Musika Banda, Danborrada eta Anakako agintariak kargua estreinatzeko desiatzen daude
Alardea soldadu talde batez osatuta badago ere, taldea gidatzeaz arduratuko diren pertsonak ezinbestekoak dira. Gidari lan horiek urteen joanarekin erreleboa eskatzen dute, ez baitu erraza izan behar beti sorbalden gainean arduraren pisua eramatea. Aurtengoan Alarde Publikoaren lehen lerroan hiru aurpegi berri jarriko dira: Irati Amantegi Danbor Nagusia, Maddi Sanz Bandako Zuzendaria eta Junkal Arruabarrena Anaka konpainiako kapitaina.
Alardearen barnean erantzukizunezko kargu bat betetzera iritsi aurretik, hiruek ibilbide luzea egin dute alarde publikoaren barnean. Maddi Sanz da hiruen artean alarde publikoan gazteen sartu zena. 12 urterekin hasi zen Landetxan, auzoko konpainian, musikari senak bandara aldatzea eskatu aurretik. Saxofoiarekin tronboi artean ibili ostean, Landetxara itzuli zen kantinera izateko. Irati Amantegi ere hainbat konpainiatan ibilitakoa da. 13 eta 14 urte zituela hasi zen Ama Xantalenen desfilatzen, klasekide baten eredua jarraituz, lehengusuekin batera, nahiz eta etxekoek desfilatzeko txikiegia zela pentsatu. Ondoren, danborradara pasa zen eta hortxe hartuko du aurten ardura emango dion aginte makila. Junkal Arruabarrena, berriz, espaloitik hasi zen Alarde Publikoari babesa ematen, alabak koxkortu eta 2014an Anakan partxearekin hasi zen arte, eta aurten kapitain karguan estreinatuko da.
Aurretik desfilatu izanaren esperientzia lagun izango badute ere, bizipen berriak biziko dituzte hirurek 2022ko Alarde Publikoaren barnean. Izan ere, aurreko arduradunari erreleboa hartzeko beharrak bultzatu ditu hirurak agintari izateko pausua ematera. Horrelaxe azaldu du Junkal Arruabarrenak: “Aurreko kapitainak, Patxi Pérezek, urte asko zeramatzan kapitaina izaten, beraz, erreleboa eskatu zuen eta animatu nintzen izena ematera eta hemen nago, urduri, baina ilusioz beteta”. Maddi Sanzek gaineratu duenez, “2019an egin genuen kargu aldaketa eta bi urte eta gero estreinatuko dut”.
Urduritasuna tarteko, urte berezia izango da hiru emakumeentzat. Irati Amantegiren hitzetan, “zalantzarik gabe, aurtengo sanmartzialak bereziak izango dira”. Danbor Nagusi berriak azaldu duenez, azken bi urteetan festarik ez ospatzeaz gain, urte “zailak” izan dira guztiontzat orokorrean. Anakako kapitain berriak Danbor Nagusiak esandakoarekin bat egin du, adieraziz “berriro martxa hartzea ez da erraza izan, baina gogoa berpiztu da eta jendea oso ondo erantzuten ari da”.
Etxeko lanak eginak
Oraindik kargua guztiz estreinatu ez badute ere, lana aurreratua dute. Azken bi urteetan alarderik ospatu ez bada ere, alardeak dakartzan antolaketa lanetan parte hartu behar izan dute. Junkal Arruabarrenak onartu duenez, alardearen atzean uste baino lan gehiago dago. “Hala ere, sekulako lantalde onak dauzkagu dena ondo ateratzeko”, gehitu du Anakako kapitain berriak. Etenaldiak, ordea, zalantzak pizten dizkio Irati Amantegiri eta “gauzak nola aterako diren” ikusteko dagoela azaldu du. Izan ere, jendeak jaiak gogoz hartuko dituela dirudi, baina ikusi beharko da alardea aurrera ateratzea ohi baino gehiago kostatuko den edo ez.
Aginte kargua betetzeak erantzukizunen eta arduren zerrenda luzea dakar atzetik. Jaiegun batean aginteaz arduratu behar izatea nolakoa izango den galduta Maddi Sanzek adierazi du berarentzat lehenengo urtea izango denez, galdera uztailaren 1ean egin beharko litzatekeela erantzun zehatza eman ahal izateko. Dena den argi ikusten du aurreko urteekin alderatuta oso desberdina izango dela, soldadu edo musikari arrunta zarenean “lasaiago” ibiltzen zarelako. “Aurten txukunago egotea tokatuko zaigu eta, era berean, ez dut uste gutxiago disfrutatuko dugunik”, gaineratu du Bandako zuzendari berriak. Galdera berari erantzunez, Anakako kapitainak azaldu du ardura berriak urduritu egiten duela, baina, era berean, oso pozik beteko duela eginkizuna.
Gozamena helburu
Alardea eta, oro har, Irungo festak disfrutatzeko moduak pertsonak bezain askotarikoak dira. Irundar bakoitzak bere une edo toki kuttunak ditu, nahiz eta momentu bakarra aukeratzea ezinezkoa egiten den. Irati Amantegik kontatu duenez, Danborrada eta Bandako kideentzat Fajinaren momentua edo ekainaren 29ko entsegu partekatua oso politak dira. “San Pedro Egunean arma ikuskatze guztiak egin ondoren alardeko konpainia guztiak Urdanibia plazan elkartzen gara eta, gainera, San Martzial egunaren aurreko azken uneak direnez oso bereziak dira”, adierazi du Amantegik.
Maddi Sanzen arabera, aldiz, oroitzapen politak alardearen barnean bizitako esperientzien adinakoak dira. “Urte bakoitza gogoratzerakoan oroitzapen ezberdin bat bururatzen zait”, azaldu du aurten estreinatuko den bandako zuzendariak. Dena den, pare bat momentu aipatzearren Sanzek adierazi du, “Bandarekin batera egindako eliza jaitsierak ikaragarri politak dira, musikaren parte zara eta egia da niri arratsaldeko bukaera ere izugarri gustatzen zaidala”.
Junkal Arruabarrenarentzat xarma berezia du gurasoen etxetik pasatzen diren unean. Era berean, Anakako kapitainarentzat Arrankadaren momentua ere oso berezia da. Anakako kapitainaren hitzetan, “han ikusten dut osatu dugun Alardea, gizonak eta emakumeak elkarrekin disfrutatzen eta parekotasuna aldarrikatzen, a ze poztasuna”.
2022rako eskaria
2022ko Irungo San Pedro eta San Martzial jaietako hiruen eskariak oso antzekoak dira. Irati Amantegik azaldu duenez, aurtengo festetarako bere helburua “batez ere, ondo pasatzea, gozatzea eta gozaraztea da”. Maddi Sanzek, berriz, disfrutatzeaz eta uztaileko lehenengo egunean aurpegiaren alde batetik besterako irribarre batetik jaikitzeaz gain, eguraldi ona eskatzen du festa egunetarako. Junkal Arruabarrenak, aldiz, jaiegunetan zehar ondo pasatzea merezita dutela azaldu du.
Eskariak eginda, jaien amaierak erakutsiko du Alarde publikoko hiru agintari berrien nahiak bete ote diren.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.