Gizarte Ongizate arloak iragaitzazko migratzaileei buruz egindako azterlana aurkeztu du

David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak, Begirune fundazioko arduradunekin batera, iragaitzazko migratzaileei buruz egin den azterlana aurkeztu du. Azterlanak erakusten duenez, betidanik egon izan da iragaitzazko migrazioa Irunen, baina 2018an fluxua handitu egin zen. Bolumena egonkor mantendu da ordutik hona, eta gutxi gorabehera 8.000 migratzaile zenbatu dituzte.

«Gizarte Ongizate arloko ordezkari gisa, egoera gogorra bizi izan dut iragaitzazko migrazioari dagokionez. Azterlan honen balioa pertsona horien errealitatea ikusarazten duela da, eta agerian uzten du erakundeen babesa beharrezkoa dela. Eskertzekoa da egunero Gurutze Gorriak eta Irungo Harrera Sareak erakusten duten prestasuna, baina ezin diogu erne egoteari utzi. Inplikatuta nago eta inplikatuta jarraituko dut eskualdean bizi dugun egoera hobetzeko eta bizi duin baten bila dabiltzan iragaitzazko migratzaile hauek dituzten arriskuak saihesteko. Haien egoerak, gutako edozeinek ere gauza bera egingo luke», adierazi du ordezkariak.

Lanak bost atal ditu: sarrera, egoeraren azterketa kuantitatiboa, azterketa kualitatiboak, muga inguruko efektuak eta arazoak eta ondorioak. Azterlana egiteko metodologian zenbait teknika erabili dira, besteak beste: bibliografiaren kontsulta, zuzeneko datu kuantitatiboen bilketa Gurutze Gorriaren eta Irungo Harrera Sarearen eskutik, adituen elkarrizketak, galdetegi bat egitea 21 egunez 214 migratzaileri eta sakontasun handiagoko elkarrizketak egiten iragaitzazko 9 migratzaileri.

Txostenaren lehen orrialdeetan hirian migratzaileei arreta emateko dauden baliabideak jaso dira, hala nola Irule kalean iragaitzazko migratzaileei arreta humanitarioa emateko zentroa, barne Ministerioak finantzatua eta Gurutze Gorriak kudeatutakoa; gainera, Irungo Udalak behar handieneko uneetan gaitutako puntuak aipatzen dira, baita Irungo Harrera Sarearen lana ere.

Oro har, iragaitzazko migratzaileek Irunen egonaldi labur eta lasaiak izaten dituzte (2 edo 3 egunekoak), ohikoena baita migratzaileek muga zeharkatzea, aurreneko saiakeran ez bada bigarrenean edo hirugarrenean, Frantziak ezarritako muga-kontrolen arabera. Inoiz edo behin Irungo egonaldia 6 edo 8 egunera iristen da. Migratzaileen kezka handiena muga zeharkatzea da. Horrek batzuetan etsipena eragiten die, eta muga pasatzeko bide arriskutsuak aukeratzera bultzatzen ditu, heriotza ere eragiteraino. 2021etik gutxienez hamar lagun hil dira Frantziako muga gurutzatu nahian. Behin bestaldean, pertsona askok Baionara jotzen dute, bertan baitago migrazio-bidearen azken baliabidea. Handik aurrera, fluxuak sakabanatu egiten dira.

Zenbatutako profilek ere nolabaiteko egonkortasun bati eutsi diote: gehienak gizon gazteak dira, 18 eta 25 urte artekoak, Malitik, Ginea-Konakrytik eta Afrika mendebaldeko beste herrialde batzuetatik datoz, eta Parisera iristea da haien helburua. Horiez gain, azterlanean jasota geratu denez, bada zifra ofizialetan ongi islatzen ez den beste migrazio bat: magrebtarrena, hain zuzen ere. Pertsona horiek ez dute baliabideen berri eta gutxiago erabiltzen dituzte, bidaia luzeagoak egiten dituzte edo senideengana jotzen dute laguntza bila, eta, ondorioz, ez dira guztiak jasota geratzen.

Sexuaren araberako datuei erreparatuta, bat datoz Gurutze Gorriaren eta Irungo Harrera Sarearen estatistikak eta egindako galdetegien bidez jasotakoak: % 75 inguru gizonak dira, % 20 emakumeak eta % 5 familiarekin batera doazen haurrak.

Kontingentzia-planei eta udal-gobernuaren inplikazioari esker, ez dirudi gaur egun behar berezirik dagoenik, baina iragaitzazko migratzaileak askotariko zaurgarritasun-egoeretan egon daitezke: genero-ikuspegia eta adingabeen babesa izozmendiaren punta baino ez dira harrera-planak eta baliabideak diseinatzeko garaian.

Gomendioen artean, Irungo Udalak migrazioaren edo muga-politikaren inguruko eskumenik ez duela nabarmentzen dute eta mugan kontrolak handitzearen kontrako posizio politiko argi eta proaktiboa adierazten dute; iragaitzazko migratzaileei zerbitzua ematen dieten zerbitzuen arteko harreman eta komunikazio instituzional eta sozialeko sareak mantentzea gomendatzen dute; eta identifikazio-biderik ez dutenentzako zerbitzu-sistema alternatiboak bilatzea beharrezkoa dela diote, inor oinarrizko beharrak ase gabe gera ez dadin. Azterlan osoa kontsultagai dago Udalaren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude