Abenduaren 10ean Santiagotarrak Kirol Elkarteko kideek 2020 denboraldiaren aurkezpen ofiziala egin zuten. Amaia Kultur Zentroko besaulkiak bazkide berriek zein beteranoek jantzitako ekipazioaren kolore gorriarekin bete ziren. Ekitaldi horren bitartez, Santiagotarrak elkarteko kirolarien lorpenak errepasatzeaz gain, denboraldi berrirako helburuak ezarri ziren.
Antxon Arellano Santiagotarrak klubeko presidenteak egin zuen ekitaldiko agurra. Amaitu berri den denboraldiaren errepasoa eginez, “kirol emaitzei dagokionez, berriro ere urte bikaina egin dugula esatera ohitzen ari gara” adierazi zuen presidenteak. Izan ere, 2019 urtean zehar klubeko 3 sekzio ezberdinak munduko txapelketetan ordezkatu dituzten kirolariak izan dituzte eta. Zentzu horretan, Antxo Arellano klubeko presidenteak gaineratu du oso lorpen handiak direla Santiagotarrak bezalako elkarte “xume” batentzat. Gainera, 2020 denboraldirako neska-mutiko berri asko klubean entrenatzen hasi direla azaldu zuen Antxon Arellanok, bereziki, udako ikastaroak burutu ondoren edo anai-arrebak zein lagunak bertan dauzkatelako.
Ur-lasterrak
Mikel Estonba ur-bizien ataleko arduradunak azaldu du, 2019 urtearen errepasoa egiterakoan ezinbestekoa dela Seu d´Urgellen kirolariek lortutako emaitzak aipatzea. “Denborarekin Klara, Ander eta Joanek lortutako gehiago baloratuko dela uste dugu” adierazi du Mikel Estonbak. Izan ere, guztira 5 domina lortu ziren munduko txapelketan: urrezko 1, zilarrezko 3, brontzezko 1 eta 5. postu bat. Gainera, Ander Elosegik Olinpiadetarako pase zuzena eskuratu zuen eta, oraindik, beste bi plaza olinpiko lortzeko aukera zabalik gelditu zen. Nazioarteko txapelketetan izandako lorpenak errepasatzeaz gainera, ur-lasterren atala osatzen duten kirolari federatu gazte eta eskolarrek egindako lana goraipatu zuen Mikel Estonbak.
Pista
Sergio Arana arduradunak hitza hartu zuen 2019 urtean zehar pista saila osatu duten kirolarien lorpenak errepasatzeko. Sailaren antolaketa errepasatuz pistako saila 92 kirolariz osaturik dagoela azaldu du Aranak, horien artean 17 alebin, 25 infantil, 14 kadete, 10 junior, 26 sub23 kategorian eta beteranoren bat. Maila nazionaleko eta Europako txapelketetako lorpenak gogora ekartzeaz gainera, Nerea Garcia, Aitor Gorrotxategi, Intza Mendez eta Jon Morenok nazioarteko txapelketan parte hartzera iritsi zirela gogoratu du Sergio Arana arduradunak. Gainera, taldetako sailkapenean Santiagotarrak elkarteko pista sekzioa lehen postuen artean ibili direla gaineratu du saileko arduradunak.
Arrauna
Santiagotarrak klubeko arraun ataleko arduraduna Jokin Altuna da eta 2019 urtean zehar arrauneko modalitatean 92 kirolari federatu izan dituztela azaldu du, horiei esker Espainiako lehen 15 kluben artean sailkatzea lortu dutela gaineratuz. Hortaz gain, seigarren urtez lehen postua lortu dute senior kategoriako arraunlariek eta, kadeteek, berriz, hirugarrena. Gainera, Gipuzkoako txapelketako lehen postuaz gainera, Euskadiko txapelketan bigarren postua lortu zuten bi kategorien baturarekin. Espainiako txapelketan lortutako 4 dominak gogoratu ditu saileko arduradunak aurkezpenaren egunean. Nazioarteko txapelketak aipatzean Aitzpea Gonzalezen izena aipatzea ezinbestekoa dela azaldu du Jokin Altuna arduradunak, Sarasotako mundialean lehiatzea lortu baitzuen.
San Migueleko lanen garapena
Bestetik, 2019 urtean zehar San Migueleko eraikina berritzeko lanen lehen fasea amaitu dela azaldu du presidenteak. Horrela, eraikinaren estalkia, solairuak eta fatxada berriak amaituta daudela jakinarazi du.
Aurrerapen horiei esker, momentuz kirolariek eraikinaren lehen solairuan ontziak gorde ditzakete, nahiz eta Irungo udalaren lankidetzari esker kirolarientzako aldagela batzuk egokitzea falta den. Antxo Arellano presidenteak azaldu duenez, “hobekuntza lan hauen bitartez San Migueleko ur-lasterren pistan txapelketa gehiago antolatzeko aukera egongo da”.