ACUBI elkarteak udako merkealdirako aholkuak gogoratu ditu

Urtero bezala, jada eskualdeko merkataritza-establezimenduetan eta saltoki handietako erakusleihoetan merkealdia iragartzen duten kartelak ageri dira. Horregatik, ACUBIk, Bidasoako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen elkarteak, kontsumitzaileek merkealdian erosteko dituzten eskubideei buruzko informazioa zabaldu du, hainbat gomendiorekin batera.

ACUBI elkarteak gogoratu duenez, beherapena duten artikuluak salmenta horren aurretik finkatutakoa baino merkeago eskaintzen dira. Horretarako, beherapenaren prezioa finkatzeko orduan, ohiko prezioarekin batera beheratutako prezioa erakutsi behar da, ehunekotan edo zifratan. Administrazioak, ofizioz edo erosleak edo kontsumitzaile-elkarte batek eskatuta, ohikotzat jotako prezioaren benetakotasuna frogatzeko eskatu ahal izango du. Merkealdian eskainitako artikuluek aurrez ohiko salmenta-eskaintzan sartuta egon behar izan dute eta, horrekin batera, debekatuta dago hondatutako artikuluak eskaintzea, bai eta merkealdirako berariaz erositakoak ere. Merkealdiko salmenta eta iraupena kanpotik ikusteko moduan jarri behar da, baita establezimendua itxita dagoenean ere.

Bidasoako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen elkarteak azpimarratu duenez, merkealdian erositako produktuak itzuli egin daitezke, baldin eta establezimenduak urteko gainerako orduetan, oro har, artikuluen itzulketak onartzen baditu. Erositako artikulua akastuna bada (eta saldoa ez bada), kontsumitzaileak produktuaren itzulera eskatzeko aukera izango du, nahiz eta establezimendu horrek salmenten politika orokorrean itzulketarik ez onartu. Gainera, bezeroak erosketa ordaintzeko modua aukeratzeko eskubidea du; establezimenduak normalean onartzen badu txartelarekin ordaintzea, egun horietan ezin du ordainketa modu hori ukatu. Osasun krisia dela eta, eskudirutan ordaindu beharrean, txartel bidezko ordainketa egitea orokortu da. Beraz, beheratutako artikuluek behar bezala markatuta eta beherapenetan ez dauden artikuluetatik bereizita egon beharko dute, nahasketarik gerta ez dadin.

Gomendioak
ACUBI elkarteak merkealdian modu koherente eta arduratsuan erosteko aholku hauek jarraitzea gomendatzen du. Alderatu produktu beraren edo antzekoren hainbat establezimendutako prezioak. Egiaztatu produktuen kalitatea, saldoak ez direla edo akatsik ez dutela. Produktua erosi aurretik, establezimenduaren itzulketen politikari buruzko informazioa eskatzea aholkatzen da. Eskatu beti erosketaren egiaztagiria eta berme-dokumentuaren zigilua.

Internet bidez egindako erosketen kasuan, atzera egiteko eskubidea dago, eta horrek, kontratua 14 egun naturaleko epean bertan behera uzteko aukera ematen du, produktua jasotzen den egunetik zenbatzen hasita, inolako arrazoirik argudiatu beharrik gabe eta zigorrik gabe. Bermeak eta erreklamazioak merkealdi garaitik kanpokoak bezalakoak izan behar dute. Era berean, establezimendu eta saltokietako kartelek eta publizitateak beheratutako produktuak “merkealdi” gisa iragarri behar dituzte, eta ez dituzte termino nahasiak erabili behar, hala nola “saldoak” edo “likidazioa” bezalakoak. Gainera, publizitatea loteslea denez, hura betetzea eska daiteke, eta, beraz, produktuaren publizitatea eta haren ezaugarriak, jarraibideak eta katalogo komertzialak gordetzea gomendatzen da. Edozein irregulartasunen aurrean erreklamazio-orriak eskatu behar dira. Kreditu-txartelen erabilera arduratsua egitea gomendatzen da. Pentsatu behar da, kobrantza hori banku-kontuan berehala kargatuko ez bada ere, lehenago edo geroago iritsiko dela, eta, beraz, kontsumitzaile bakoitzak ondo pentsatu behar duela zenbaterainoko gastua har dezakeen bere gain.

Osasun-gomendioak
Establezimenduak ezarritako edukiera-muga pazientziaz errespetatu beharko da, Covid-19aren kutsatzeak saihestearren hartutako neurrietako bat baita. Era berean, probageletara sartzeko langileen jarraibideak errespetatu behar dira, bai eta probageletan sartzeko gehieneko jantzi kopuruari dagozkionak ere. Ez sartu segurtasun-neurriak errespetatzen ez diren establezimenduetan, ezta jendetza pilatzen den establezimenduetan ere, barruan zein kanpoan. Erabili gel hidroalkoholikoa establezimenduaren sarreran. Azkenik, ez ahaztu maskara erabili behar dela barruko espazioetan, bai eta kanpoko espazioetan ere, pertsonen arteko 1,5 m-ko distantzia errespetatu ezin denean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude