2.200 irundarrek parte hartu dute 2020ko Euskaraldian

Pasa den abenduaren 4an amaitu zen ofizialki Euskaraldia hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Guztira, 2.200 irundarrek parte hartu dute 2020ko Euskaraldia eta parte-hartzaileen %31 berria izan da. Euskal herri osoan, berriz, 180.000 norbanakok parte hartu dute hizkuntza-ohiturak aldatzeko helburua duen talde ariketan.

2020ko Euskaraldian Irungo parte hartzaileen %77ak, 1.689 norbanako, Ahobizi rola hautatu du. Gainontzeko %33a, aldiz, Belarriprest rolean aritu da, hau da, 500 lagun. Generoaren arabera, 10etik ia 6 baino gehiago emakumeak izan dira, hau da, %64a. Ariketaren %35a gizonezkoak izan dira eta ez-bitarrak %1a. Irunen Euskaraldiaren bigarren edizioan 30-44 urte arteko irundarrek parte hartu dute gehienbat, parte-hartzaileen %38a izan baitira. Segidan, 45 eta 60 urte artekoak daude parte-hartzaileen %32 izan baitira eta, ondoren, 16-29 urte bitartekoak %19ko parte-hartzearekin. Azkenik, 60 urtetik gorak izan dira parte-hartzaileen %10a. Parte-hartzaileen %1ak, aldiz, ez du jaio- tza-urterik zehaztu.

Aurtengo edizioan, Irungo parte-hartzaileen 10etik 3k adierazi du 2018ko Euskaraldian parte hartu ez zuela. Hau da, aurtengo parte hartzaileen %30a, 697 norbanako, Euskaraldiko parte-hartzaile berriak izan dira. Hortaz, ariketa sozialak Ahobizi eta Belarriprest berriak erakartzeko gaitasuna izan duela ondorioztatu dute Euskaraldiaren antolatzaileek.

Aurtengo edizioan, norbanakoak ez ezik, ariketak ere talde izaera izan du. Horretarako, ariketa martxan jarri aurreko asteetan hiriko elkarte eta entitateek Ariguneak sortzeko aukera izan zuten. Irunen 93 entitatek eman zuten izena, eta ia 400 Arigune sortu dituzte, barne-ariguneak (taldearen barnean), nahiz kanpo-ariguneak (herritarrekin harremanean).

Abenduaren 11n, berriz, 2020ko Euskaraldia amaitu ostean balorazioa egiteko bilera antolatu zen Palmera Montero gunean. Irundarrek eta Udalaren ordezkariek bileran aurrez aurre parte hartuz edo parte-hartze telematikoaren bitartez ariketa sozialaren emaitzen inguruan gogoeta egiteko aukera izan zuten.

Euskaraldia ikusgarri egin duten ekintzak
Irundarrek ariketa soziala taldean zein bakarka egitera animatzeaz gain, egitarau berezia ere antolatu du Irungo Udalak, Euskaraldia Batzordearekin elkarlanean. Denera, 9 jarduera egin dira azaroaren 20an hasi eta abenduaren 5era bitarte.

Mónica Martínez Euskara ordezkari gisa azaldu du, “egitaraua COVID-19ak eragindako baldintzetara egokitu behar izan badugu ere, irundarren erantzuna ederra izan da”. Euskara ordezkariak ere eskerrak emateko aprobetxatu du: “Irungo Euskaraldiaren antolaketan aritu direnei, ekitaldietara bertaratu direnei eta ariketa sozialean parte hartu duten Ahobizi eta Belarriprestei eta entitateei eskerrak eman nahi dizkiet Irungo Udalaren izenean. Gaurtik aurrera ere, gehiago, gehiagorekin, gehiagotan jarraituko dugu inertziak apurtzen; egunean 24 orduz, astean 7 egunez. Euskarak 365 egun ditu-eta”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude