Erosketa bonuak urriaren 29tik abenduaren 4era trukatu ahalko dira hiriko establezimenduetan
Irungo Udalak Irun Aurrera erosketa bonuen bigarren kanpaina abiatu du. Urriaren 29tik aurrera egitasmora atxikitutako saltoki eta ostalaritza establezimenduetan bonuak trukatzeko aukera dago. Irun Aurrera bonuen lehen edizioak izandako arrakasta ikusi ostean, bigarren kanpaina honen bitartez Irungo merkataritza eta ostalaritzaren sektorea suspertzen jarraitu nahi da. Bonuen bigarren kanpainan 150 merkataritza gunek eta 20 ostalaritza establezimenduk baino gehiagok izena eman dute.
Irun Aurrera bonuen lehen kanpaina udako hilabeteetan zehar egin zen eta udazkenean egingo den bigarren kanpaina honen bitartez aurreko edizioko arrakasta errepikatzea bilatzen du udalak. Juncal Eizaguirre Hiriko Sustapenaren ordezkariak azaldu duenez, erosketa bonuen lehen edizioa 130 establezimenduk baino gehiagok izena eman zuten udan eta 8.000 bonu trukatu zituzten. Irun Aurrera ekintza planaren aurkezpenean iragarri zenez, udazkenean Irungo establezimenduetan trukatu ahalko diren bonuen bigarren kanpaina martxan jarriko da.
Bonuen bigarren kanpaina honek 150.000 euroko aurrekontua izango du eta, guztira, 10 euroko 15.000 bonu jarriko dira martxan. Miguel Angel Páez Ogasuneko ordezkariak azaldu duenez, “Irungo Udalak 6 milioi euroko aurrekontuarekin pandemiak hirian sortutako behar ekonomiko eta sozialak erantzuteko ahalegin berezia egiten ari da.
Kanpainaren lehen zatian egin zen bezala, bonuek ez dute inolako formatu fisikorik izango. Bonu bakoitzak 10 euroko balioa izango du eta kanpainara atxikitako establezimenduetan trukatu beharko da. Irundarrek bonuak erabiltzeko haien NAN zenbakia eman beharko dute eta programa baten bitartez pertsona bakoitzak erabilitako bonu kopurua zenbatuko da.
Irundarrak onuradun
Irun Aurrera bonuak Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako hiritarrek erabili ahalko dituzte. Guztira, Irundar bakoitzak 10 bonu erabiltzeko aukera izango du, horietako bi gehienez establezimendu bakoitzeko. Merkataritza establezimenduetan bonuak erabili ahal izateko gutxienez 30 euroko erosketa egin beharko da. Horrela, erosketa egiten duen irundarrak 10 euroko bonu bat erabiltzeko aukera izango du eta 20 euro ordaindu beharko ditu bakarrik erosketa burutzeko. Ostalaritzan, berriz, erosketa minimoa 20 eurokoa izan beharko da eta kasu horretan bezeroak 10 euroko ekarpena egingo luke soilik bere poltsikotik.
Zentzu horretan, Irun Aurrera bonuen lehen kanpainako baldintzak bere horretan mantenduko dira erosketa bonuen bigarren edizio honetarako. Hau da, ezingo da pertsona bat baino gehiagoren bonorik erabili erosketa bera ordaintzeko. Hau da, erosketa-txartel bakoitzak pertsona bakar baten bonuei lotuta egon beharko du. Gainera, ekimen honetatik kanpo geratzen dira alkoholdun produktuak soilik dituzten erosketak.
Establezimenduek urriaren 26ra arte izan zuten kanpainaren bigarren zati honetara batzeko aukera. Bonuak urriaren 29tik abenduaren 4era trukatu ahalko dira. Erosketa bonuen kanpainara atxikitutako establezimendu bakoitzak gehienezko bonu kopuru bat trukatu ahal izango du, kanpainara batzen diren negozio kopuruaren arabera. Irungo Udalaren webgunearen bitartez erosketa bonuen bigarren kanpaina honetara atxikitako merkataritza eta ostalaritza establezimenduen zerrenda kontsultatu ahalko da.
Bonuen kanpainari atxikitako establezimendu bakoitzak bereizgarri bat izango du, bere lokalean jar dezan eta kanpainan parte hartzen duela ikus dadin. Lehen edizioan bezala, hiriko denda eta ostalaritza-establezimendu txiki guztiak batu ahal izango dira, 400 m2-tik gorako elikagaiak eta edariak saltzen dituzten lokalak, gasolindegiak, estankoak, enpresa handien filialak edo estatuan edo nazioartean ezarpen handia duten enpresak izan ezik.
Aurreko esperientzia lagun
Irungo Félix Manso jatetxeak eta Chocolates de Irun gozo-dendak Irun Aurrera bonuen egitasmoaren lehen zatian parte hartu zuten. Félix Manso Ibarla jatetxeko Sonia Garcíak eta Cholates de Irun gozo-dendako Aitziber Falquek azaldu dutenez, erosketa bonuen lehen kanpainarekin izandako esperientzia oso positiboa izan da, izan ere, bi establezimenduetan hiritarrentzat erabilgarri zituzten erosketa txartel guztiak agortu zituzten denbora gutxian. Sonia Garcíak adierazi duenez, “egitasmoa hasi eta lehen bi asteetan jatetxeko erosketa bonuak agortu ziren”.
Sonia Garcíak azpimarratu duenez, Félix Manso Ibarla jatetxearen kasuan, ohiko bezeroez gainera, erosketa bonuen egitasmoari esker jende berria hurbildu da jatetxera. Chocolates de Irun gozo-dendako Aitziber Falquek azaldutakoaren arabera, bezeroak bonuen bigarren edizioaren esperoan daude, “erosketa txartelen bigarren edizioa martxan jarri aurretik bezeroak bonuengatik galdetzen hasiak dira”. Chocolates de Irun gozo-dendan ia egunero bezero berriei harrera egiten diete eta denda ireki zenetik urtebete bete ez denez, Aitziber Falquek adierazi duenez horrelako ekimenak oso lagungarriak dira Irunen saltoki berriak aurrera ateratzen laguntzeko.
Bonuen lehen edizioak izandako arrakasta ikusita, Irungo bi establezimendu hauek Irun Aurrera bonuen udazkeneko kanpainan parte hartzeko izen-ematea egin dute jada. Félix Manso Ibarla jatetxearen kasuan, bonuen bigarren kanpaina hau udazkenean zehar jatetxera bezeroak erakartzen jarraitzeko bereziki lagungarria izango zaiela espero dute. Sonia García areto zuzendariak azaldu duenez, “bonuei esker jendea segurtasun neurri guztiak errespetatuz etxetik ateratzera animatzen da eta gure jatetxean agintariek ezarritako prebentzio neurri guztiak errespetatzen ditugula ikusteko aukera dute”. Aitziber Falquek gaineratu duenez, “udalak urteko garai ezberdinetan honelako ekimenak abiatzea eskertzekoa da beti”.