Aste honetan azaroaren 25ean, ostiralean, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen da. Egun horren harira Irunen egingo diren jarduerak aurkeztu ditu Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkariak Amaia KZn, erakunde parte-hartzaileetako ordezkariekin eta datorren igandean, azaroak 27an egingo den Irun Beldur Barik ikuskizunean arituko diren artistekin batera. Programa horrek hilabete hasieratik Irungo Udaleko Berdintasun zerbitzuak martxan izan duen kanpaina (eskuorriak, kartelak, banderolak…) osatzen du.
Echevestek esan duenez, «beste urte batez ere, Irungo Beldur Barik lehiaketaren helburua izan da sari bat ematea indarkeria matxisten errealitatea eta horien aurrean izan beharreko jarrera ikus-entzunezko lanen bidez ikusaraztera animatu diren guztiei eta, horretarako, gala bat antolatu dugu, non borroka hori erakutsiko zaigun zenbait arte-dizplinaren bidez». Gainera, ordezkariaren hitzetan, «Udalak konpromiso irmoa du indarkeria desagerrarazteko, eta horretan lanean jarraituko dugu urte osoan zehar, dela kanpaina espezifikoen bidez, dela emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko xedea duten ekimenen bidez».
Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak ez ezik, beste elkarte batzuek ere parte hartu dute programan: Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Txingudiko Elkarte Feminista, Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde, Uxoa, Argoiak, Parean eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoak. Haren barruan, nabarmentzekoak dira azaroaren 25eko bertako ekimenak, batez ere, elkarretaratzeak: 12:00etan bat egingo da San Juan plazan elkarte feministek eta/edo emakumeen elkarteek deituta, eta beste bat 11:00etan, Zabaltza plazan, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoek deituta.
Gainera, puntu morea jarriko da Irungo udaletxeko balkoian, eta adierazpen instituzional bat egiteko lanean ari da udala. Horrez gainera, hilaren 27an, igandearekin, 2022ko «Irun beldur barik» ikuskizunaren bidez, programaren ekitaldi nagusia antolatuko da Amaia KZn, 18:00etan. Bertan, tokiko lehiaketaren sariak banatuko dira:
1. kategoria: ez da saririk emango.
2. kategoria: «LGTBIQ+aren kontrako jazarpenik ez!» Sayuri Moran Varelak aurkeztua. AIPAMEN BEREZIA: «Betaurreko moreak», Eguzkitza BHIko ikasleen eskutik.
3. kategoria: «Heldu da garaia!» Angel Gonzalezek, Paula Zamarreñok eta Leire Hernandezek aurkeztua.
Ondoren, zenbait arte-diziplina izango ditugu oholtzan, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean zero tolerantzia izan behar dugula aldarrikatzeko:
– Ostomila Txontxongilo Elkartea
– Berdinki Zirkua
– Fasus4 musika-taldea
– Analya Bellidance
– My Dance Studio
Sarrera doan da, baina gonbidapena behar da: webgunean eta Turismo bulegoan.
Udalaren ekimen horiek osatzeko, azaroan abian jarritako kanpaina dago. Emakumeen kontrako indarkeriaren gaiaren inguruan sentsibilizatzeko xedea du eta, «Kontrola ez da maitasuna» leloaren espirituari helduta, A-25ean bueltan da indar handiagoarekin:
Eskuorriak banatu dira eta, berritasun gisa, baita 12 orrialdeko gida bat ere. Bertan, indarkeria mota guztiak azaltzen dira, eta indarkeriaren hiru tipologia nagusien (psikologikoa, ekonomikoa eta bikarioa) mezu eta jokamolde tipikoak azaltzen eta identifikatzen dira.
Gainera, aipagarria da indarkeria mota horiei dagozkien mezuak bost hizkuntzatan jaso direla (euskara, gaztelania, frantsesa, arabiera eta errumaniera), dibertsitate kulturala ondo jasotzeko eta baliabide hauek pertsona guztiei helarazteko.