Irungo Euskal Jirako Antolakuntza Batzordeak Euskal Jira antolatzeko zailtasun ekonomikoak dituela jakinarazi du. Pandemiaren ostetik Euskal Jiraren elkartearen egoera ekonomikoak okerrera egin du. Horregatik, Irungo Euskal Jirak otsailean zehar Irungo Udaleko Kultura arloko diru-laguntza jaso eta, era berean, elkartera boluntario berriak batzeko beharraz ohartarazi du.
Batzordeak argitu duenez, bi dira Euskal Jiraren diru-iturri nagusiak. Batetik, Irungo Udaleko Kultura arloak emandako diru-laguntza. Bestetik, Euskal Jiraren egunean Urdanibia plaza jartzen den txosnan lortzen diren diru-sarrerak. Antolakuntza Batzordetik adierazi dutenez, “Txosna bidezko diru-sarrerak ez dira nahikoak Euskal Jirak dakartzan gastu ugariei aurre egiteko”. Euskal Jiraren asteburuan egiten diren jarduera
guztiak modu desinteresatuan antolatzen direla azpimarratu dute batzordetik. Ondorioz, Kultura arloak emandako dirulaguntza ezinbestekoa da Euskal Jira urtez urte ospatu ahal izateko. Era berean, antolakuntza batzordeak urte hauetan guztietan emandako laguntza eskertu dio Irungo Udalari.
Zailtasun urteak
Pandemia ostetik, ordea, Euskal Jirari zailtasun ekonomikoak pilatu zaizkio. Jaia bi urtez eteteak 2020an eta 2021ean diru-sarrerarik ez izatea eragin du. Hortaz gain, horretan ostean antolakuntza gastuak nabarmen handitu dira, hala nola, lokalaren zein gurdien mantentze-gastuak. Batzordeko boluntairo faltak berriz, festaren antolakuntzarako ezinbestekoak diren hainbat zerbitzu Batzordetik kanpo kontratatzeko beharra eragin du. Arrazoi horiei gehitu behar zaie 2023ko Euskal Jira eguneko arratsaldean izandako eguraldi txarra. Izan ere, euriaren ondorioz, Euskal Jirak ez zuen behar adina diru-sarrerarik izan Urdanibia plazako txosnan.
Gastuei aurre egin ezinik
Aurretik aipatutako arrazoiak azaldu ostean, Antolakuntza Batzordeak adierazi du 2023ko eta 2024ko edizioko gastu batzuei aurre egin ezinean dabilela. Egoeraren larritasuna islatzeko, batzordetik honakoa adierazi dute: “komisioko kideok dirua jarri behar izan dugu gure poltsikoetatik faktura batzuk ordaindu ahal izateko”.
Irungo Euskal Jiraren Antolakuntza Batzordeak Irungo Udalaren diru-laguntzaren zenbatekoa handitzeko beharra ikusten du, pandemiaren aurretik datorren eskariari eutsiz. Diru ekarpenak handitzeak Euskal Jiraren etorkizuna ziurtatzen lagunduko luke, hiriko kultur ondarea den aldetik. “Gure ustez, diru-laguntza handitzea inbertsio interesgarria izango litzateke, Irun hiriarentzat erakargarritasun turistikoa ekarriko lukeelako; Hendaiako festarekin gertatzen den bezala”, azaldu dute batzordeko kideek.
Antolakuntza Batzordeak zabaldutako idatzian irakur daitekeenez, Irungo Udaleko Kultura arloa zein Udaleko alderdi politiko gehienak Euskal Jiraren egoera zein den ezagutzen dute eta festaren etorkizunarekin kezkatuta daude. Era berean, batzordeari arazo ekonomikoei aurre egiteko irtenbidea aurkitzeko interesa agertu dute.
Premiazko laguntzaren beharra
Egoera honetan, Irungo Euskal Jira elkartetik Kultura arloari eskatu dio Irungo Euskal Jiraren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko beharrezko mekanismoak aktiba ditzala. Era berean, herritarrei Euskal Jira antolatzeko laguntza eskatu diete. Modu batean edo bestean parte hartu nahi duen ororentzat antolakuntza batzordearen ateak zabalik daudela gogoratu dute. Horrela, batzordeko kide berriak lortzeaz gain, iradokizunak, ideiak edo proposamenak jasotzeko prest agertu dira.
Euskal jiraren antolakuntza batzordeak espero du Irungo Udalak ahal duen guztia egingo duela elkartea egoera zail honetatik ateratzen laguntzeko. Aurten Euskal Jira antolatu ahal izateko, laguntza hori otsailean zehar jasotzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Azkenik, antolakuntza batzordeak zabaldutako komunikatuak dionez, “Batzordeak Euskal Jira gero eta ederrago baten alde lan egiteko gogoz jarraitzen du.Guztion artean egin beharrekoa egingo dugu Irungo Euskal Jira kultur ondarea inoiz baino biziago mantentzeko.”