2022an zehar 284 jarduera egin ziren Ficoban

2022an Ficoban jarduerak guztiz berreskuratu dira, pandemiaren ondoren. Parametro guztiak igo dira. 2022an zehar, 284 jarduera egin dira, eta igoera % 19koa izan da, aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Bisitariak 142.188 izan dira, hau da, 2021ean baino %69 gehiago. Jarduera horren guztiaren ondorioz, erakustazoka 329 egunetan erabili da, aurreko urteko 272 egunen aldean. Horrek, jakina, eskualdean izandako eraginean ere islatu da: 32 milioi euro, 2021eko ekitaldiko 23,5 milioien aldean.

Jardueren tipologiari dagokionez, 14 azoka antolatu dira, 2021ean baino lau gehiago. Aurreko ekitaldian, Ficobako egutegiko ohiko hitzorduak izan genituen, hala nola Bioterra azoka ekologikoa, Be Veggie jaialdi beganoa, Krea ekintzailetza azoka, Caravantur, Ficoauto, Los muñecos de la tarta ezkontzetarako azoka edo Katuen erakusketa. Gainera, kalamuari buruzko Expogrow azoka itzuli da eta aurreneko aldiz antolatu da Ababor, itsasoari buruzko Euskadiko lehen azoka.

Gainera, bi urtean behin egiten diren bi hitzordu garrantzitsu ere izan genituen: Go Mobility by MUBIL mugikortasun jasangarriari buruzko azoka profesionalaren hirugarren edizioa eta klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko Uhinak mugaz gaindiko kongresua. Ingurumenaren eta jasangarritasunaren inguruko bi ekitaldi horiei Ihobek sustatutako Basque Circular Summit gaineratu behar zaie. Ficoban antolatu da, halaber, Ipardis azoka pribatua; Ipardis eta Basco banatzaile pribatuek antolatzen dute ostalaritzako profesionalei zuzenduta, eta bigarren edizioa izan da iazkoa.

Gainera, 2022an Ficoba azoka eta ekitaldi ibiltarien estatuko zirkuituko kide oso bilakatu da. Exfilna, estatu osoko filatelia-erakusketarik garrantzitsuena, Ficoban antolatu da, baita AD’IP azoka ere, Eraikuntza Lehorreko Sistemen, Sabai Aizunen, Isolamenduen eta Estalduren Instalatzaileen Espainiako Elkarteak sustatuta.

Ficoban kontsultak jaso dituzte dagoeneko, ekitaldi honetan topaketa profesionalak antolatzeko interesa duten estatuko beste elkarte batzuen partetik.

Azokez gain, Ficobako jardueraren igoerarik handiena ekitaldien alorrean gertatu da, hirukoiztu baitira, 2021ean eginiko 17etatik 2022ko 56etara pasatu baikara. Atal horretan sailkatzen dira jarduera sozial eta herrikoi guztiak, hala nola ikuskizunak, kontzertuak, sari-banaketak, herri-bazkariak, dantzaldiak, etab.

Puntu honetan, aipatzekoak dira Ficobak antolatutako kultur ekitaldiak. Horien artean, nabarmentzeko modukoak dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerdia edota Irun Zuzenean jaialdiko kontzertuak.
Bestalde, bilerak egonkor mantendu dira: 214 egin dira, eta 2021ean 212 izan ziren. Arlo honetan, aipagarriak dira LEPak (lan-eskaintza publikoak), HABEren azterketak edota jada tradizional bilakatu diren aisialdiko ontziak gidatzeko baimenen azterketak.

2022an jardueran izandako gorakada horren eraginez, Ficobak serie historikoko fakturaziorik altuena erdietsi du: 2,35 milioi, 2021eko 1,4 milioien aldean.
Beste azoka profesional bat (UNIRE) eta berritasun gehiago
Ficobak azoka profesionalak sustatzeko negozio-aukera berrien bila jarraitzen du. Asmo horren ondorioz, UNIRE azokaren lehen edizioa antolatu dugu martxoaren 8an eta 9an. Soldaduran eta lotura-teknologietan espezializatutako estatuko lehen azoka izango da, eta harrera paregabea izan du industriaren sektorean. Horrela, 60 erakundek baino gehiagok jarriko dute erakusmahaia, sektoreko balio-kate guztiaren erakusgarri.

Azokarekin batera, CESOL Soldaduraren eta Lotura Teknologien Espainiako Elkartearen XXIII. jardunaldiak egingo dira, martxoaren 7tik 9ra. Ekitaldi hori ibiltaria da, eta aurten Ficobara etorriko da. Horrela, gure erakustazoka soldaduraren eta lotura-teknologien estatuko ardatza izango da martxoan.

Ficobak antolatutako azokekin lotutako ekitaldiak erakartzeko gaitasunaren erakusgarri da Ababor, Euskadiko azoka nautikoa. Aurten egin dute bigarren edizioa. ANEN Itsas Enpresen Elkarte Nazionala Ababorrekin elkarlanean ibiltzen da, eta X. Kongresu Nautikoa Donostian antolatu dute martxoaren 9an eta 10ean. Horrela, sektore horren Espainiako epizentroa izango da Gipuzkoa.

Ficobako azoken egutegiko beste albiste on bat da Eusko Skills Lanbide Heziketaren txapelketaren itzulera eta Bioterraren hogeigarren edizioa. Ficobako azokarik zaharrena da, eta ekainaren 2tik 4ra antolatu dute.

Ekitaldi nabarmenen egutegia (gaur berretsita daudenak bakarrik):
 Otsailak 24. VI. Caravantur, karabanei, kanperrei eta furgonetei buruzko azoka.
 Otsailak 27- martxoak 2. Memoria demokratikoari buruzko estatu kongresua.
 Martxoak 2. Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdia.
 Martxoak 7-9. CESOL Soldaduraren eta Lotura Teknologien Espainiako Elkartearen Kongresua.
 Martxoak 8 eta 9. UNIRE, soldaduraren eta lotura-teknologien azoka.
 Martxoak 16. Azterketa nautikoak.
 Martxoa. Irun Ekintzan sariak.
 Martxoak 24-26. II. Ababor azoka nautikoa.
 Martxoak 30. Krea, ekintzailetza, Berrikuntza eta Sormena .
 Apirilak 1. XVI. Nazioarteko Katu Erakusketa.
 Apirilak 22. Gure Esku Dago nazioarteko konferentzia.
 Apirilak 30. Nazioarteko Txakur Erakusketa.
 Maiatzak 4. HABEren azterketak.
 Maiatza. Eusko Skills 2023.
 Maiatzak 28. Alardealdia.
 Ekainak 2-4. XX. Bioterra, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka.
 Irailak 29-30. Irun Zuzenean jaialdia.
 Urriak 6-7. HABEren azterketak.
 Urriak 14-15. Ezkonberrientzako azoka, Los muñecos de la tarta.
 Azaroak 9. Azterketa nautikoak.
 Azaroak 17-19. Ficoauto, aukerako ibilgailuaren azoka.
 Abendua. IV. Be Veggie jaialdi beganoa.

Dagoeneko egin diren ekitaldi nabarmenak
 Urtarrilak 30. Basquisite, Exquisite Foods & Beverages azoka profesionala.
 Otsailak 11. Eusko Jaurlaritzaren IVAPeko oposizio-lehiaketa
 Otsailak 14. Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdia.

Egutegi honetan ekitaldi nagusiak jaso ditugu, nagusiki erakustazokaren pabilioietan egiten direnak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude