Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek 18.95 zine eta animazio programa ezagutarazi du. Zineko klasikoak jatorrizko bertsioan eman daitezen bultzatzea da ekimenaren helburua, eta, proiekzioek irauten duten bitartean, animazio jarduerak egingo dira, aretoan bertan, ikusleek ikuskizunean parte hartzeko. Ordezkariarekin batera, honako hauek izan dira aurkezpenean: María José Noain, Aisilan enpresakoa, enpresa hori baita emanaldiak dinamizatzeko arduraduna; Íñigo Martínez, Bizinema elkartekoa, elkarteak ere ekitaldian parte hartuko baitu; eta David R. Losada zuzendari irundarra.
Juncal Eizaguirrek agerraldian azaldu duenez, zinema jaio zen urtean oinarritzen da programaren izena; izan ere, 1895ean, Lumière anaiek proiekzio bat argitaratu zuten, lehenengoa, zazpigarren artearen jatorritzat hartzen dena. 18.95 programa Bizinema Bang Bang programaren ordezkoa da: orain arte, Bizinema Bang Bang programaren barruan eskaintzen ziren programa berriaren barruko jarduerak, partaidetza bidezko aurrekontuen esparruan egindako proposamen bati esker, baina, programa gora egiten ari zela ikusita, gai teknikoak zirela-eta, beharrezkoa zen saioak dinamizatzeko kontratu berri bat egitea, eta horrela sortu da 18.95. Hiru saio konfirmatu dira dagoeneko: lehenengoa, urriaren 31n, 18:00etatik aurrera.
“Zineak eta animazioak osatutako formula oso arrakastatsua dela ikusi da; horren adierazgarri, Bizinema Bang Bang programa: azken urteetan, ikusleek oso harrera ona egin diote beti, Amaia KZn, eta eskertzekoa da hori. Bada, espiritu horri heldu, eta zinea pantaila handian ikustea eta ikusleek emanaldietan parte hartzea bultzatzen jarraitu nahi dugu, zazpigarren artearen historian arrastoa utzi duten filmen eskutik plan ezberdin bat eskaintzeko”, nabarmendu du Juncal Eizaguirrek.
Mozorroak eta sariak
Esan bezala, lehenengo saioa urriaren 31n izango da, igandearekin, eta E.T. eta Beetlejuice filmak emango dira. Funtsean, zer egunetan proiektatuko diren kontuan izanik aukeratu dira bi pelikulak, Halloween egunean emango baitira. Izan ere, E.T. ospakizun horretan girotuta dago, zeina Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen, eta “ziria ala saria” ezaguna erakusten du; Beetlejuice-n, berriz, biziak eta hilak elkarren ondoan bizi dira.
Sorpresa batzuk izango dira ekitaldian, hala nola ekitaldirako propio jantziko den zeremonia maisu oso berezi bat. Ildo horretatik, sariak banatuko zaizkie emango diren filmetan inspiratuz mozorrotzen direnei edo ekitaldirako egokia den beste edozein mozorro daramatenei.
Gainera, jaia biribiltzeko, saioaren aurretik, Mosca film laburra pantaila erraldoian ikusi ahalko da, David R. Losada irundarraren zinema tailerraren esparruan sortutakoa. Tailer horren bi edizio egin dira dagoeneko, eta, bertan, ikus-entzunezko hizkuntzari buruzko hastapenak eman zaizkie ikasleei, eta, aldi berean, film labur bat idazten eta errealizatzen lagundu zaie, “azken” ariketa gisa.
Sarrerak betiko tokietan daude salgai, 5,50 euroan: turismo bulegoan (Luis Mariano lorategietan); sarrerarik gelditzen bada, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Amaia KZko txarteldegian; eta Interneten, www.irun.org/entradas helbidean.