25 ekoizle bilduko dira martxoaren 4an eta 5ean Ficoban
Otsailaren 27an hasi da Txingudi Beer Week, artisau garagardoaren astea. Anzaran plazan dagoen Boulevard garagardotegian izan da inaugurazioa. Asteartetik ostegunera, dastaketak eta Meet the brewer topaketak egongo dira Gipuzkoako leku ezberdinetako zenbait tabernatan. Hitzordu nagusiak, ordea, asteburuan iritsiko dira. Martxoaren 3an, ostiral iluntzean, Kalebirra egingo dute, Kale Nagusitik Urdanibia plazara. Larunbatean eta igandean, martxoaren 4an eta 5ean, azoka izango da, Ficoban.
2015 urtean antolatu zuten, lehen aldiz, Txingudi Beer Week artisau garagardoaren astea. Irungo eta Hondarribiko 18 taberna eta elkartetan egin zituzten, orduan, jarduera guztiak. “Baliabiderik gabe, lagunen artean antolatutako zerbait izan zen hura. Esperientzia gisa ondo egon zen, eta asko ikasi genuen. Baina jendeak zerbait gehiago eskatzen zigun”, aitortu du Boulevard garagardotegiko Mikel Lluciak. Antolatzaile izan zen orduan Boulevard, baita oraingoan ere, Estebenea jatetxearekin eta Bidasoa Basque Brewery (Irun) eta Mala Gissona (Oiartzun) produktoreekin batera. Artisau garagardoaren munduan murgiltzen hasi zirenean, inguruko ekoizleak ezagutzen ez zituztela onartu du Estebenea jatetxeko Igor Eizagirrek: “Belgikako garagardoekin hasi ginela gogoratzen dut. Gero konturatu ginen inguruan ere bazeudela halako garagardoak. Naparbier zegoen Noainen, Gross Donostian…”
Aurten, indarrak batuta, tamaina handiko azoka antolatzea erabaki dute, eta Ficoba erakustazokara jo dute horretarako. Bertako arduradunek laguntza handia eman dietela baieztatu du Lluciak: “Pabiloia baino gehiago eskaini digute. Izapideak, kontratuak, segurtasun neurriak… Guzti horretan ezinbestekoa izan da Ficobaren babesa”. Gainerakoan, nahikoa esperientzia eta kontaktu dute antolatzaileek. Harreman zuzena dute inguruko ekoizleekin, baita banatzaileekin ere. Haien bidez, atzerriko garagardo egileen parte hartzea lortu dute. “Bertako banatzaileak inportatzaileekin harremanetan jarri dira, eta inportatzaileak, atzerriko ekoizleekin. Kateak ondo funtzionatu du”, azaldu du Mikel Lluciak. Guztira, 25 ekoizlek parte hartuko dute azokan.
Ostiralean, martxoaren 3an iritsiko dira ekoizleak, haien stand-ak Ficoban muntatzeko. Gauean afaria egingo dute, baina lehenago, Kalebirra ekimena prestatu dute antolatzaileek. Poteo txiki bat egingo dute, 19:00etatik 21:00etara, Kale Nagusitik Urdanibia plazara, The Bohemian, Orrua, Kabigorri, Sandwico, Altzola eta Aia tabernetan. Denetan, artisau garagardo ezberdinak dastatzeko aukera egongo da. Gainera, ekoizleekin hitz egin ahal izango du interesa duenak. Kalebirraren beste helburua azaldu du, halaber, Lluciak: “Atzerriko ekoizleei, hemen daukagun poteatzeko ohitura erakutsi nahi diegu”.
Asteburuko hitzorduak, Ficoban
Larunbatean, martxoaren 4an, 11:00etan zabalduko ditu ateak Ficoba erakustazokak. Bost euroren truke, edalontzia jasoko du bisitariak, eta 25 ekoizleen garagardoak dastatu ahal izango ditu. Kalebirran bezala, produktoreekin harreman zuzena edukitzeko aukera ere izango du. Tailerrak egongo dira asteburu osoan zehar, eta haurrentzako puzgarriak ere bai. “Familia osoarentzako plana izan daiteke, garagardoa edan nahi ez duenarentzat, bi euro balioko du sarrerak, edalontzirik gabe”, zehaztu du Mikel Lluciak. Jatekoa ere izango da Ficoban, zortzi food truck egongo baitira. Larunbatean 00:00ak arte egongo da azoka zabalik. Igandean, aldiz, 11:00etatik 21:00etara.
Ficobako lehen esperientzia izanik, Mikel Lluciak nahiago du bisitari kopuruaren inguruko aurreikuspenik ez egin. Onartu du, dena den, eskualdetik kanpoko jendea espero duela: “Gipuzkoa osotik hurbilduko dira bisitariak, eta inguruko lurraldeetatik ere bai”. Ficoba erakustazokaren kokapenagatik, Iparraldeko jendea espero daiteke. Eta ez horregatik bakarrik: “Garagardo zale asko dago Ipar Euskal Herrian, baina artisau askorik ez. Horregatik, asko estimatzen dituzte Hegoaldeko ekoizleak”. Izan ere, maila handiko garagardo produktoreak sortu dira, azken urteotan, Bidasoan eta inguruko eskualdeetan. “Europa mailan aitortza jaso dute Bidasoa Basque Brewery, Mala Gissona edo Basqueland Brewing garagardoek”, adierazi du Mikel Lluciak. Gero eta gehiago hedatuz doa artisau garagardoaren kultura.
Txingudi Beer Week artisau garagardoaren astearekin, bereziki, sektoreko erreferente bilakatu da Behe Bidasoa eskualdea. Duela hamaika urte Boulevard garagardotegian hasi zenean, ordea, halako zerbait imajinatzea zaila zen Mikel Lluciarentzat (Irun, 1978).
Nolatan animatu zineten artisau garagardoa eskaintzen hastera?
Tabernaren aurreko jabea hasia zen, Belgikako eta Alemaniako garagardo batzuekin. Guk bide horri eustea erabaki genuen. Hasieran zaila izan zen, inguru honetan artisau garagardoarekin lan egiten zuen banatzailerik ez zegoelako. Bartzelonako, Castelloko, edo Malagako banatzaileekin lan egiten genuen. Gainera, bezeroek ez zuten artisau garagardoa ezagutzen.
Noiz hasi zen kultura hori zabaltzen?
Aldaketarik handiena eman da, gure inguruan ekoizleak martxan jartzen hasi direnean. Hemen, jendeak asko estimatzen du bertako produktua, eta hori positiboa da. Bide batez, bertako produktua ezagutzearekin batera, artisau garagardoaren kulturan murgildu da jendea. Guk, gainera, beste abantaila bat dugu orain, banatzaileak ere artisau garagardoarekin animatu direlako.
Dena den, lan handia egin beharra dago, oraindik, artisau garagardoaren kultura hedatzeko. Ardoaren kultura askoz barneratuagoa dugu inguru honetan. Hemen, poteoan, hogei garagardo har ditzakegu. Artisau garagardoarekin, ordea, hobe da bi hartzea, baina patxadaz dastatzea.
Edonola ere, gero eta taberna gehiagotan dasta daiteke artisau garagardoa.
Bai, eta pozgarria da guretzat. Hasi ginenean, bakarrak ginen, eta beste tabernariak animatzen saiatzen ginen. Gaur egun, elkarri laguntzen diogu. Baten batek Kabigorrin artisau garagardo bat probatzen baldin badu, hona etortzeko gomendatuko diote, eta alderantziz. Hori da gure filosofia.
Artisau garagardoaren zaleak bakarrik hurbiltzen zaizkizue, edo auzoko bizilagunak ere bai?
Argi dago gure taberna gero eta zentratuago dagoela garagardoan. Alde horretatik, erreferentea da. Baina lortu dugun zerbait da auzoko jendea, poteoan dabilena, artisau garagardoaren zale egitea. Jendeari lehen pausoa ematea kostatzen zaio, baina behin animatuta, gustua hartzen dio.
Hiriaren erdigunean ez egoteak kalte egiten dizue?
San Juanen edo Urdanibia plazan egongo bagina, beharbada jende gehiago edukiko genuke. Baina ezingo genioke planteamendu berdinari eutsi. Hemen adibidez, garagardoa dastatzeko kopa bereziak ditugu. Kale Nagusian, sanmartzialetan, ezingo genituzke erabili.