Lan-elkarrizketa eta hitzaldiez gain, bisitariek momentuan bertan curriculuma hobetzeko aukera izan dute
180 lanpostu eskaini ziren maiatzaren 9an Ficoban antolaturiko Enpleguaren Astean. Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik elkartearekin lankidetzan, Enpleguaren Astearen XXIII. edizioa antolatu zuten. Lana topatzeko azoka honetan ohiko lan-eskaintza, formazio tailerrak eta curriculuma hobetzeko guneaz gain, momentuan argazkia atera eta curriculumera argazki berritua gehitzeko aukera eskaini da aurten.
Guztira, goiz osoan zehar 400 pertsona inguru Enpleguaren Astea izeneko azoka bisitatu zutela kalkulatzen da, bertan lan-postuetarako sarrera ahalbidetuko dieten elkarrizketak egin edo tailer ezberdinetan parte hartzeko. Miguel Angel Paezek, Bidasoa bizirikeko presidenteak XXIII. Enpleguaren Astearen balorazio positiboa egin du. “Elkarrizketa hauek lan kontratuetan formalizatu ahal izatea espero dugu”, gaineratu du elkarteko presidenteak.
“Elkarrizketa hauek lan kontratuetan formalizatu ahal izatea espero dugu”
Miguel Angel Paez, Bidasoa bizirikeko presidentea
Enpleguaren Astearen barnean 46 enpresek 98 lan eskaintza azokara hurbildu zituzten 180 lan-postuetarako langileak topatzeko helburuarekin. Aurretik aipatutako lan-eskaintza horiei, azokara bertaratutako Enplegu Zerbitzu Publikoek aurkeztutako lanpostuak batu behar zaizkie.
Ficobako lehen solairuan kokatu diren enpresetara zuzenean hurbildu dira hautagaiak, aurretiazko hitzordurik gabe, eskura haien curriculuma entregatzeko. Lehen solairuan, berriz, El Espazio zerbitzuaren webgunean aurkeztutako eskaintzetan izena eman zuten pertsonei lan-elkarrizketak egin zaizkie, lanpostuak betetzeko enpresek bilatzen dituzten profilak betetzen dituzten ikusteko.
“Enplegu eskaintza ugari eskaini ditugu edizio honetan”
Juan Mari Altuna, Bidasoa bizirikeko presidenteordea
Banaketa, industria, administrazio-garraioa eta ostalaritza-zerbitzuak alorretan bildu dira eskari handiena izan duten profilak. Juan Mari Altunak, Bidasoa bizirikeko presidenteordeak, hauxe adierazi du “enplegu eskaintza ugari eskaini ditugu edizio honetan. Bidasoa bizirikek urte osoan zehar egiten duen lanari gehitu behar zaio hori”.
Curriculuma berritzeko aukera
Curriculuman egin, osatu edo hobetzeko nahi zuten bisitariek arlo horretan adituak diren profesionalen laguntza izan dute haien merituak curriculumean erarik egokienean islatzen ikasteko. Horretarako, sei ordenagailu eta inprimagailu batekin ekipatutako gune bat osatu zen.
Aurten berrikuntza gisa, argazkilari profesional batek, azokako beste doako zerbitzu baten barnean, curriculumeko argazkia berritu nahi zuten bisitariei argazkia atera zien, momentuan bertan curriculumean txertatu edo Linkedin bezalako plataformetan ipintzeko.
Prestakuntza eskaintza
Jardunaldian hiru hitzaldi-tailer egin dira enpresei gordetako gunea osatu eta enplegu aukeren bila dabiltzan pertsonentzako intereseko gaiei buruz mintzatzeko. Tailer horietan gure eskualdean aukeran dauden lanbide heziketa aukeren informazioa eskaini da.
Oscar Perezek era positiboan komunikatzeko kontutan hartu beharreko jarraibideen inguruko hitzaldi egoki eta interesgarria eman du. Haren aholkuak tailerrean parte hartu duten pertsonentzat erabilgarriak izango dira lan-elkarrizketetan haien burua aurkezterako orduan.
Bestalde, Gurutz Aguinagalde kirolari profesionala izandakoak, Kirolgi Fundazioaren bidez, bere esperientzia eta bizipenetan oinarritutako eliteko kirolariek aldaketa egoeretan jarraitzen dituzten estrategiez hitz egin du. Ikaskuntza horiek proiektu pertsonaletara eta lan proiektuetara nola islatu azaldu du. Azkenik, Bidasoa Institutuak, Irungo La Sallek, Plaiaundi Institutuak eta Mendibil Prestakuntza Zentroak beren prestakuntza eskaintza azaldu diete interesdunei.