270 gizon-emakumeren aipamena egin du egileak
Irunen jaiotako, edo hiriarekin lotutako gizon-emakumeren biografia laburrak bildu ditu Agustin Morate Zulaikak, Irun y sus gentes liburuan. Anaka Kofradiako kidea da Morate, eta elkarteak argitaratu du bilduma. Ylenia Benito Brönte liburu dendako arduradunak idatzi du hitzaurrea, eta liburuaren aurkezpena ere ireki du, urriaren 25ean, CBA kultur gunean. “Irun hiria zer den eta nolakoa den irudikatzeko modu ederra da”, baieztatu du Benitok.
Urtetako dokumentazio eta biltze lanaren emaitza da liburua. Egileak eskerrak eman nahi izan dizkie, iturri nagusi izan dituen lanen egileei. José Monjeri, alde batetik, 1986an Luis de Uranzu Kultur Elkarteak argitaratu zuen Irungo kaleen izenak liburuagatik. Mañu de la Puente kazetari ohiari, bestetik, Diario Vascon urtetan argitaratu izandako kronika sozialengatik. Gainerako iturriak, liburuko eranskinetan daude, Irungo alkateen eta eskribauen zerrenda luze batekin batera.
“Irunen jaio badira ere, hirian bizi ez direnak daude. Edo alderantziz, irundarrak ez diren arren, haien jarduera nagusia Irunen aurrera eraman dutenak”
Agustin Morate, egilea
Irungo ehun pertsonaia bildu nahi izan zituen Moratek, hasieran, eta Irungo 100 izenburua jartzea pentsatu zuen. Laster konturatu zen, ordea, labur geratu zela. 270 daude azkenean, liburuan, horietatik 21, emakumeak. Kirolariak eta musikariak dira gehienak, bakoitzeko 29. Margolariak, kazetariak, politikariak, diplomatikoak eta beste zenbait arlotan nabarmendutako gizon-emakumeak daude. “Irunen jaio badira ere, hirian bizi ez direnak daude. Edo alderantziz, irundarrak ez diren arren, haien jarduera nagusia Irunen aurrera eraman dutenak”, azaldu du Moratek.
Biografia labur bakoitzak argazkia du, ondoan, zuri-beltzean: “Argazkirik topatu ez dugunean, grabatuak edo pertsonaiarekin lotutako irudiak jarri ditugu”, aipatu du egileak. Azalearako, Mariano Estornés Lasaren argazki bat hautatu dute: Jaiak Irunen, San Pedro egunean, 1969ko ekainaren 29an. “Ez du kalitate handirik, baina ondo irudikatzen du liburuaren izaera”, argudiatu du Moratek. Edizioaren eta maketazioaren maila da, hain zuzen ere, liburuaren hutsunerik handiena.
500 ale argitaratu dituzte, eta 10 euroren truke daude salgai, Brönte eta Jaizkibel liburu-dendetan. Bildutako dirua, Anaka Kofradiaren jardueretara bideratuko dute. Pretentsio handirik gabe idatzitako liburua dela aitortu du Agustin Moratek: “Entretenitzeko helburua du. Luis de Uranzu parafraseatuz: edozein bizitza, xehetasunez eta soiltasunez kontatuz gero, atsegina eta entretenigarria izan daiteke”.
Arinaren liburuen izenburu berbera
Morateren liburuak badu aurrekaririk. Izen ere, eta izenburu berarekin, hiru liburuko bilduma argitaratu zuen José María Arina Zapatak 1990eko eta 2000ko hamarkadetan. Argazki bilduma zabalak izan ziren, Irun popular fotográfico eta Imágenes para el recuerdo trilogiak bezala. Ehunka irundarrek utzitako argazkiak bildu zituen, eta iruzkin txikiak erantsi, hiriaren erretratu sozial modukoa osatzeko asmoz. Arinaren lekukoa hartu du orain Agustin Moratek. Bigarren argitalpena du, Anaka tiene historiaren ondoren.