Denborak aurrera egin ahala, 2019-2020 zikloko Euskaraldiarekin loturiko xehetasun gehiago ezagutzen dira. Bigarren edizio honetan bi urteko zikloa izango du hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzeko xedea duen ekimenak. 2020ko udazkenean egingo den bigarren ariketa sozialak bi ardatz izango ditu: herritarren arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera hazteko neurriak bultzatzea. Bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4era egingo da.
Xehetasunak fintzen ari baldin badira ere, bigarren Euskaraldiak bi ardatz izango dituela aurreratu dute sustatzaileek: batetik, lehen edizioan protagonista izan diren ahobizi eta belarriprest rolen bitartez Euskal Herri osoko herritarrei beraien harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia egingo zaie; bestetik, bigarren edizioko berrikuntza modura, era guztietako entitateei beraien funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematea bultzatuko du Euskaraldiak. Erakunde publiko, enpresa, komertzio, elkarte eta gizarte eragileak izango dira bigarren ardatz honetan konpromiso zehatzak hartu eta gauzatuko dituzten entitateak. Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak azaldu duenez, “Euskaraldiaren bigarren edizioan herritarrek, norbanako parte hartzeaz gainera, ariketan talde moduan parte-hartzeko aukera izango dute ere”.
Herritarrei eta entitateei deia
Hizkuntza ohiturak eta inertziak aldatzea epe luzeko lana dela jakitun, berriro ere ahobizi edo belarriprest modura jokatzeko gonbite bateratua egingo zaie herritarrei. Jakina denez, Euskaraldiaren lehen edizioa ariketa masiboa izan da eta bigarrenean herritarrei euskararentzako harreman eta eremu berriak irabazten jarraitzeko deia egingo zaie.
Horretarako, ahobizi eta belarriprest rolek izango dute berriro protagonismoa eta ikurren bidez identifikatzea izango da ariketaren elementu garrantzitsuetako bat. Erabilitako ikurrek (txapak izan ziren ariketaren ikur nagusia) segida izango dute.
“Euskaraldiaren bigarren edizioan herritarrek, norbanako parte hartzeaz gainera, ariketan talde moduan parte-hartzeko aukera izango dute ere”
Jasone Mendizabal, Topaguneko zuzendaria
Entitateek, berriz, funtzio aktiboagoa izango dute Euskaraldiaren bigarren edizioan. Aurrekoan 200 entitatetik gora izan ziren ekimenaren sustatzaile (milaka, herrietako elkarte, erakunde eta eragileak kontuan hartuta). 2020an, aldiz, urrats bat aurrera egin eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera eta praktikak babesteko konpromiso zehatzak hartzeko eskaria egingo zaie parte hartzen duten entitateei. Urrats hauek eskatuko duten aurre-lana aintzat hartuta, 2019 urtean bertan hasiko dira entitateak neurriak hartzen eta herrietako batzordeak lanean. Bigarren edizio honetan Ariguneak izango dira Euskaraldiaren nobedade nagusia eta Manuel Moreno Topaguneko ordezkariak adierazi duenez, “Ariguneen helburu nagusia herritarrak erdigunean jartzea izango da”.
Herri-batzordeak
Lehen edizioa bukatuta, bigarrenari ekitea tokatzen da. 2019-2020 edizioa martxan jartzeko unea da eta, berriz ere, herri batzordeei dagokie lekukoa hartzea. Horretarako, irekita dago jada herri batzordeek izena emateko epea. Iaz Euskaraldian egon ziren herri batzordeek berretsi beharko dute partehartzea webgunean dagoen galdetegia beteta; eta iaz antolatzaile moduan izena eman ez zuten herriek izango dute aurten Euskaraldian egoteko aukera, noski. Biek ala biek izena eman beharko dute Euskaraldiko webgunean, herrien atalean.
“Ariguneen helburu nagusia herritarrak erdigunean jartzea izango da”
Manuel Moreno, Topaguneko ordezkaria
Baina, izena ematen hasi aurretik batzordeak partehartzea berretsi beharko du. Hau da, iaz parte hartu zuten batzordeak berriz bildu beharko dute (udaleko ordezkariak, herritarrak, herriko eragileak…) 2019-2020ko Euskaraldian parte hartu nahi duten edo ez erabakitzeko.
Lehen edizioko emaitzak
Euskaraldiaren lehen edizioak “nabarmen astindu zituen” bertan parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak ariketaren 11 egunetan eta, era berean, hiru hilabete beranduago aldaketa horiei “proportzio altuan eutsi egin” zitzaien. Horixe da Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz. Soziolinguistika Klusterrak Euskaraldiaren webgunean ariketaren lehen edizioko emaitzen txosten zabala argitaratu du. Azterlana burutzeko Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia lankidetzan aritu dira, Klusterrarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin batera.