25 urte bete ditu Ingurune irekia programak

David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak 11 eta 17 arteko irundarrei zuzendutako Ingurune Irekia hezkuntza-programaren 2022ko datuak aurkeztu ditu. Haur eta nerabeei zuzendutako arreta eta esku-hartze sozioedukatiboko komunitateko zerbitzu bat da, eta komunitatean integratzeko beharrei eta beste testuinguru batzuei erantzuten die.

«Ingurune Irekia balio handiko programa sozioedukatibo bat da, eta egoera zailetan edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden nerabeen egoera zehatzen gainean eragiten du. Adin tarte horretarako komunitateko baliabide normalizatzaile gisa planteatzen da, etorkizuneko arazoak saihesteko. Pozik gaude lantaldearen lanarekin, egindako ibilbidearekin eta bildutako eskarmentuarekin. Aurten, programak 25 urte beteko ditu, eta inoiz baino indatsuago dago», nabarmendu du ordezkariak.

Kabia Elkartea arduratzen da programa gauzatzeaz, eta bertako gizarte-hezitzaileak dira Alvaro Cano, Elena Aycart, Miren Emezabal, Raúl Monferrer, Beñat Urra eta Elene López. Deskarga kaleko Udalaren lokal batetik koordinatzen dute jarduera guztia, baita esku-hartzeak ere. Lana kalean eta kirol-ekipamenduetan egiten da nagusiki, ikastetxeekin koordinatuta. Esku hartzeko hiru eremutan banatzen da hiria: mendebaldea (Anaka, San Migel, Antzaran, Pinudi, Urdanibia eta Katea), erdialdea (erdialdea, Belaskoenea, Elitxu-Lapitze, Larreaundi eta Olaberria) eta ekialdea (Arbes, Artia, Behobia, Dunboa, Alde Zaharra, Santiago, Beraun, Meaka-Ibarla).  Horrela, proiektuak lantzen dira, gazteekin, ikastetxeetako arduradunekin eta komunitatearen bestelako baliabideekin, hala nola auzo-elkarteak.

Iaz, Ingurune Irekiko hezkuntza-arduradunek 311 ikasleekin esku hartu zuten, 24 taldetan banatuta. Askotariko jarduerak egin zituzten, artearekin, kirolarekin edota jolasarekin lotuta, hala nola txangoak eta kanpamenduak. Komunitateko hezkuntza-proiektuei dagokienez, 1.000 pertsona ingururekin egin zuten lan, horietako 832 adingabeak.

2023ko abenduak programak 25 urte beteko ditu gure hirian, Irungo gazteei laguntza ematen eta beren bizitzarako proiektu pertsonal positiboak sustatzen, hezkuntzaren eta gizarteratzearen bidez. Ezin dugu ahaztu, gainera, denbora honetan guztian Ingurune Irekia hezkuntza-programak zer lan egin duen nerabezaroko ezaugarriak komunitatean gizarteratzen eta familiekin eta adingabeekin lan egiten duten eragile eta baliabideekin elkarlanean aritzen, hala nola ikastetxeekin, gaztelekuekin eta ludotekekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude