2019-2020 ikasturteari hasiera emateko material berria

Jakina da iraileko lehen egunak iritsi orduko ikasturte berriari hasiera emateko garaia dela. Atzean gelditzen dira udako hilabeteetako hondartza egunak eta gau amaigabeak, liburu eta boligrafo berriei lekua uzteko. Ikasturte berrian zehar ikasleek emaitza onenak lortu ditzaten, eskura baliabide egokiak izatea ezinbesteko izango da, ezagutzak garatzeko oztoporik izan ez daitezen.

Zentzu horretan, gauza horien prestaketari denbora eskaintzea beharrezkoa da. Denbora eta dedikazioaz gainera, bat-batean iristen den gastu erraldoi horri aurre egiteko aurrekontu nahikoa izatea beste baldintza ezinbesteko bat izango da. Gurasoei buruko min ugari eragin diezaizkieke gai horrek, hilabete bukaeran zenbakiak kuadratu eta gastu guztiei aurre egiteko buruhauste handiegirik ez izateko.

Prozesu gora-beheratsu honetan, diru-laguntzek edo bekek paper garrantzitsu bat jokatu dezakete. Familien ekonomia laguntzeko asmoz, beste urte batez Irungo udalak “Erosi eta ikasi” izenarekin ezagutzen den diru-laguntzen programa martxan jarri du seigarren urtez. Folder dendako Raquelek azaldu duenez, programa hau oso lagungarria da Irungo denda txikientzak erosleak auzo eta hiriko dendetara erakartzen dituztelako.

Programa honen bitartez hiriko dendetan eskolako materiala erostea sustatzea bilatzen da, era berean, hiriko familien ekonomia laguntzen den bitartean. Diru-laguntzaren eskaera epea irailaren 30era arte zabalik egongo da eta familiei erositako materialaren fakturak gordetzea beharrezkoa dela gogorarazten zaie, diru-laguntza eskuratu ahal izateko horiek aurkeztea ezinbestekoa delako.
“Erosi eta ikasi” programa irunen erroldatutako familiei zuzenduta dago, zehazki, Derrigorrezko Hezkuntzaren barnean, Lehen Hezkuntzan edo DBHn ikasleak dauzkaten familiei. Materialak 2019ko ekainaren 21etik irailaren 30era bitarte erositakoak izan behar dira. Hiru tarte aurreikusten dira errentaren araberako diru-laguntza kopuruak jasotzeko: 50, 75 eta 100 erurotakoak adingabe bakoitzeko. Aurtengo aurrekontua 200.000 eurotakoa da eta eskaerak egiterako orduan eskatzen diren baldintzak sinplifikatu dira, eskaera burutzeko tresna Irun Txartela izango delarik.

Kurtso berria, material berria
Udako hilabetearen amaieran Irungo Folder dendan kutso berriari hasiera emateko material berria eskuratzeko irriketan hurbiltzen den jende kopuru handia jasotzen dute. Badira ekainean, aurreko ikasturtea amaitu bezain laster, zerrenda eskuratu eta hurrengo ikasturterako materiala erosten hastea nahiago duten gurasoak. Jende kopuru handiena, ordea, abuztuko hilabetearen amaiera edo irailaren hasierara, batez ere, Hondarribiko jaiak igaro arte itxaroten du kutso hasierako erosketak egiteko.

Dendan ilara luzeak sortu ohi dira kutso berriko lehen egunetan, baina, Folder dendako Raquelek adierazi duenez, erosle gehienek antzeko gauzak erosten dituzte urte batetik bestera: koadernoak, arkatzak, boligrafroak, motxilak, … Raquelen hitzetan, “familia bakoitzak 50 euro inguru gastatu ohi ditu paper dendan”. Hala ere, urtero moda berriak paper dendako produktuetara iristen dira. Aurten adibidez, Oxford markako materiala eta pastel koloreak moda-modan daudela azaldu du Raquelek.

Liburuak ikasketa prozesuan lagun
Ylenia Benito Brönte liburu-dendako dendariak liburuak ikasketa prozesuaren barneko beste osagai ezinbesteko bat direla azaldu du. Paper-dendaren kasuan bezala, bi eratako pertsonak bereizten dira liburuak erosterako orduan: Sanmartzialetako jaiak bezain laster liburuak eskatzen dituztenak eta iraila iritsi arte itxaroten dutenak. Aurrekontuari dagokionez, ordea, eskola eta familiaren arabera oso kopuru ezberdinak izan daitezkeela azaldu du Ylenia, izan ere, familia batzuek liburu guzti-guztiak erosten dituzten bitartean, beste batzuk anai-arreba edo ezagunen liburuak aprobetxatzen saiatzen dira. Hala ere, orokorrean gastua 100 euro inguruko izan daitekeela azaldu du Brönteko dendariak.

Era berean, eskolan eskatutako liburuak erosteak sortzen duen gastuari erreparatzen diote familiek, liburuez gain, haurrek kurtsoa hasi ahal izateko bestelako material eta arropak behar izaten dituztelako. Ylenia Benitok azaldu bezala, garai honetako erosketak, batez ere, eskolan eskatutako liburuak lortzera bideraturik daude. Udako oporren hasieran edo behin kurtsoa hasita dagoenean, berriz, gurasoak bestelako irakurketa liburu edo material osagarrien bila dendara hurbiltzen direla azaldu du dendariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude