EH Bilduren zuzenketa bati esker, Irungo Udaleko Herritarren Partaidetzarako Arloak ekarpenak biltzeko prozesu bat jarri du abian, Emigrazioko eraikina zenaren erabilerak zehazteko. San Migelen dago higiezin hori, eta, 2019ko maiatzean, Udalari laga zion Estatuak. Orain, kanpoaldea birgaitzeko lanak egiten ari dira bertan, eta, behin ekipamenduz hornituta, erreferentziazko puntua izango da auzoan. Hain zuzen ere, hemendik aurrera zehaztuko da zer ekipamenduz hornitu, herritarren eskutik.
Mónica Martínez ordezkariak gogoratu duenez, zuzkidura apartamentuak eraikiko dira eraikinaren zati handi batean, baina “beheko solairua auzotarrek eta gainerako irundarrek gozatzeko izatea nahi dugu. Zuzenketaren espirituarekin bat gatoz, eta, antzeko beste jarduketa batzuen esparruan egin izan dugunez, proiektua aberasteko, auzoari entzungo diogu, eta kontuan hartuko dugu auzotarren iritzia. Dagoeneko baditugu Auzo Elkartearen eta auzoko beste talde batzuen proposamenak, eta, orain, herritar guztiek parte hartu ahalko dute prozesuan”.
Prozesuaren helburua irundar guztien proposamen eta ekarpenak biltzea da, beharren programa bat osatzeko, udal teknikariei eraikineko guneak eta ekipamendua egokitzeko proiektua prestatzeko oinarri bat emango diena. Oraingoz, Lanbidek okupatzen duen eremua alde batera utzita, eraikinaren beheko solairuko 537 metro karraturen erabilera zehazteko jarri da abian partaidetza prozesua.
Elkarrekin Podemos – Ezker Anitza taldeko bozeramaile eta udal gobernuko kide David Nuñok nabarmendu du “herritarren ekarpenek gure hiriaren eguneroko bizitza hobetzen lagundu dezaketen adierazgarri” dela partaidetza prozesu hau. “Beren proposamenak bidal diezazkigukete, Udalak eta herritarrek elkarrekin San Migel auzoko elkarteen zentroa izango dena sor dezagun proiektu honetatik”.
Partaidetza prozesuaren lehenengo fasean, San Migeleko auzo elkarteak, auzoko beste elkarte batzuek eta gazte elkarteek lagunduta, hainbat proposamen egin ditu, eta, orain, beste fase bat hasiko da, herritar guztientzat. Auzo Elkarteak helarazitako ideien artean badira Elkartearen bulegoak eta adinekoentzako lokala lekualdatzea eta jarduerak antolatzeko erabilera anitzeko gune zabalak egokitzea.
Esan bezala, EH Bilduk proposatu zuen prozesu hau aurrera eramateko zuzenketa, eta, taldearen izenean, Ane Unanuek ontzat jo du martxan jarri izana. “Herritarren partaidetza gure lan ildo nagusietako bat da, eta irundarren iritzia kontuan hartzea onuragarria iruditzen zaigu beti. Auzorako erabilera eta ekipamendu sozial garrantzitsuak sortzeko aukera ematen du proiektu honek, eta ziur gaude partaidetzari esker proiektua aberastuko dugula”.
COVID-19aren ondoriozko murrizketak direla-eta, ez dago beste prozesu batzuen esparruan aurrez aurre parte hartzeko ohikoak diren saioak egiterik, eta, beraz, Internet da parte hartzeko bide bakarra. Horrela, web formulario soil baten bidez bilduko dira ekarpenak, www.irun.org helbidean.
Eraikin historikoa
Joan den udatik, Emigrazioko eraikina zenaren kanpoko inguratzailea birgaitzeko eta barnealdea garbitzeko lanak egiten ari dira; funtsean, fatxadaren eta estalkiaren egoera hobetzeko. Aurrekontua 547.539,44 eurokoa da, eta lanak egiteko aurreikusten den epea, hamabi hilabetekoa.
Egiturari dagokionez, Irungo Udalak bi zati horizontaletan banatu zuen eraikina: batetik, 763,75 m2-ko eremu bat (gutxi gorabehera, guztizko azaleraren % 16), eta, bestetik, bigarren finka, azalera osoaren % 83,98 eta 4.004,25 m2-koa. Horri esker, bigarren zatia laga ahal izan da, eta lehenengoa Lanbideri utzi. Era berean, eraikinaren % 84 horretako erabilerak ezartzeko azterketa bat aurreratu zuen Udalak, zeinaren arabera 40 zuzkidura apartamentu inguru eraikiko diren eta geratzen den tokia auzorako guneak sortzeko erabiliko den.
Gogoan izan beharra dago higiezina XX. mendeko Espainiako arkitekturaren maisu Alejandro de la Sotarena dela (Pontevedra, 1913 – Madril, 1996). 1963an eraiki zen, emigranteentzako aterpetxetarako, eta 4.768 m2 eraiki ditu, lau solairutan banatuta. Duela gutxi arte, Espainiako Enplegu Institutua eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala zeuden bertan, baina eraikinaren zatirik handiena ez zen erabiltzen.