2022ko Sanmartzialek Ugarte Jáuregui familiaren oroitzapenak biziberrituko dituzte

Argazkia: Estudio Gover

2022ko San Pedro eta San Martzial jaiak beti gogoratuko dituzte Ugarte Jáuregui familian. Ixaro Ugarte Jáuregui izango da 2022ko Alarde Tradizionaleko Olaberriako kantinera. 2014an Amets, Ixaroren ahizpa nagusia, konpainia bereko kantinera izan zen eta aurten familia guztiarekin batera etxean kantinera bat izatea nolakoa den biziko dute bigarren aldiz.

Osasun larrialdiak bi urtez behartutako etenaldiaren ostean, argi zegoen 2022ko festek kutsu berezia izango zutela. Ugarte Jáuregui familiarentzat aurtengo jaiek suposatuko duten guztia erabat aldatu zen maiatzaren 13an, Olaberriako konpainiak aurtengo kantinera aukeratu zuen egunean. Etxean urduritasunez beteriko eguna izan zela azaldu du Ixaro Ugartek. 2020ean kantinera izateko aurkeztea erabaki zuen, baina pandemiak ez zion horretarako aukerarik eman. Aurten Alarde Tradizionalaren antolaketa aurrera zihoala ikusita, hainbeste denboran itxarotako pausua ematea erabaki zuen. “Egunero bezala goizean lanera joan nintzen eta arratsaldean amarekin, ahizparekin eta ilobarekin paseotxo bat eman nuen”, azaldu du 2022ko Olaberria konpainiako kantinerak. Etxera iristerakoan eta aita aukeraketara joateko prestatzen hasi zenean, ordea, urduri jartzen hasi zen. Familiako kideez inguratua egon bazen ere, etxeko txirrina jo arteko itxaronaldia luze egin zitzaion Ixarori. “Atea ireki eta konpainiako kide guztiak ikusi nituen. Urduritasunak ez zidan ezer entzuten utzi eta ulertu ez nuen galde bati baietz erantzun nion eskakizuna zein izan zitekeen imajinatuta”, onartu du Olaberriako kantinerak barre artean.

“Aukeraketa ostiralean izan zen eta igande goizeko 9:00etan botak eta trajea probatzen ari nintzen”
Ixaro Ugarte, 2022ko Olaberriako kantiera

Baiezko horrek 2022ko Irungo jaien esanahia aldatu zuen. Ordutik, Ixaro, bere ama eta Amets ahizpa kantinera izateko prestaketa lanetan buru-belarri sartuta ibili dira. Aukeratua izan eta hurrengo egunean prestaketa lan guztiekin hasi zela azaldu du Ixaro Ugartek. “Aukeraketa ostiralean izan zen eta igande goizeko 9:00etan botak eta trajea probatzen ari nintzen”, azaldu du kantinerak.

Ahizpa eta amaren laguntza ezinbestekoak izaten ari dira egiteko guztiak lehenbailehen gainetik kentzeko. Gainera, Amets 2014an konpainia bereko kantinera izan zenez eginbeharrak soberan ezagunak dira haientzat. Amets Ugarte, kantinaren ahizpa, haurdun dago eta bere bigarren umea jaiotzeko aste edo egun gutxi batzuk falta direnez, Ixaroren alboan ahal bezainbeste gauza egiten saiatzen ari da. “Erditzeko zorian nagoenez, egunean bizi naiz, egunero ahizparekin ahal dudan momentu txiki guztiak disfrutatuz”, adierazi du aurretik Olaberriako kantinera izandakoak. Haurra noiz jaioko den aurreikustea ezinezkoa denez, elkarrekin bizitako une txiki guztiak etorkizunerako oroitzapen politak izango dira. Amets Ugartek adierazi duenez, “egun guztiak berarekin disfrutatzeko aukera badut primerakoa izango da, bestela nik nire disfrutatzeko aukera izan nuen eta berak berea disfrutatu beharko du nire partez”.

Prestaketen artean ahizparen aholkuak entzuten ditu Ixarok. Dena den, Amets Ugartek azaldu duenez ahizpari eman dizkion aholkuak ia beti errepikatzen direnak dira. “Bere urtea denez esperientzia hau ahal bezainbeste disfrutatu dezala ahokatu diot”, gehitu du Ametsek. Disfrutatzeaz gain, jaietako egun handiak iristerakoan lasai egoten saiatzea eskatu dio Ametsek, “urduritasunak ez du merezi, gozatzeko egunak dira eta ez gaizki pasatzeko egunak”. Gainera, gorputzak eskatzen diona egitea gomendatu dio, “guztia oso azkar pasatzen dela” esanez.

Festetako une bereziak
San Pedro eta San Martzial jaien barruan asko dira momentu berezi edo aipagarriak. Konpainiarekin egindako entseguak izaten dira jaien barruan kantinerek bizi ohi dituzten lehen une bereziak. Aurretik, ordea, Ixarok beste konpromiso berezi batzuk dauzkala azaldu du. “Olaberriak ekainaren 17an egingo du lehen entsegua geldian eta kooperatiban martxa guztiak jo ostean, itzuli labur bat egin ohi dutenez, konpainian sartu eta pausua hartzeko aukera izate espero dut”. Entsegu egun ofizialen aurretik ere, ekainaren 19an Olaberriako konpainiak haurrentzako pintura lehiaketa antolatuko du. “Lehiaketako sariak banatu ostean, haurrekin desfile txiki bat egiten da eta imajinatzen dut neska-mutilentzako une berezia izango dela”.

Bi lehen ekintza horiekin kantinera rolean sartu ostean, ekainaren 21, 22 eta 24an egingo ditu bere entseguak Ixarok Olaberriako konpainiaren erritmoan. 2022ko Olaberriako kantinerak uste du lehen bi entseguak ekainaren 24an egingo den entsegu orokorrarekin alderatuta oso desberdinak izango direla, auzoan bakarrik egiten diren entseguetan giroa oso desberdina baita. “Beste urteetan entsegu egunetan etxean afaltzea eta konpainia entzuterakoan kalera jaistea gogoratzen dut”, adierazi du Ixarok. Hala ere, Ixaro Ugartek adierazi duenez entsegu orokorraren eguna iristeko gogoa du, “gainerako egunetan kantinera bakoitza bere auzotik ibiltzen baita eta uste dut oso berezia izango dela egun horretan denak elkartu ahal izatea”.

Luze oroitzeko egunak
Lehen entseguen ostean, Ixarok onartu du jaiegun handiak bizitzeko irrikitan dagoela. Ahizparen urtea gogora ekarrita, ekainaren 29ko arma ikuskatzearen unea aipatu dute bi ahizpek. Amets Ugarte Olaberriako kantinera izan zen urtean lehengusuak aitona eraman zuen sorpresaz armen ikuskatzea ikustera. Ixaro Ugartek urtero ikusi du Olaberriako armen ikuskatzea, baina ahizparen urtea oso berezia izan zela gogoratzen du. “Aitona garai hartan ez zen etxetik asko ateratzen eta Ametsek espero gabe bertan ikusi zuen unea oso hunkigarria izan zen guztientzat”, kontatu du Ixarok. Ametsek azaldu duenez, “aurten polita bezain gogorra izango da aitona ez dugulako gurekin izango, beraz emozio askoko unea izango da”.

2022ko ekainaren 30a Ixaro Ugartek luzaroan gogoratuko duen eguna izango da. San Martzial egunak momentu berezi asko ditu. Olaberriako kantinerak azaldu du Estebeneatik goizeko 6:00etan ateratzea oso polita iruditzen zaiola. Alardeak goizean egiten duen ibilbideak une kuttunik ez duen arren, familia eta lagunak ikusteko momentua bizitzeko gogo handia du. Urtero moduan mendira igoko da Ixaro Ugarte 2022an, baina oraingoan botoa berritzeko ekitaldia lehen lerrotik biziko du. Arratsaldea aipatuta, Kale Nagusia da Ixaroren ahotik irteten den lehen hitza. “Zerbait tipikoa dela dirudi, baina ekainaren 30eko arratsaldean kale nagusian gertatzen dena ez dago deskribatzeko modurik, giroan nabaritzen diren sentimendu eta emozioengatik”, azaldu du Ixarok.

“Esan nahiko nioke dena disfruta dezala, azkenean gelditzen zaizkizun gauza bakarrak oroitzapenak direlako”
Amets Ugarte, 2014ko Olaberriako kantinera

Egun handi horietan pentsatuz Ametsek mezu hau bidali dio ahizpari, izan duen aukera hau aprobetxatu dezan: “Esan nahiko nioke dena disfruta dezala, azkenean gelditzen zaizkizun gauza bakarrak oroitzapenak direlako”. Ametsen aholkuak jarraituz, ekaineko une txiki guztiak gozatzea izango da Ixaroren helburu nagusia aurtengo festetarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude