren artean, otsailean jakinarazi genuen bezala, Elatzeta ikastetxeko bideetan, Katean, markak margotu dira lurrean, ibilbide bakoitzeko abiapuntu eta topaguneak identifikatzeko. Ikastetxea identifikatzeko maskotak Sua izena du, eta ikasleek haren marrazkia zuten biniloak jarri zituzten ibilbideetako elementu eta altzarietan, eremu horietan Eskola Bidea ikusgarriago egiteko. Aste batzuk beranduago, ekimen bera egin zen Dunboa eta Elatzeta ikastetxeetako ibilbideetan ere.