Maila galdu du Mariñok

Emakumeen talde nagusia Euskal Ligan ariko da hurrengo denboraldian

Hiru urtez eutsi dio Mariñoko emakumeen talde nagusiak Bigarren Mailari. Hainbestean aritu da lehen bi denboraldietan. Hirugarrenean, ordea, kinka larrian ibili da ia sasoi osoan zehar. Bizirik iritsi da azken jardunaldira, baina 3-0 galdu du Barakaldon, Pauldarrak taldearen kontra. Ondorioz, Euskal Ligara jaitsi da, Berriozar eta Arratia taldeekin batera.

Barakaldoko Serralta futbol zelaian irabaztera behartua zegoen Mariño. Lehia zuzena zen, jaitsiera ekiditeko lehian zebiltzan bi taldeen artekoa. Pauldarrak-ek etekina atera zion etxean jokatzearen abantailari, eta Mariño mendean hartuta, mailari eutsi zion (3-0). Hil edo biziko neurketa zen apirilaren 30ekoa, eta hitzordurako giro aproposa prestatu zuen Pauldarrak-ek: “Jende aunitz zegoen animatzen, bonbo eta guzti. Beste modu batean iritsi izan bagina, jokatzeko partida polita izan zitekeen”, azaldu du Jose Luis Altzugarai Zikiro Mariñoko entrenatzaile lesakarrak. Irungo emakumeentzat, ordea, kontrako giro bilakatu zen.

Zaila da, horrelakoetan, urduritasunari eustea”

Jose Luis Altzugarai Zikiro

Presio handiko norgehiagoka zen, eta aldagelan “isiltasuna” nagusi zela aitortu du Zikirok: “Horrelako egoeretan, ezin diezu jokalariei gauza handirik esan. Badakite zer dagoen jokoan. Animatzea besterik ez da geratzen”. Jokalari gazte asko ditu Mariñok, halako egoerei aurre egiteko ohiturarik ez dutenak. “Zaila da, horrelakoetan, urduritasunari eustea”, argudiatu du Zikiro beteranoak. Berdegunera irtenda, Pauldarrak eraginkor batekin egin zuten topo. 15.minutuan lehen gola sartu zuen arerioak, eta minutu gutxiren buruan, bigarrena. “Ez dira gu baino gehiago, denboraldi osoan zehar lehia berdinean ibili baikara. Baina den-dena atera zitzaien”, azaldu du Zikirok.

Atsedenaldiaren atarian, hirugarren gola jaso zuen Mariñok. Kolpe erabakigarria izan zen. Lur jota geratu ziren urdinak, eta bigarren zatian ezin izan zuten desabantaila murriztu. “Aldaketak egin genituen, erasora jotzen ahalegindu ginen, baina oso-oso zaila zen markagailuari buelta ematea”, adierazi du Zikirok. Pauldarrak-ek salbazioa ospatu ahal izan zuen. Mariñoko emakumeek, berriz, burumakur egin zuten bueltako bidaia. Sasoi osoan zehar jaitsiera postuetan sartu eta irten ibili ondoren, maila galdu dute azkenean.

Hamalau partida galdu ditu aurten Mariñok, bost berdindu, eta zazpi irabazi. Azaroan eta abenduan izan zuen bolada txarrena, sei jardunalditan puntu bakarra bildu baitzuen. Zama astunegia izan da hori, eta urtarriletik aurrera lau garaipen lortu baditu ere, ezin izan du galdutako diferentzia berreskuratu. Bi puntu falta izan zaizkio azkenean, talde urdinari, Bigarren Mailari eusteko. 26rekin amaitu du liga, eta 28rekin, berriz, Burgosko Nª Señora del Belenek, jaitsiera ekidin duen lehen taldeak.

Egoera zaila bizi du emakumeen futbolak Irunen

Euskal Ligan ariko da Mariñoko emakumeen talde nagusia, hurrengo denboraldian. Momentuz, Jose Luis Altzugarai Zikirok ez du argitu aulkian jarraituko duen, ezta taldeak aurtengoaren antza izango duen ere: “Bilera batzuk egin beharko ditugu, hurrengo denboraldirako egoera zein izan daitekeen aztertzeko. Argi dago jokalari batzuek Mariño utziko dutela, maila handiagoko taldeetara joateko, ikasketak kanpoan egingo dituztelako etab.”.

Beste kirol batzuek indar handia hartu dute, eta neska asko erakartzen dituzte”

Jose Luis Altzugarai Zikiro

Taldea osatzeko, jokalariak bilatu beharko dituztela onartu du Zikirok, eta azpimarratu du, egoera ez dela batere aproposa: “Duela zenbait urte, Dunboak, Artiak eta Real Unionek emakumezkoen taldeak zituzten. Gaur egun, Mariño da bakarra Irunen”. Hirian futbolean jokatzen duten emakumeen kopuruak behera egin duela baieztatu du Zikirok. Iaz ikastetxez-ikastetxe aritu zen, neskak animatu nahian, eta testuinguruaren analisi ezkor samarra egin zuen. “Beste kirol batzuek indar handia hartu dute, eta neska asko erakartzen dituzte: dantzaz gainera, atletismoak, mahai tenisak, eskubaloiak edo errugbiak adibidez”, azaldu du Zikirok.

Beste zailtasun bati aurre egin behar izaten dio, gainera, Mariñok. Gaur egun, Oiartzunek eta Realak Emakumeen Lehen Mailan dituzte talde nagusiak. “Maila ona duten emakumeek, talde horietara egiten dute jauzi”, aipatu du Zikirok: “Aurten bi joan zaizkigu Oiartzunera, eta aurrekoan beste bi Realera”. Emakumeen futbolak une gozoa bizi du Euskal Herrian, taldeen kirol mailari eta pixkanaka, komunikabideetan duten oihartzunari dagokionez. Irunen, aitzitik, beheraldian dago une honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude