Lau koru eta 150 kide inguru ditu, gaur egun, elkarteak
Lotura estua du Ametsa Abesbatzak Eguberriekin. Emanaldi sorta ederra edukitzen du urtero, abendu inguruan. Baina gainera, abesbatzaren sorburua bera, Gabon kantetako koru bat da. Fernando Etxepare zena eta Ricardo Requejo musikaria aritu ziren tartean. “Eduki zuten arrakasta kontuan hartuta, urte osoan zehar entseatzen jarraitzea erabaki zuten”, azaldu du Jokin Babaze Ametsa Abesbatza Kultur Elkarteko lehendakariordeak. 1957ko Eguberrietan, duela hirurogei urte hasi zen abesbatzaren ibilbidea.
Gizonezkoen koru gisa hasi zen Ametsa, baina emakumezkoak batu zitzaizkion 1964an. “Abesbatza sinfoniko bihurtu zen orduan”, azaldu du Babazek. 60ko eta 70eko hamarkadak izan ziren Ametsa abesbatzaren urrezko aroa. Europa osoan zehar bidaiatu zuen, eta sari nagusiak eskuratu zituen gainera, Italiako Arezzokoa, adibidez. “Garairik onenetan, jaialdietara joateko, egunero entseatzen zuten, urte betez, gutxienez. Hori, gaur egun, pentsaezina da. Horrelako konpromiso maila bat ez da jasangarria”, argitu du Jokin Babazek.
“Garairik onenetan egunero entseatzen zuten”
Jokin Babaze, elkarteko lehendakariordea
Garai hartako mailarik ez du, gaur egun, Ametsak. Hala ere, erreferentea da Irungo instituzioen artean. Babazek nabarmendu du Irun erdiak eduki duela loturaren bat Ametsa abesbatzarekin: “Jendeak maitasun handia dio, hori kalean ikusten da. Hori da gure zigilu nagusia”. Irunen egiten diren ekitaldi nagusiekin duen konpromisoarekin bueltatzen du abesbatzak babes sozial hori.
Irundik kanpo ere ezaguna da Ametsa. Horren berri emateko, bozeramaile aproposa da Jokin Babaze. Donostiako Orfeoiko abeslaria eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko idazkari nagusia da. Gipuzkoa mailan Ametsa estimatua dela baieztatu du. Gogoan du, Fernando Etxepare zendu eta bizpahiru egunetara, afaria eduki zuela Donostiako Orfeoiarekin, Santa Zezilia egunaren harira: “Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendariak hitza hartu zuen, Fernando Etxepareren aldeko topa eskatzeko. Gogoratu zuen Gipuzkoa mailan abesbatza musika gehien bultzatu zuen pertsonetako bat izan zela”.
Lau abesbatza dira gaur egun
1972.urtean, Ametsa Txiki sortu zen, Gipuzkoako lehen haur abesbatza. 2004an, aldiz, Ametsa Gazte, haurren eta helduen koruen arteko trantsiziorako. 2006an, Betiko Ametsa sortu zen, adineko kide batzuen eskutik. “Ikusi zuten ez zirela gai Ametsak eskatzen zuen lan erritmoari eusteko. Baina ez zioten abesteari utzi nahi”, azaldu du Babazek.
“Abesbatza bakoitzak bere jarduera dauka, baina saiatzen gara elkarlan bat sustatzen”
Jokin Babaze, lehendakariordea
Lau abesbatza ditu, beraz, Ametsa Abesbatza Kultur Elkarteak. 6 eta 90 urte arteko 150 kide ditu, guztira. “Abesbatza bakoitzak bere jarduera dauka, baina saiatzen gara elkarlan bat sustatzen. Kontzertu batzuetan batera aritzen gara”, aipatu du Babazek. Tailerra ere badu Ametsak, haurrei zuzendutako formazio musikalerako. Haurrak erakartzea zaila dela onartu badu ere, egungo taldearekin kontent dagoela baieztatu du Jokin Babazek: “Momentu honetan oso pozik gaude, talde motibatua dugulako. Etorkizuna bermatua dagoela esan genezake”.
Gabonekiko lotura
Eguberrietako Kontzertua eduki berri du Ametsa Abesbatzak, abenduaren 27an. Bertan, elkartean 50 urte bete dituzten kideak saritu dituzte. Azaroaren amaieraz geroztik, agenda betea eduki du Ametsak. “Abesbatza gehienek edukitzen ditugu emanaldi dezente Gabonetan. Orokorrean, eta Euskal Herrian, bereziki, musikari eta kantuari biziki lotutako jaiak dira”, azpimarratu du Jokin Babazek: “Gabon kantak direla, kontzertu solidarioak direla, beti dago aktibitate berezia data hauen inguruan. Kontuan hartu behar da, gainera, musikarion patroia, Santa Zezilia, azaroaren 22an dela. Gertutasun horrek eragiten du azaroaren amaieratik aurrera, musika jarduera asko edukitzea”.