Uda lanpetua izan du Julen Aginagaldek. Olinpiar Jokoez gain, Aginagale Campusean buru-belarri ibili baita lanean. Dena den, esfortzuak saria izan du, Tokiotik brontzezko domina olinpikoa besapean duela itzuli baita. Julen Aginagaldek pandemiak baldintzatutako Olinpiar Jokoetan parte hartzearen esperientzia nolakoa izan den kontatu du.
2021eko udaran ohi baino okupatuago egon zara?
Bai, egia esan, udara guztia kanpoan eman dut. Liga amaitu genuenean pare bat aste libre izan nituen, baina topera entrenatzen jarraitu nuen. Olinpiaden ostean etxera itzuli nintzen lehen astean apur bat nahastuta ibili nintzen. Ondoren eskubaloi campusean lanean ibili naiz eta pare bat astez deskantsatu ostean, berriro lanera itzuli naiz.
Jokalarientzat erraza da txipa egun batetik bestera aldatzea?
Gutxienez ohitura daukagu. Horrelako zerbait egin behar dugun lehenengo aldia balitz, desberdina izango litzateke. Jada hirugarren edizioa da, oso pozik gaude eta primeran pasatzen dugu.
Kostata domina etxera ekartzea lortu duzu. Esanahi berezia duen domina, ezta?
Bai, aspalditik buruan geneukan zerbait da. Domina eskuratzeko sailkapenetik kanpo geratu ginenetik talde honek helburu bakarra zeukala esango nuke, hau da, domina bat irabaztea. Beraz, dominak jende askoren ibilbidea borobiltzea lortu du. Sailkapena nola geratu den begiratu besterik ez dago: Frantzia, Danimarka eta Espainia. Izan ere, herrialde horiek gara azken urteetan garaipenengatik borrokan egon garenak. Dena den, guk gurea borrokatu dugu eta txapelketaren bat kentzea lortu dugu. Azken urteetako lanaren isla polita dela uste dut, podiumean sartzea lortu dugu.
Zergatik da bereziago olinpiar jokoen domina beste domina batzuekin alderatuta?
Kirolean dagoen lehiaketarik garrantzitsuena Olinpiar Jokoak dira. Olinpiar hirian minutu batez sartuz gero laster konturatuko zinateke han dagoen giroa nolakoa den, izan ere, bertan denak berdinak gara. Oso kirolari famatuek eta ezezagunak direnek elkarrekin jan eta lo egiten dute.
Londres eta Tokioko jokoekin alderatuta, oso desberdinak izan dira elkarrengandik?
Bai, oso. Orduan gazteagoak ginen eta orain zaharragoak izanda ere, uste dut askori momentu onean harrapatu gaituela. Orain arte Europan lortutako tituluek horixe erakutsi dute eta ametsa bete dugu azkenean.
Nolakoa izan da Olinpiar hirian beste kirolariekin izandako harremana?
Londresen askoz jende gehiago ikusteko aukera izan nuen. Hemen, aldiz, gure egunerokoan gehiago kontzentratuta ibili gara eta ez dugu hainbeste elkartzeko aukerarik izan. Gure delegaziokoekin izan dugu harreman gehien, hotelean elkarrekin geundelako. Eraikin berean bizita, leku batean edo bestean erraza da edozeinekin aurkitzea. Bakoitzak bere txapelketa egunak dauzka eta han gauden bitartean egun bakoitzean noren txanda den jakin ohi dugu. Gure gelan telebista txikitxo bat baino ez daukagu, hortaz, telebistako kanaletan gainontzeko kirolak lehiatzen ikusteko aukera dugu. Beraz, inguruan dauzkagun pertsonen txapelketak eta lorpenak gertutik jarraitzeko ahalegina egiten dugu. Dominak edo bestelako lorpenak daudenean segituan jakin ohi dugu eta ahal den moduan zoriontzen edo ospatzen saiatzen gara. Azken batean, giro polita sortzen da.
Olinpiadetan kirolarien irudiak ikusi dira, urrezkoak ez diren dominak mespretxatzen. Zein da zure iritzia?
Argi dago txapelketan edozein postura iristeak errespetua merezi duela. Sekulako errespetu falta iruditzen zait domina kentzearena. Mespretxuzko keinu bat da bai irabazlearekiko, bai txapelketa jolastu duenarekiko eta baita txapelketa jokatzeko sailkatzea lortu ez duenarekiko. Olinpiar Jokoak bezalako txapelketa batean oso garrantzitsua da bertan egon ahal izatea, parte hartzea, garaipena eskuratu nahi izatea eta disfrutatzea. Domina guztiak garrantzitsuak dira, urrezkoa, zilarrezkoa edo brontzekoa izatea kontuan hartu gabe.
Aurten Tokion Irungo hainbat kirolari eta entrenatzaile elkartu zarete. Nolakoa izan da esperientzia?
Bai, egun batean guztiok elkartzeko aukera izan genuen. Ander Elosegi arduratu zen Tokion irundar guztiak elkartzeaz. Oso une berezia izan zen.
Olinpiadak alde batera utzita, Artalekura itzuli zara. Nola ikusten duzu taldea denboraldi hasieran?
Oso ondo. Egia esan, polita da beti denboraldi hasieran aurpegi berriekin elkartzea. Espero dut jokalari berriak laster gure jokora egokitzea. Denboraldi zaila izango dela badakigu, partidu asko izango baitugu. Hala ere, ilusioz jokatzen jarraituko dugu eta horrek emaitza onak ekarriko dizkigula uste dut.
Aurpegi gazteez osatutako taldea izango da aurtengoa, beraz, Bidasoak etorkizuna ziurtatuta du?
Momentu polit baten erdian gaudela esango nuke. Covid-19arekin une latz asko bizi izan ditugu, bai kirolean zein ekonomikoki. Hortaz, klubean aurpegi gazteak izatea garrantzitsua iruditzen zait bai taldearentzat zein klubarentzat. Orain arte bezala jarraitzea espero dugu eta denboraldi berria emaitza onez beterik etorri dadila.