Ababor azokak Ficoba estalpeko portu bihurtuko du martxoaren 24tik 26ra

Bueltan da Euskadiko azoka nautikoa: martxoaren 24tik 26ra bitartean egingo da, eta sarrera doakoa da. Azokaren bigarren edizioa berritasunekin dator, bela-lehiaketa birtual bat antolatuko baita. Gainera, 40 enpresa erakusketari eta 25 ontzitik gora bilduta amaitu da azokaren merkaturatzea. Martxoan, Estatuko sektore nautikoaren epizentroa bihurtuko da Gipuzkoa. Ababorrez gain, X. Nautika Biltzarra Donostian egingo du Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionalak (ANEN).

Ababor azoka nautikoaren bigarren edizioa hasteko hilabete falta denean, azoka merkaturatzeko prozesua itxi berri dute. 40 enpresak baino gehiagok berretsi dute erakusmahaia jarriko dutela. Askotariko sektoreak ordezkatuko dituzte konpainia horiek: motonautikoa, elektronika eta osagarriak, zerbitzu nautikoak, itsasoko segurtasuna eta klubak, arrantzarako osagarriak, turismo nautikoa, charterrak eta osagarriak.

Beren kontzesionario ofizialen bidez presente egongo diren markak ere asko izango dira: Jeanneau, Beneteau, Lagoon, B2 Marine, Rodman, Dufour, Rhea Marine, Fountaine Pajot, Tofinou, Wauquiez , Selva, Yanmar, Yamaha, Suzuki Marine, Volvo, Solé Diesel, Raymarine, Minn Kota eta Garmin.

Orain, bisitariak erakartzeko unea iritsi da. Haientzako aukera ederra dakar Ababorrek, enpresa erakusketari ugarien proposamenez gozatzeko betaz gain: jarduera paraleloen programa batean parte hartzea, EKPk (Euskal Kirol Portuak) diruz lagunduta antolatu dena. Besteak beste, hitzaldiak, mahai-inguruak eta jarduera praktikoak eskainiko dira.Programa osoa kontsultagai dago www.ababor.eus webgunean. Hor bertan eskuratu daitezke doan, izena eman ondoren, Ababor azokaren bigarren ediziorako sarrerak.

Enpresa erakusketari ugari izango dira, jarduera asko antolatuko dira azokaren programan eta erakundeen babesa izango du azokaren antolaketak EKP eta Gipuzkoa Turismoren eskutik, baita ANENen sostengua ere (Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionala, Espainiako itsas sektorearen patronala). Horrela, Ababor erreferentziazko hitzordua izango da itsas sektorearentzat.

Jarduera berritzaileak

eSAILING ABABOR 2023, horra hor aurtengo azokan estreinatuko den jardueraren izena. Bela-txapelketa birtual bat, guztiontzako pentsatua: bai bela-lehiaketetan eskarmentua dutenentzat, bai azokara bertaratzen den edozein zalerentzat. Ez da beharrezkoa aldez aurretik esperientzia izatea ez estropaden munduan ezta teknologian edo bideojokoetan ere. Azokaren hiru jardunaldietan txapelketak eta lehiarik gabeko partidak antolatuko dira.

Elkarrekin Ababor

Elkarrekin Ababor ekimenak oso harrera ona izan zuen, eta aurten berriz ere antolatuko da. Martxoaren 18an, elkarrekin jardungo dute EKPk (Euskal Kirol Portuak), Hondarribiko Klub Nautikoak, Euskadiko Bela Federazioak, Gipuzkoako Bela Federazioak eta Hondarribiko Udalak Txingudiko badian zenbait jarduera nautiko antolatzeko, azokaren aurrekari gisa.

Ekimen hauek antolatu dira, besteak beste: ainguratutako itsasontzi batetik egindako arrantza-lehiaketa, Hondarribitik Donibane Lohizunerainoko gurutze-ontzien itsasaldia eta Optimartxoa bela-estropada. Larunbateko ekitaldiei amaiera emateko, luntx bat eskainiko da 14:00ak aldera, Hondarribiko «Done Pedro» Arrantzaleen Kofradiarekin elkarlanean.

2022ko Ababorren esperientzia ona dugu aurrekari

Ababorren lehen edizioak (2022ko apirila) oso pozik utzi zituen bai enpresa erakusketariak bai Euskadiko lehen azoka nautikora etorri ziren bisitariak. Ababorren hurrengo edizioren batera etorriko liratekeen galdetuta, % 86k baietz erantzun zuten.

Ababorrek norabideari eusten dio, eta berretsi egiten du azokaren nortasuna; alegia sektore horren inguruan diharduten enpresa eta zerbitzuen sarearen erakusleiho komertziala izan nahi duen ekitaldi bat dela, eta topagune bat ere bai aisialdiko nautika, eta itsasoarekin eta uretako jarduerekin lotutako turismoa gustuko duten profesional eta pertsonentzat.

ANENen kongresu nautikoa

ANEN Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionalak antolatutako kongresu nautikoa (Congreso Náutico) Gipuzkoan egingo da aurten (Kursaalen, martxoaren 9an eta 10ean). Horrela, sektore nautikoaren ardatza izango da hilabete horretan gure probintzia. Kongresu nautikoaren 10. edizioa izango da, eta betiko xedea izango du: sektore nautikoaren agenda osatzen duten puri-puriko gai guztien inguruko eztabaida sustatzea 2023ari begira. Horretarako, hitzaldi motibagarriak, analisiak, hausnarketak eta ekintzarako jarraibideak eskainiko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude