Irungo Udaleko Obra arloak jakinarazi duenez, hasiak dira Udaletxeko estalkia eta leihoak ordezkatzeko lanak.
Cristina Laborda ordezkariak nabarmendu duenez, «oso obra garrantzitsua da; izan ere, Udaletxea bezalako eraikin enblematiko bat mantentzeko eta erosoago bihurtzeko egiten dira, eta ez da ahaztu behar, langileez gain, Irungo herritar guztiak ere pasa daitezkeela bertatik. Horrez gain, inbertsio jasangarria da, energia-gastua murrizten lagunduko digu eta».
Gaur egun, arazo batzuk daude, leihoetatik zein estalkitik barrena ura eta airea iragazten direlako. Gogaikarria da hori eraikinaren erabiltzaileentzat eta, gainera, energia-gastu handi samarra eragiten du.
Estalkia eta leihoak ordezkatuta, estalkiaren iragazgaiztasuna hobetuko da, bai eta estalkiaren eta leihoen isolamendu termikoa ere. Ondorioz, eraikin barruko erosotasuna eta efizientzia energetikoa hobetuko dira.
Lan hauetan estalkiaren estaldura ordeztuko da, egungo konpresio-geruzatik abiatuta esku-hartze minimo bat eginez. Teila guztiak aldatuko dira eta isolamendu termikoa gehituko da. Horrez gain, fatxadaren kanpoko zureriak kendu eta gaztainazko zur laminatuak jarriko dira. Kristal bikoitza eta aire-ganbera dute, isolamendu termiko eta akustikoa hobetzeko.
Eraikin historiko bat
Jarduketaren beste alderdi garrantzitsu bat da, Cristina Labordaren hitzetan, «hiriaren ondare artistiko-kulturalaren parte den eraikin historiko bat behar bezala zaintzeko beharra». Izatez, obrak Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena jaso du, eraikin babestua baita: leihoen estetika noblea mantenduko da, eta tratamendu berezia emango zaie eraikinaren puntu batzuetan dauden artista beiragileen lanei.
Irungo Udaletxea 1756an hasi ziren eraikitzen, Fernando VI.aren erregealdian, eta 1763an inauguratu zuten. Ordurako Carlos III.a zen erregea, eta horregatik ikusten da haren profila ate nagusiaren gaineko medailoian. Felipe Crame izan zen arkitektoa, Donostiako gotorlekuko ingeniari komandantea, eta garai hartan Udal Kontzejuko presidentea Domingo Olazabal Ramerí zen, Arantzateko jauna, hiriko lehen alkatea izango zena 1766ko otsailaren 27an Hondarribitik erabat independizatzea lortu zuenean.
Lanak egiteko, aldamio bat muntatuko da eraikinaren fatxadetan, lanak behar besteko segurtasunarekin egiteko. Enpresa esleipenduna Construcciones Echaide SA da. Lanek 487.761,62 euroko kostua izango dute, eta 5 hileko exekuzio-epea.