2024a eraldaketaren urtea izango da Irunen

2024 urte estrategikoa izango da Irunen etorkizunarentzat. Cristina Labordak gaur udaletxeko areto nagusian hasi berri den urtean hiriak jarraituko duen ibilbide-orriaren errepasoa egin du. Irungo alkateak aurreratu duenez 5 izango dira 2024an zehar hirian burutuko diren proiektuak gidatu dituzten ardatzak.

Cristina Labordaren hitzetan, “Irun une berezia bizitzen ari da, berebiziko garrantzia duten proiektu estrategikoekin, hazteko eta garatzeko aukera emango baitute”. Horrela, alkateak aipatu du Vía Irun proiektua Irun Gipuzkoako gainontzeko hirietatik bereziteko proiektu garrantzitsua izango dela. “Gainera, abenduan, 100 milioi euro inguruko aurrekontuak onetsi genituen, ekintza horiek guztiak egiteko” erantsi du Labordak. .

Zehazki, alkateak hurrengo hilabeteetako proiektu garrantzitsuenak biltzen dituzten 5 ardatzak azaldu ditu: Irun, eraldatzen ari den hiria, hiri jasangarria, pertsonen hiria,  ekitaldien hiria, eta bizitzeko, lan egiteko eta (ber)ezagutzeko hiria.

Irun, eraldatzen ari den hiria

Hiriaren antolamenduan urte asko eman ondoren, 2024 honetan, azkenean, hiria bizitzen ari den azken mendeko eraldaketa handienaren lehen emaitzak ikusiko dira. Hiri-iraultza hori proiektu zehatzetan gauzatzen da, hala nola Via Irun nazioarteko geltokiarekin eta Pio XIIarekin lotzeko pasabide berriarekin. Gainera, Aduana Zaharreko eraikina berreskuratzeko lehen faseko lanak hasiko dira. Halaber, behin betiko onetsiko da Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa trenaren eremuan.

Abiadura handiko trenaren obrak Katea auzoaren eraldaketaren hasiera izango dira. 2024 honetan, biaduktua eraisteko eta Andrearriaga paretik igaroko den oinezkoentzako eta bizikletarientzako zubia eraikitzeko proiektua idatziko da.

San Miguel-Anaka eremua ere eraldatzen hasiko da aurten Donostia kalearen urbanizazioarekin, eta Korrokoitz, Papinea eta Dunboako kanala lehengoratzeko lanen inguruan aurrerakuntzak ikusiko dira. Azkenik, Olaberriko harana babesteko plan berezia onetsi eta abiaraziko da.

Irun, hiri jasangarria

Irunek eraldatzen jarraituko du, baina beti jasangarritasun-irizpideekin bat etorriz. Hiriak gaur egin behar du lana, etorkizuneko herritarren bizi-kalitatea bermatze aldera. Alkateak adierazi duenez mugikortasun eta iraunkortasun politikek bermatu behar dute egoera hori.

Horregatik, 2024an, Hiri-mugikortasun jasangarriaren II. Plana onartuko da. Honi esker, Irunek bizi-kalitate hobean, mugikortasun jasangarriagoan, oinezkoen eta bizikleten protagonismoan eta espazio publiko seguruago eta inklusiboagoan irabaziko du. Plan horrekin batera, Emisio Gutxiko Eremuaren Ordenantza eta IrunBus elektrikoaren flotaren % 100 iritsiko dira.

Horretaz gain, garrantzi handiko hainbat obra ere amaituko dira:  Anakako etxeen berrurbanizazioaren lehenengo fasea, Poxpologile kalea, Ermita karrikako lehen fasea eta Gaztainondoko igogailua Anaka kalearen ingurua  eta Geltoki kalearekin lotzeko.

Gainera, Belartzako lurpeko aparkalekuaren obrak ere hasiko dira, auzoko elkargune berriekin batera. Eta Artiako ubidea birnaturalizatzea, Txingudiko Plan Bereziaren garapen osoan aurrera egiten jarraitzeko aukera ematen duena.

Irun, pertsonen hiria

Irun hiri adeitsua eta abegitsua izan nahi du, eta desberdintasunen aberastasuna besarkatzen du. Hiri honek aniztasunaren aldeko apustua egiten du, eta berdintasunaren eta kulturaren alde lan egiten du. Cristina Labordak adierazi du 2024an, plan estrategikoak landuko dituztela, ekintza zehatzak garatzeko eta pertsonak politiken ardatz izateko jarraibideak eta lehentasunak ezartze aldera. Horrela, adinekoei kontu eta arreta berezia ematen jarraituko zaie. Alkatearen hitzetan, “2024an, Irun Adinekoekiko Hiri Lagunkoia plana garatuko dugu”. Berdintasunak eta euskarak zeharkako ardatz izaten jarraituko dute udal-programetan. Ildo horretatik, V. Berdintasun Plana eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana garatuko dira. Gainera, Adikzioak prebenitzeko V. plana; Kulturartekotasunaren, Immigrazioaren eta Bizikidetzaren I. Plana edo Animalien Ongizateari buruzko ordenantza berria ere egingo dira, besteak beste, 2024. urte honetan. Era berean, Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Itun berri bat sinatuko da, eta Udaltzaingoaren plantilla handituko da.

Halaber, ekipamenduak ere protagonista izango dira 2024an, eta kulturarako, kirolerako eta pertsonen bizitza sozialerako babesleku izango dira. CBAren bigarren fasea amaituko da; izan ere, kultura garaikideenaren, musikaren eta gazteen topagunea izango da. Erabilera anitzeko IAM pabiloiari dagokionez, urrats garrantzitsu bat egingo da; izan ere, alde batetik, proiektua enkargatuko da, beste erakunde batzuetan finantzaketa bilatzen jarraitzeaz gainera Bidasoak baldintzarik onenetan jokatu ahal izan dezan, eta, bestetik, Gipuzkoan erreferentea izango da, lehen mailako kontzertuak erakartzeko. Urte amaieran, halaber, Emigrazioko eraikina irekitzea aurreikusten da, San Migel auzoko heldu, haur eta bizilagunek partekatu eta goza dezaten. Eta, azkenik, Arbes auzoan adinekoentzako bizitegi-multzo bat eraikitzeko lehen urratsak ikusiko dira.

Irun, ekitaldien hiria

Alkateak bertako merkataritzaren eta ostalaritzaren garrantzia nabarmendu du: “funtsezko eragileak dira, hiria bizi eta dinamiko mantentzeko. Zalantzarik gabe, haiek ere gure zertasunaren ezaugarriak dira, eta sektoreari laguntzen jarraituko dugu, ekimenak eginez. Besteak beste, hiri-kanpainak egingo ditugu, hiriko ekonomia suspertzen laguntzeko. Lehen mailako ekitaldiak sortzen jarraituko dugu, Irundik nahiz beste herri batzuetatik jendea erakartzeko”.

Zehazki, 2024. urtean, nazioarteko kirol-ekitaldi garrantzitsuak izango dira Irunen, hala nola Itzulia, eta inoiz ikusi gabeko San Pedro eta San Martzial jaietako programa, edo Dies Oiassonis, nobedade garrantzitsuekin. Gainera, aurten, Irunek emango dio hasiera Korrikari, eta udaletik lanean jarraituko dute, aurten ere Irun eguberrietako plana izan dadin.

Irun bizitzeko, lan egiteko eta (ber)ezagutzeko hiria

Labordak azpimarratu du Irun hiriak berezkoa duela aukera izatea: “hiri eroso eta atsegina da, eta milaka pertsona bizi dira bertan, eta milaka pertsonek lan egiten dute eta eskaintzen diren planez gozatzen dute bertan. Guztiok aurki dezakegu gure lekua hiri honetan, eta ekimen berriak sortzen jarraituko dugu, gero eta hiri erakargarriagoa izan dezagun”. Zehazki, Irunek urteak daramatza funtsezko hiru ardatz lantzen IrunEkintzan ekimenaren bidez: berrikuntza, ezagutza eta ekintzailetza. Horregatik, 2024an, hiri-barruti berritzaile bat sortzea bultzatuko dute, Vía Irun esparruaren barruan, Aduanako eraikin berrian. Gainera, hiri-merkataritzaren berrikuntza-polo berri bat ere ikusiko dugu.

Baina hirian, etxebizitzari dagokionez, mugarri bat ere markatuko da, izan ere, Alarde kalean 52 etxebizitza alokairuan emango dira lehen aldiz udal-aurrekontua erabiliz. Gainera, Lucas de Berroan gazteentzako apartamentuak egiteko obrak ere hasiko ditugu.

Turismo jasangarria da hiriaren beste apustuetako bat, eta 2024an, helburu honekin loturiko bi proiektu garrantzitsu izango dira, Irun hiria inguruko zirkuitu turistikoan kokatzeko: Irugurutzetan obrak hasiko dira, eta terma erromatarrenak, berriz, amaitu.

Alkatea auzoetan

Azkenik, Cristina Labordak nabarmendu du garrantzitsua dela parte-hartzea eta gardentasuna oinarri hartuta lan egitea beti: “garrantzitsua da proiektu onak izatea hiri eder bat eraikitzeko, baina garrantzitsua da, era berean, hiriko eragile eta elkarteek ere horretan parte hartzea. Horregatik, datorren hilabetetik aurrera, berriz hasiko naiz “Alkatea auzoetan” ekimenarekin, horrela Irungo bizilagunekin topo egiteko, planteamendu hauek guztiak parteka ditzagun entzute aktiboa erabiliz ikuspegi positiboarekin lan egiteko”.

Beste erakunde batzuen konpromisoa

Alkateak horrela amaitu du 2024an argitaratuko diren mugarrien birpasa, eta aukera aprobetxatu du, halaber, gogorarazteko batzuk errealitate bihurtzea gogoko izan arren beste erakunde batzuen esku daudela: “Unea da proiektu horiek eskatzen diguten erantzukizunarekin eta konpromisoarekin lan egiteko. Horregatik, horietan guztietan nire ahalegin guztia egiteaz gain, beste erakunde batzuen mende daudenetan ere halaxe egingo dut, gure hiriarekin zor historikoa baitute”. Zehazki, honako proiektu hauek gogorarazi ditu alkateak: Oñaurreko hirugarren anbulatorioa, bide-azpiegiturak hobetzea, Plaiaundiko pistak Txenperenera lekualdatzeko finantza-konpromisoa eta Urdanibiako monumentu-multzoa, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude