2023-27 aldian hiri-mugikortasun jasangarriko planean aurrerapausoak eman ditu Udalak

Irungo Udalak urratsak ematen jarraitzen du hiria eremu atseginagoa eta jasangarriagoa izan dadin. Hirigintza eta Mugikortasun Jasangarriko arloak gaur goizean emandako prentsaurrekoan azaldu ditu 2023-27 aldirako hiri-mugikortasun jasangarriko planaren (HMJP) arloan egin diren aurrerapausoak.

HMJPri 2023ko abenduaren 11n eman zitzaion hasierako onespena, eta ondoren proiektua jendaurrean jarri zen, jendearen parte-hartzea sustatzeko. Hasieratik asmo hori zuen Irungo Udalak, kontuan izanik hirian etorkizunean eragin handia izango duen plana dela, herritar guztiek beren ekarpenak egiteko aukera izan zezaten.

HMJP berriak askotariko proposamenak eta neurriak biltzen ditu, baina betiere helburu berarekin: herritarren ongizatea bermatzea ingurumenaren aldetik jasangarria den udalerri batean, udal-politikak horretara bideratutako proiektuetan ardaztuta, hala nola etorkizunean abian jarriko den isuri gutxiko eremua edo bidegorri sarea zabaltzeko egitasmoa.

Proiektu horietako bakoitza, gainera, neurri zehatzetan hezurmamitzen da, hala nola aipatutako isuri gutxiko eremua definitzea, hiriko bideak oinezkoen eta txirrindularien alde hobetzea, garraio publikoa, TAO eta aparkaleku publikoak zuzen kudeatzea edota hiriko kaleetako zarata eta kutsadura murriztea.

Miguel Ángel Páez lehen alkateorde eta Hirigintzako ordezkariaren hitzetan, «hiriko mugikortasuna eta, nola ez, mugikortasun jasangarria Udal honen banderetako bat da. Beti egin dugu oinezkoen ongizatearen alde. Horren erakusgarri, hiri aitzindaria izan ginen abiadura 30 km/h-ra murrizten edota % 100 elektrikoak eta jasangarriak diren autobusak erosten».

«Udal honek oso serio hartzen du Mugikortasuna aspaldidanik, eta Udalaren politiketan askotan eta askotan eragina duen faktore bat da, gainera. Lan horren emaitzak ez dira goizetik gauera ikusten, baina etxeko lanak garaiz egin ditugu, eta garrantzitsuena da urrats irmoak egin ditugula. Horrek zuzeneko eragina izango du hiriaren hobekuntzan, eta bidean Irun jasangarriagoa izango da. Horren adibide dira San Juan ingurua oinezkoentzako gune bihurtzea, norako bakoitzeko errei bat kentzea Letxunborro hiribidean edo Igandero ekimena, beste askoren artean», nabarmendu du Borja Olazabal Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak.

Planaren behin betiko onespenaren bidean, hasieran onetsitako planari aurkeztu zaizkion erreklamazioak eta alegazioak jaso ditu Udalak.

2023-27ko HMJPren kronologia

Alkateak 2021eko martxoan emandako ebazpen baten bidez, Deloitte Consulting SLU enpresari esleitu zitzaion mugikortasun jasangarriko planaren eguneraketa, eta aurrerago, 2021eko uztailean, mugikortasun jasangarriko planaren tramitazioa hasi zen, eta herritarrek parte hartzeko programa onartu.

Gainera, Jasangarritasun Energetikorako Partaidetza Batzordean zenbait ekarpen eta proposamen jaso ziren, Irungo zenbait elkartek eta alderdi politikok aurkeztuak.

Ondoren, Udaleko zerbitzu teknikoek aldaketa batzuk egin zizkioten proiektuari, jasotako proposamen horietako batzuk txertatzeko. Jarraian, 2023-27 aldirako Irungo hiri-mugikortasun jasangarriko planari hasierako onespena eman zion organo eskudunak 2023ko abenduaren 11n.

Jendaurreko esposizioa eta herritarren parte-hartzea

Plana jendaurrean egon da 2024ko martxoaren 1era arte Palmera Montero gunean. Horrez gain, esfortzu gehigarri bat egin zen herritarren HMJP osatzen parte har zezaten. Horretarako, zenbait prentsaurreko antolatu ziren komunikabideetan haren berri emateko, eta hiru bisita gidatu egin ziren (bana auzo-elkarteentzat eta merkatarientzat eta beste bat herritar guztiei irekia).

Horrez gain, dokumentu osoa kontsultatzeko aukera izan du nahi duen orok Udalaren webgunean.

Jasotako erreklamazioak, iradokizunak eta alegazioak

Proiektua jendaurrean egon den aldian, erreklamazioak, iradokizunak eta alegazioak aurkeztu dizkiote hasieran onetsitako HMJPri zenbait elkartek, enpresak, talde politikok eta norbanakok, eta behar bezala jaso dira:

  • Talde politikoak: EH Bildu, Alderdi Popularra eta Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza.
  • Auzo-elkarteak: Irungo Hiritar Foroa, Erdialdeko auzo-elkartea, Alde Zaharra-San Juan auzo-elkartea, Arbeseko auzo-elkartea, San Migeleko auzo-elkartea, Landetxa auzo-elkartea eta Artiako Lagunak auzo-elkartea.
  • Merkatarien elkarteak: Mugan eta Bidashop.
  • Elkarte ekologistak: Eguzkizaleak eta Irungo Ekologistak Martxan.
  • Balazta, bizikletaren erabilera sustatzeko Bidasoaldeko elkartea.
  • Mercadona SA.

Horrez gain, Palmera Montero guneko erakusketako postontzian sei idatzi jaso dira, erakusketan bertan eskuragarri zeuden inkesta erantzunda.

Bestalde, goian aupatutako eskaerez gain, kontuan izan dira, halaber, berriki Udalean formalki erregistratu diren auzoetako planetan jasotako iradokizunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude