2023-2024 ikasturteko Ahalduntze Eskolako ikastaroak gaur aurkeztu dira Emakumeen Etxean

Cristina Laborda Irungo Udaleko Berdintasuneko ordezkariak 2023-2024 ikasturterako Ahalduntze Eskolak duen ikastaro- eta tailer-eskaintza aurkeztu du gaur goizean Emakumeen Etxean egindako prentsaurrekoan. Hirian finkatuta dagoen ekimen bat da, eta helburua da emakumeen autonomia eta konfiantza hobetzea eta sustatzea. Aurtengo nobedadea, programa indartu bat izateaz gain, kokalekua da, jarduera guztien egoitza Emakumeen Etxea izango baita, Istillaga plazako 8. zenbakian.

Cristina Laborda Berdintasuneko ordezkariak adierazi duenez, “Emakumeen Etxe berria ahalduntzea aldarrikatzen dugun emakume guztion hausnarketarako eta ikaskuntzarako biltzeko eta batzeko gune bihur dadin lan egiten dugu Irungo Udaleko Berdintasun-zerbitzuan. Lehenik eta behin, ekimen honen bidez, ikastaro- eta tailer-eskaintza osatu eta erakargarri bat jartzen dugu Irungo emakumeen eskura, haien ongizatea bultzatzeko eta sendotzeko. Baina ez hori bakarrik, zeren dagoeneko honako urrats hauetan lanean ari baikara: goizez eta arratsaldez irekitzea, Emakumeen Etxea elkartearekin hitzarmena sinatzeko aurrerapausoak ematea, Irungo emakumeen beharrei erantzuteko eta gizarte bidezkoago eta berdintasunezkoago baterantz aurrera egiteko lokal horretan urte osoan izango ditugun zerbitzuak eta jarduerak martxan jartzea”.

Ikastaro-eskaintza

Antzerki-tailer batetik hasi eta kantu- edo autoezagutza-ikastaro bateraino, aurtengo urritik 2024ko otsailera arte, Irungo emakumeek instalazio horietan egingo diren jarduera-programa zabal eta erakargarri batez gozatu ahal izango dute Emakumeen Etxeko lehen zatiaren esparruan (urria-otsaila). 2024ko lehen hilabeteetan beste ikastaro batzuk ere argitaratzea aurreikusten da. Aurreko denboraldiko (22-23) balantze gisa, 181 emakumek hartu zuten parte 8 ikastarotan.

Ahalduntze Eskolako 23-24 ikasturteko edozein ikastarotan parte hartu nahi duten emakumeek irailaren 4tik 18ra eman dezakete izena udalaren web orriaren bidez. Tokia mugatua da, eta izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira. Ondoren, egutegia banakatuko dugu ikastaroen eskaintza osoa azalduz.

 

Artea eta errebeldia: Antzerki-tailerra

Data: urriaren 5etik azaroaren 30era. Ostegunetan.

Ordutegia: 18:00-20:00

Iraupena: 8 saio

Laburpena: Antzerkiko teknika eta baliabide pedagogikoen bidez (gorputza, ekintza edo emozioa), ikastaro horretan parte hartzen duten emakumeek komunitatean moldatzen, iritziak ematen eta hobekuntzak proposatzen ikasiko dute. Nabarmendu behar da ikastaro hau Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak proposatuta sortu dela.

 

Autoezagutzarako astrologia

 

Data: urriaren 2tik azaroaren 11ra. Astelehenetan.

Ordutegia: 18:00-20:00

Iraupena: 11 saio

Laburpena: Astrologia zientzia bat da astroen kokapena eta mugimenduak eta horiek munduko pertsonengan eta gertaeretan duten eragina aztertzen dituena, eta ikastaro horretan parte hartzen duten emakumeek beren karta astrala ulertzen ikasiko dute, nork bere buruaren ezagutzan sakonduz.

 

Emakumeen artean kantua berreskuratzen

Data: urriaren 6tik azaroaren 22ra.Ostiraletan.

Ordutegia: 18:00-20:00

Iraupena: 10 saio

Laburpena: Ikastaro horretan parte hartzen duten emakumeek beren emozioak adierazi, lan-taldeak indartu, oinarrizko eskubideak aldarrikatu, istorioak kontatu ahalko dituzte kantuaren eta musikaren bidez.

 

Gorputz paisaia

Data: urriaren 18ik azaroaren 20ra. Asteazkenetan.

Ordutegia: 18:00-20:00

Iraupena: 8 saio

Laburpena: Tailer horretan parte hartzen duten emakume guztiek beren gorputzarekiko harremana hobetu eta indartu ahal izango dute, hainbat dinamiken bidez (dantza, antzerkia, performancea), aniztasuna esploratu eta beste gorputz mota batzuetan bizitzeko.

 

Nire zentroan errotzea: Autozainketa eta Ahalduntzea

Data: urriaren 3tik azaroaren 12ra. Asteartetan.

Ordutegia: 16:00-18:00

Iraupena: 10 saio

Laburpena: Tailer horretan parte hartzen duten emakumeek beren ahalduntzea bultzatu ahal izango dute, mindfulness, talde-dantza eta mugimendu jariakorra bezalako tekniken bidez.

 

Emakumeen osasuna hobetzeko jarraibideak: nola saihestu hormona-alteradoreak

Data: urriaren 5etik azaroaren 30era. Ostegunetan.

Ordutegia: 16:00-18:00

Iraupena: 8 saio

Laburpena: Ikastaro horretan izena ematen duten emakumeek beren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetu ahalko dute, bizimodu osasungarria izateko hainbat ohitura ikasiz. Kasu honetan, nutrizioa izango da ardatza.

 

Perineoa eta mugimendua

Data: urriaren 23ik azaroaren 12ra. Asteartetan.

Ordutegia: 18:00-19:30

Iraupena: 10 saio

Laburpena: Tailer horretan izena ematen duten emakumeek hobetu egingo dute beren ongizatea eta bizi-kalitatea, pelbis-zoruko muskulatura indartzeko teknikak ikasiz. Maskuria, umetokia eta ondestea jarrera egokian edukitzeaz arduratzen den muskulu- eta lotailu-sistema den aldetik.

 

Gainera, Cristina Laborda Berdintasuneko ordezkariak jakinarazi du ezen, aldi berean eta aurreko urteetan bezala, Berdintasun arloak komunikazio positiboari eta autoestimuari buruzko ohiko tailerra jarri duela abian; izenburua: “Lana, bikotea, seme-alabak, gurasoak… Eta ni, noiz? Tailer horretan izena ematen duten emakumeek beren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetu ahal izango dute, komunikazio positiborako laguntzen duten teknika batzuk ikasiz.  Nabarmendu behar da tailer horrek oso harrera ona izan duela azken urte hauetan parte hartu duten emakumeen artean.

Tailerra doakoa da, eta 18 urtetik gorako emakume guztientzat izango da. Lehentasuna izango dute Irunen erroldatuta dauden emakumeek. Urriaren 4an hasiko da tailerra, eta asteazkenetan izango da, bi txandatan: goizez, 10:00etatik 12:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara. Horretan interesa duten emakumeek irailaren 4tik 18ra eman dezakete izena, udalaren webgunearen bidez.

Hurrengo urratsak

Cristina Labordak jakinarazi du, era berean, irailaren 1etik aurrera Emakumeen Etxea astelehenetik ostiralera irekita egongo dela, goizez eta arratsaldez. Ordutegi hau izango du: 09:30etik 12:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Hurrengo urratsak hauek dira: Irungo Emakumeen Etxea elkartearekin hitzarmena sinatzeko aurrerapausoak ematea eta udal-instalazio horrek urte osoan hartuko dituen zerbitzuak eta jarduerak abian jartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude