Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkaria «18cm» proiektuaren arduradun Ricardo Catalánekin eta Ana Zubikoarekin batera egon da programaren bosgarren edizioaren aurkezpenean.
Aurten Zehartu ekoiztetxearen bidez egingo den «18cm» espazioa 2018an sortu zen, arterako agertoki berriak irekitzeko asmoz. Horretarako, obrentzako ikusgarritasun-espazio berriak sortu nahi ziren, askotariko sortzaileek egindakoak (amateurrak, hasiberriak edo esperientziadunak), diziplina askotan eta euskarri ugaritan. Alabaina, erakusketa honek baditu jarraibide ezin bereziago batzuk, eta erronka bat dira artistarentzat.
«18cm»n parte hartzeko bi baldintza daude: obrak muga jakin batzuk errespetatzea eta gai bati buruzkoa izatea. Erakusketaren nortasuna, beraz, bi zutarri horietan oinarritzen da. Obra guztiak 18 cm-koak izango dira gehienez ere.
Pintura, serigrafia, grabatu edo argazkien kasuan, obrak 18 cm luze eta zabal izango dira gehienez ere, eta erakusketarako euskarri zurrun batean aurkeztu beharko dira, baina markorik gabe. Eskulturen kasuan, obrak ezin dituzte 18 cm horiek gainditu ezein dimentsiotan, sakonera ere kontuan hartuta. Ikus-entzunezko sorkuntzei dagokienez, 18 segundokoak edo 1 minutu eta 18 segundokoak izango dira. Lanak MP4 formatuan aurkeztuko dira posta elektronikoz amaia.kz@irun.org helbidera idatzita, fitxategiak partekatzeko plataforma bat edo esteka bat erabilita.
Teknikari dagokionez, librea izango da. Obrak guztiak, gainera, 2022rako proposatzen den gaian inspiratuko dira: «Igarotzea».
Bi kategoria
Bi kategoria egongo dira: banako obrak eta serieak. Parte-hartzaileek bi kategorietako zeinetan lehiatu nahi diren erabaki beharko dute, eta ezingo dira bietara aurkeztu. Banako obren kategoria aukeratzen dutenek artelan bakarra aurkez dezakete. Serieen kategorian parte hartzen dutenek, aldiz, gutxienez bi obra aurkeztuko dituzte, eta gehienez hiru.
Obrak Amaia KZn entregatu beharko dira (López de Becerra kaleko sarrera), urriaren 18tik 30era bitartean, asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara. Obrarekin batera, izena emateko orria ere entregatuko da, behar bezala beteta. Izena emateko orri horrekin batera, nahi izanez gero, parte-hartzaileek aurkeztutako obren azalpen txiki bat ere aurkez dezakete. Adinez nagusiek parte har dezakete (2022ko azaroaren 14an hemezortzi urte beteak dituztenek). Obra postaz bidaltzen bada, Irungo Amaia KZra iritsi behar da azaroaren 2ko 21:00ak baino lehen.
Aurkeztutako obra guztien arteko batzuk hautatuko ditu antolakuntza-batzordeak, jasotako artelan kopurua, horien kalitatea eta dibertsitatea eta erabilgarri dagoen espazioa kontuan hartuta. Hautatuko lanekin erakusketa bat antolatuko da Laboral Kutxaren aretoan (Colón pasealekua, 13), azaroaren 15etik abenduaren 4ra. Informazio gehiago behar izanez gero, interesdunak HAZera joan daitezke edo Kultura eta Kirol arlora jo dezakete, cultura@irun.org helbidera idatzita edo 943 505407 telefonora deituta. Sari hauek emango dira:
Sari bat kategoria artistiko bakoitzeko:
Banako obrak.
Kategoria bakoitzeko sariak.
Margolan onenaren saria: 300 euro.
Argazki onenaren saria: 300 euro.
Eskultura onenaren saria: 300 euro.
Ikus-entzunezko obra onenaren saria: 300 euro.
Serieak:
Serie onenaren saria: 300 euro.
Gainera, saritutako obra guztien arteko onenari 18 cm sari handia ere emango zaio:
18 cm sari handia: 150 euro.