Sasiarkazia espezie inbaditzailearen ikerketa sarituko du Jose Antonio Loidi bekak

Bekaren hamahirugarren ediziora hiru proiektu aurkeztu dira guztira

Sasiarkazia espezie inbaditzailearen eraginak ikertuko dituen proiektuak jasoko du 2016ko Jose Antonio Loidi Beka. Euskaraz burutuko den proiektu honek Behe Bidasoa eskualdeko lursailak ikertuko ditu, espezie inbaditzaileak izan duen eragina ezagutzeko helburuarekin. Jose Antonio Loidi bekaren 13. edizioa da honakoa, eta guztira, hiru proiektu aurkeztu dira lehiaketara.

Bekaren 13. edizioak honako proiektua sarituko du: sasiarkazia espezie inbaditzailearen azterketa dendrokronologikoa Behe Bidasoa eskualdean. Nerea Amaia eta Maddi Mujika dira proiektu honen bultzatzaileak eta ikerketaren proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutuko dituzte. Euskara arloak 12 hilabeteko iraupena izango duen bekarekin eta 9.000 eurorekin sarituko du proiektu irabazlea.

Ikerketan zehar bi espezieren arteko erlazioa ikertuko da, sasiarkazia eta haritza hain zuzen ere. Ikerketa dendrokronologiaren bitartez burutuko da, zuhaitzen adina, hazkuntza, eta hazkuntzan eragiten duten faktoreak antzeman ahal izateko. Laginak eskuratzeko ez da beharrezkoa izango zuhaitzak botatzea edo moztea, barrena izeneko erremintaren laguntzarekin zuhaitzean zulaketa txiki bat egitearekin nahikoa baita.

Biologian doktorea den Nerea Amaia da sasiarkazia ikertzeko proiektu honen zuzendaria. Maddi Mujika, berriz, lanaren garapenaz, txostenak burutzeaz, laginak eskuratzeaz eta emaitzak ikertzeaz arduratuko da. Ikerketaren gaia arlo horretan zegoen hutsunea betetzeko asmoz aukeratua izan zen. Nerea Amaia ikerketaren zuzendariak adierazi du, “nahiz eta sasiarkaziak bertako basoen dinamikan duen eragina ezaguna izan, egia esan, oso ikerketa lan gutxi daude espezie honek duen eraginaren inguruan”.

Nahiz eta Sasiarkaziak bertako basoen dinamikan duen eragina ezaguna izan, egia esan, oso ikerketa lan gutxi daude espezie honek duen eraginaren inguruan”
Nerea Amaia, ikerketako zuzendaria

Ikerketa honetan bi motatako landareak ikertuko dira: landare espezie aloktono eta autoktonoak. Sasiarkazia espezie aloktonoa da, izan ere, bere eremu naturaletik kanpo bizi den espeziea da. Honetaz gainera, inguruko espezieak kaltetzen dituenez, sasiarkazia espezie aloktono inbaditzaile bat da. Bestetik, haritza izango da ikerketan aztertuko den espezie autoktonoa, sasiarkaziak bere inguruan izan duen eragina ikertzeko.

Behe Bidasoa eskualdeko hiru partzelatan burutuko da ikerketa lana. Oraingoz bi partzela lokalizatu dituzte soilik eta biak udal partzelak dira. Lehenengoa Siutz eskolaren gainean kokaturik dago eta bigarrena, berriz, Erain ikastetxearen alboan. Hirugarren partzela zehaztu gabe dago oraindik, baldintzak beteko dituen lursail baten bila dabiltzalako ikertzaileak.

Partzelen aukeraketak buruhauste ugari ekarri dizkie ikertzaileei, lursailek bi baldintza ezinbesteko bete behar baitituzte. Alde batetik, partzela beraren barnean sasiarkazia eta haritza egotea ezinbestekoa da. Bestetik, bi espezieak elkarrengandik gertu egon behar dira, biak baldintza klimatiko antzekoen menpe egon daitezen. Baldintzak direla medio, lursailak topatzeko zailtasunak izan dituzte, bi zuhaitz motak hurbil dituzten partzelen urritasuna dela eta.

Hamahirugarren beka

Jose Antonio Loidi Beka deialdia bi urtetik behin burutzen da, orain dela hamasei urte zendu zen ikerlari eta idazle ospetsua omentzeko asmoz. “Omenaldia izateaz gainera, beka honen bitartez, hainbat esparrutan euskaraz egindako ikerketa suspertu eta bultzatu nahi da”, azaldu du Josune Gomez Euskara ordezkariak. Antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikaren inguruko lanei zabalik dago Jose Antonio Loidi beka. Era honetan, ikertzaileak bere bizitzan zehar landu zituen esparru guztiei deialdia zabalduz.

Beka honen bitartez, hainbat esparrutan euskaraz egindako ikerketa suspertu eta bultzatu nahi da”
Josune Gomez, euskara ordezkaria

1999an sorturiko Jose Antonio Loidi bekaren 13. edizioa izan da honakoa. 2016ko deialdira hiru proiektu aurkeztu ziren guztira. Hautagaien artean, ordea, Nerea Amaia eta Maddi Mujikaren proiektuak arreta deitu du. Eskuartean duten ikerketa bultzatzeko erabiliko dute bergararrek Irungo Udaleko Euskara arloak eskainiriko saria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude