Azken urteotan aisialdirako gazte lokalak ugaritu dira. Irunen, 100 baino gehiago izatera ere irisi dira. Udaleko Gazteria Arloak erabiltzaileen eta bizilagunen arteko
bizikidetza bermatzea xede duen Protokoloa abian jarri du. Udala kontent dago orain arten izan dituen
emaitzekin.
Protokoloak gomendio batzuk jasotzen ditu, lokalen baldintzei eta funtzionamenduari buruzkoak. Halaber, bitartekotza zerbitzua eskaintzen du, denon interesak eta eskubideak harmoniza daitezen.
Gazteek, atxikipen-itun baten bidez, gomendioak betetzeko konpromisoa har dezakete. Jabeek badakite zein den gazteei lokal bat alokatzeko gutxienekotzat jotzen dituen baldintzak eta bizilagunek aukera daukate sortzen diren arazoak adiskidetasunez konpontzeko. Helburua ez da jarduera-lizentziarik ematea.
Emaitza onak
Gazteria Arloa pozik dago orain artekoan Protokoloak emandako emaitzekin. Hezi-tzaile bat lokalez-lokal informazioa zabal-tzen ari da eta Udalak bizilagunen elkarteekin nahiz gazteekin bilerak egin ditu. Bai batzuek bai besteek interesa eta parte hartzeko gogoa agertu dute.
Gazteen aldetik, lehenengo atxikipenak ere eman direla azaldu dute Gazteria Arlotik.
Bitartekaritza zerbitzuari dagokionez, aurreneko kasuak kudeatzen hasi da. Honi esker lortu da arazoak izan dituzten zenbait bizilagunek, polizari deitu beharrean, bitartekaritzara jotzea.
Gazteria Arlotik azpimarratu dute Protokoloa denon ekarpenetara irekia dagoen bidea dela.
Gazteen iritzia
Gazteen iritzia jasotzeko asmoz, bi lokaletako erabiltzaileei bisitan joan zaie Irunero.
Lokala kalean bildu behar ez izateko alokatu zutela diote. Gazte bakoitzak 15 bat € ordaintzen ditu hilero. Bertan jokatzea, telebista ikustea eta afaltzea bezalako jarduerak egitea dituzte gustuko.
“Bizilagun gehienekin ongi moldatzen gara, baina beti bada baten bat edozer konturengatik haserretzen dena”, diote Eguzkitza kaleko talde batekoek. Berio kaleko taldeak lokala alokatu berria du. “Aurrekotik bota gintuzten, insonorizatuta ez zegoenez bizilagunei traba egiten genielako. Oraingo honetan ez dago arazorik, goian bulegoak ditugu eta”.
Bi koadrilek proposatutako ordutegiarekiko desadostasuna agertu dute. “Maiz hemen afaltzen dugu eta berandu arte geratzen gara. Zer egingo dugu, bada? Ixteko ordua iritsita kalera irtetzen bagara norbait molesta dezakegu”. Horixe, Eguzki-tzakoen kezka.
Oraindik proposamena sakon aztertu ez badute ere, orokorrean konforme daude gainontzeko baldintzekin.
Lokalaren baldintzak
– Behe-solairuetan egotea eta sarbide egokiak izatea.
– Ur korrontea, instalazio elektriko egokia eta larrialdietarako argia.
– Komuna eta su-itzalgailua.
– Pertsona bakoitzeko 2na m2, eta gehienez 40 lagun.
Konpromisoak
– Atxikipen-dokumentua aurkeztea Udalean.
– Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea hirugarrenen aurrean.
– Lokala ez erabiltzea etxebizitza, komertzio edo salmenta-gune
modura.
– Higieneko, zarataren kontroleko eta segurtasuneko gomendioak kontua hartzea.
– Zarataren, bide publikoaren, edari alkoholdunen eta abarren
gaietan indarrean dagoen araudia betetzea.
Ordutegia
– Igandetik ostegunera, 09:00etatik 23:30era.
– Ostiral, larunbat eta jai-bezperetan: 09:00etatik 01:00era.
– 23:00etik aurrera soinurik ez egitea.