Abisu, kexa eta Iradokizunen zerbitzuaren jarduera %15 hazi zen 2023an

Abisu, Kexa eta Iradokizunen, AKI,  zerbitzuaren jarduera %15 hazi zen 2023an. 1997an martxan jarritako zerbitzu horren bitartez herritarrek proposamenak edo iritziak helarazten dizkiote udalari dal-zerbitzu jakin baten garapenaren inguruan. Hori egiteko ohiko bideak dira HAZen bulegora hurbiltzea, udalaren web orria edo egoitza elektronikoa erabiltzea, 010 arreta-telefonora deitzea edo Irun App aplikazioaren erabiltzea.

Sergio Javier Herritarren Parte-hartzeko ordezkariak azaldu duenez, udalaren eta herritarren arteko komunikazio-kanalek gero eta jarduera handiagoa dute. “Herritarrek gehiago ulertzen eta ezagutzen dituzte eskura dituzten baliabideak, eta horri esker, gehiago parte har dezakete hiriko kontuetan”, adierazi du Herritarren Parte-hartzeko ordezkariak. Udalari oso baliagarria zaio informazio hori, Sergio Javierren hitzetan, “alde batetik, herritarrek zer kezka dituzten ikusteko eta udal-kudeaketan zer hobetu daitekeen antzemateko-eta, eta, bestetik, udaletik komunikazio bakoitzari ematen dion erantzunaren kalitatearen jarraipena egiteko”.

2023a errekorreko urtea izan da AKI zerbitzuan, eta jarduera %15 hazi da 2022koarekin alderatuta. Iaz, 6.234 abisu erregistratu ziren; 2022an, berriz, 5.401 (4.629, 2021ean, eta 4.685, 2020an). Bide-garbiketa eta parke eta lorategiak dira hurrenez hurren, abisu, erreklamazio eta iradokizun gehien jasotzen dituzten alorrak. Erreferentzia gisa 2022a hartuta, hazkunde handiena izan duten gaiak bide-garbiketa eta parkeak eta lorategiak izan dira.

Gehienak telefono bidez

Herritarrek beren iruzkinak egiteko erabiltzen dituzten bitartekoei dagokienez, telefonoa eta Internet 2022an baino gehiago erabili ziren, aurreko urteetako joerari eutsiz, eta, zehazki, telefonoa erabili da gehien abisu, kexa eta iradokizunak komunikatzeko. Kanal telematikoa 2001an abiatu zen, eta zabalduz joan da pixkanaka, eta goranzko joerari eusten dio oraindik ere, nahiz eta oraindik ez izan telefono bidezko komunikazioa bezainbestekoa. 2023an, 1.876 sarrera jaso dira bide telematikoz. Nabarmendu behar da App bidez 425 sarrera aurkeztu direla. Kopuru horrek erakusten du bide horrek harrera ona izan duela herritarren artean.

Bestalde, aipatzekoa da zerbitzuak bitartekari-lana ere egiten duela, abisu, kexa eta iradokizun batzuk beste administrazio batzuentzako edo kanpoko entitateentzako izaten baitira. Udalaren bitartez, atarian jasotako abisu, kexa eta iradokizunak alor horretan eskumena duen administrazioari bidaltzen zaizkio. 2023an, 1.661 abisu izan dira, eta Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateak jaso ditu berriz ere gehien, 1.535 jaso baititu, alegia, entitate horrek izan du jarduera handiena abisu, kexa eta iradokizunen alorrean.

Titularra identifikatu den abisuetako genero-azterketan ikusten denez, aurreko urteetan bezala, oraingoan ere emakumeek aurkeztu dituzte abisu, kexa eta iradokizun gehien.

25 urtetik gora zerbitzuan

AKI zerbitzua duela 25 urte baino gehiago aktibatu zen, HAZ irekitzearekin batera, eta lehen urteetan azkar eboluzionatu zuen; izan ere, herritarrek ikusi zuten zerbitzu horrek funtzionatzen duela eta arazoak konpontzen dituela. Gerora, 2006tik aurrera, maila nahiko konstante mantendu da. Abian jarri zenetik, AKI zerbitzuak 103.678 abisu, kexa eta iradokizun erregistratu ditu 2023ko abenduaren 31ra arte.

Egindako azterketa estatistikoaren arabera, jasotako abisu eta kexen banaketa oso homogeneoa da hiri osoan, eta auzoen araberako estatistikari jarraituz, oso orekatua izan da, horietako bakoitzean bizi diren pertsona-kopurua kontuan hartuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude