Otsailaren 3an hasiko dira Inauteriak Irunen, Kaldereroekin
Irungo inauterien programaren barnean era askotariko ekintzak eta ospakizunak biltzen dira. Zerrenda luze hori Inauteri aurreko asteburuan abiatzen da, Kalderero Hungariarren eta Inude eta Artzainen konpartsekin. Kaldereroek otsailaren 3an, larunbata, zeharkatuko dituzte Irungo kaleak, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Igandean, berriz, inude eta artzainen txanda izango da.
Kalderero Hungariarren Konpartsa
Konpartsaren izenak adierazten duen moduan, bisitari hauek Hungariako lur urrunetatik datoz, haien herrialdeko doinuekin Irungo kaleak alaituz inauterien etorreraren berri emateko. Kaldereroen Konpartsa Irungo Atsegina Elkarteak antolatzen du eta 1891ko otsailaren 8an atera zen lehen aldiz. 1954ra bitartean konpartsa zazpi aldiz bakarrik antolatu bazuten ere, orain Irungo inauterietako hitzordu garrantzitsu bilakatu da.
Joxe Aranburu da gaur egun Hungariatik datorren tribu honen buruzagia. Hamabost urte inguru daramatza Kaldereroen konpartsan parte hartzen. Hasieran, konpartsa laguntzen zuen txarangan perkusioa jotzen zuen, baina tribu-buruzagi postua hutsik geratu zenean ardura hori beregain hartzea proposatu zioten.
Irungo kaleetan zehar zuzentzen du Joxe Aranburuk tribu hungariarra, baina bere lana ez da hor amaitzen. Honelako ardura bat izateak ordu asko ematea eskatzen du, Joxe Aranburuk adierazi duenez: “ Urte osoan zehar lan egin behar da horrelako konpartsa bat aurrera ateratzeko”. Gogor lan egin behar den arren, esfortzuak merezi du, gero eta jende gehiago ateratzen baita kalera, eta gauean txarangarekin batera elkartean antolaturiko afarian giro oso ona sortzen baita.
“Elkarte desberdinen laguntza ezinbestekoa izan da Kaldereroen Konpartsa indartzeko”
Joxe Aranburu, Tribuko buruzagia
Azken urte hauetan Kaldereroen Konpartsak gora-behera garaiak bizi izan ditu. Duela urte batzuk parte-hartzea asko jaitsi zen. “Elkarte desberdinen laguntza ezinbestekoa izan da Kaldereroen Konpartsa indartzeko”, azaldu du Aranburuk. Egun, Irungo Atsegina Elkarteaz gain, dantza talde, abesbatza, zalditegi eta auzo elkarteen laguntza du konpartsak.
Kalderero Hungariarren Konpartsan adin guztietako pertsonek parte hartzen dute, baina tribuko buruzagiak onartu du gehienak emakumeak direla. Jantziak eskuratzea oso erraza da eta urrezko bitxiak dira Kaldereroen apaingarri bereizgarria. Joxe Aranburuk adierazi du abestien letrak ikasteko oso errazak direla, abesti ezagunak direlako eta, gainera, Irungo Atsegina Elkarteak abesti hauek prestatzeko entseguak antolatzen dituelako urtero. Aurtengo otsailaren 1ean burutuko dute entsegu hori.
Inude eta Artzainak
Kaldereroak erretiratu ostean, igandean, Irungo kaleak Inude eta Artzainentzako libre geratzen dira. Aurten otsailaren 4an hiriko kaleak zeharkatuko dituzte saltoka, beste hainbat pertsonaien laguntzarekin. Urtero moduan, konpartsa eguerdiko 12:00etan irtengo da Santiago kaletik, eta Luis Marianon amaituko du bere ibilbidea.
Inudeak eta artzainak dira, zalantzarik gabe, konpartsa honetako pertsonaia nagusiak. Inudeek eskuekin panpina astintzen dute, menditik jaitsi berriak diren artzainek bizkarrean makila daramaten bitartean. Eraiki Dantza Taldeak antolaturiko konpartsa honen bitartez inude eta artzainen arteko gorteiatzea irudikatu nahi da, besteak beste.
Inude eta artzainez gain, konpartsan beste hainbat pertsonaia daude, garai hartako gizartea irudikatzeko: mediku-erizainak, elizako kargu ezberdinak, alkate-alkatesa, goi mailako gizartea, eskolako ikasle-irakasleak, langileak eta bestelako pertsonaiak. “Jende asko animatu da aurten pertsonaia moduan konpartsan parte-hartzera”, aipatu du Xabier Mugika konpartsako antolatzaileak. Aurten, pertsonaia zein dantzarien artean guztira 130 lagun izango dira.
“Jende asko animatu da aurten pertsonaia moduan konpartsan parte hartzera”
Xabier Mugika, konpartsako antolatzailea
Adin desberdinetako dantzariek osatzen dute konpartsa, txikienek 5 urte inguru dituztelarik. Hiriko kaleak saltoka zeharkatzen dituzte eta geldialdietan dantzari helduek fandango eta arin-arina dantzatzen dituzte. Zabaltza plazan, Irungo Musika Bandarekin batera, errepresentazio bat burutzen da pertsonaia hauek garai hartan zeramaten bizitza irudikatzeko. Musikaren laguntzaz haurren batailatzea edo txertoa jartzeko medikura bisita irudikatzen dituzte.
Irungo Atsegina Elkartea arduratu zen hasiera batean Inude eta Artzainen Konpartsaren antolakuntzaz, ohitura galdu zen arte. Elkartearen 75. urteurrena ospatzeko Eraikik omenaldi moduan Inude eta Artzainen konpartsa antolatu zuen 1997 urtean. Omenaldian izandako arrakasta ikusita, 1999 urtetik aurrera, urtero konpartsa antolatzeko ardura hartu zuen taldeak. Urte horretatik aurrera, Eraikik agindutakoa bete du eta urtero inauterien aurreko igandean kalera irten da, baita eguraldi txarrenarekin ere.