Otsailaren 25ean egingo dute proba, eta 10km-ko ibilbide laburra ere egongo da
Irungo Udalaren enkarguz antolatu du Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak Irungo Maratoi Erdia. “2014an beste esperientzia bat eduki genuen, baina ez zen nahi bezain ondo atera”, gogoratu du Pedro Alegre Kirola arloko ordezkariak. Zinegotziak azaldu du BAT elkartearen atea jo zuela udalak ondoren, antolakuntza egokiaren “bermea” delako. Hilabetetako lanaren ondoren, prest dago kirol ekitaldia. Otsailaren 25ean izango da, igande goizean. 21km-ko lasterketaz gainera, 10km-ko beste bat ere egongo da.
10:00etan irtengo dira bi lasterketak, Zabaltza plazatik. Helmuga San Juan plazan egongo da, Foru Kalea eta Kale Nagusiaren amaiera zeharkatuko dituen azken txanparen ondoren. Proba laburreko parte hartzaileek buelta bat emango diote zirkuituari, bigarrena, aldiz, maratoi erdiko korrikalariek. “Ibilbide erakargarria da. Irungo auzo gehienak zeharkatzen ditu”, adierazi du Ibon Muñoz Super Amara BATeko kirol zuzendariak: “Ahalik eta lauena izan dadin saiatu gara. Bi malda daude, baina luzeak eta eramangarriak. Ez dira pikoak”. Gipuzkoako Atletismo Federazioko epaileek egiaztatu dituzte distantziak.
“Bi malda daude, baina luzeak eta eramangarriak dira”
Ibon Muñoz, Super Amara BATeko kirol zuzendaria
Lasterketak hurrengo urteetan ere jarraipena izan dezan, parte hartzailea ahal bezain beste zaintzeko ahalegina egin du BATek: musika ibilbidean zehar, erbiak erritmoa markatuz, kontsigna, dutxak, tarteko denborak eta korrikalariaren poltsa betea, besteak beste. “Lasterketetarako inoiz egin dugun kamisetarik onena eskainiko dugu”, baieztatu du Muñozek. Izan ere, klubak orain arte antolatu dituen ekimenetan handiena da jada Irungo Maratoi Erdia. Sariekiko politika ez da aldatu, alabaina. “Kanpoko korrikalariak eskaini zaizkigu, baina herri lasterketa izan dadin nahi dugu”, azpimarratu du Ibon Muñozek. Hori dela eta, Leire Sport dendan gastatzeko baleak izango dira sariak.
Berritasun nagusiak
Ibilbidean zehar argazkiak aterako dituzten argazkilariez eta photocall-az gainera, helmugako bideoa ere egongo da lasterketan. Beste berritasun nagusia, Korrikalariaren Azoka izango da. Palmera Montero Gizarte Zentroan izango da, lasterketaren bezperan, goizez eta arratsaldez. Materiala probatzeko aukera egongo da, eta kirolarien interesekoak izan daitezkeen zenbait hitzaldi ere bai. Ibon Muñozek azpimarratu du boluntario kopuru handia beharko dutela antolakuntzan, 250 inguru. Interesa duenak batatletismo@gmail.com helbide elektronikora idatz dezake. Ordainsari xumea, kamiseta eta hamaiketakoa jasoko dute boluntario guztiek.
Lasterketarako izen emateei dagokienez, www.kirolprobak.com web gunean egin daitezke, edo Mendibil Merkataritza Gunean dagoen Leire Sport dendan, bestela. 28 euro balio du maratoi erdiko dortsalak, eta 16 proba laburrekoak. Orain arte, izena emandakoen %66k maratoi erdian parte hartuko du. Emakumezkoen parte hartzea %25 inguruan dabil.
Distantzia luzeko probak egin izan dira lehenago
Azken urteetan, distantzia laburragoetako lasterketak antolatu izan ditu Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak. Joseba Sarriegi klubeko kide beteranoak, aitzitik, gogorarazi du 70eko eta 80ko hamarkadetan dozena erdi maratoi erdi ere egin izan zirela, eta beste hainbeste maratoi. Gogoan du 1984an egin zela azken maratoia, Bidasoa Atletiko Taldea sortu zen urte berean, hain zuzen ere: “Espainiako Maratoi Txapelketa antolatu zuen garaiko Telesport klubak, Hondarribian egon ziren irteera eta helmuga, ibilbide lau bat bilatzearren”. Ordura arteko Espainiako maratoi marka onena lortu zuen Eleuterio Antonek (2:13).
“Gaur egun harremana hobea da udalekin eta udaltzaingoekin”
Joseba Sarriegi, BATeko kidea
Proba haren ondoren BAT sortu zen, eta aurrerantzean, pistako lehiaketetara bideratuko zituen indar gehienak. Azken aldian herri lasterketak antolatzen eskarmentua hartu du, hala ere, eta maratoi erdi bat antolatzeko erronkari heldu dio orain. “Egia da garaiak aldatu direla, eta orain harremana hobea dela udalekin eta udaltzaingoekin”, aipatu du Joseba Sarriegik. Gaiarekin lotuta, Pedro Alegre Kirol zinegotziak adierazi du ahalegin berezia egingo dutela lasterketak trafikoan izango duen eraginaren berri emateko.