ACUBI Bidasoako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen elkarteak 1.038 kontsulta jaso ditu guztira 2019 urteko lehen sei hilabeteetan zehar. Horietatik, 896 kontsulta Irunen egin dira eta 146 , berriz, Hondarribian egin direlarik. Kontsulta horiek egiteko zerbitzu honen 597 erabiltzaile ACUBIren bulegoetara hurbildu dira, 230 erabiltzailek telefonoz egin dituzte haien kontsultak eta 65 pertsona posta-elektronikoaz baliatu dira haien galdera transmititzeko.
Denbora tarte berean 2018 urtean jasotako kontsulta kopuruarekin alderatuta, 2019 urtean hiritarrek egindako kontsulten kopuruak gora egin du Irunen eta Hondarribian, izan ere, guztira 71 zalantza gehiago argitu baitira aurten joan den urtearekin alderatuta. Hain zuzen ere, hazkunde hau nabarmenagoa izan da Irunen egindako kontsultetan, izan ere, 67 zalantza gehiago argitu dira, Hondarribian, berriz, aurreko urtearekin alderatuta soilik 4 kontsulta gehiago jaso direlarik.
Kontsulta kopuru handiena, zehazki 273, etxebizitzen alokairuarekin loturikoak izan dira, horien artean, errenten berrikuspenaren ingurukoak zalantza asko argitu direlarik. Jarraian, bizilagunen komunitatearekin loturiko 235 zalantza jaso dira, gehienak ordaintzen ez duen bizilagun baten kontrako erreklamazio prozesuarekin loturik. Telefoniarekin loturiko 93 kontsulta jaso dituzte ACUBIn, horietako asko, fakturazioaren gaiarekin zerikusia zutenak. Banketxeen inguruan argitutako 81 zalantzetako asko zoru-klausulak eta gastu notaraliekin lotutakoak izan dira eta, aseguruen inguruan, berriz, 80 izan dira jasotako kontsultak.
Ibilgailuen erosketek ,berriz, 35 zalantza sortu dituzte Bidasotarren artean, etxebizitzekin loturiko 32 eta gremioen kontratazioaren ingurukoak 26 izan direlarik. Bestetik, 21 pertsonek ACUBIra jo dute zerbitzu juridikoekin loturiko zalantzak argitzeko, aireko garraioak 17 kontsulta sortu dituen bitartean. Administrazio publikoak eskainitako zerbitzuak, berriz, 16 galdera sortu ditu hiritarren artean.
Agindarra (15) eta gas naturala edo butanoarekin (11) loturik jaso diren kontsulten artean, galdera gehienak fakturekin loturikoak izan dira. Ezin ziren falta internet bidezko salerosketen inguruko kontsulta eta, guztira, mota honetako 10 zalantza argitu dituzte ACUBIn. Azkenik, kontsulta kopuru txikiena etxez-etxeko salmenta (6) eta altzarien erosketari (5) buruzkoak izan dira.
Udako oporrak
Udako oporrak direla eta, abuztuaren 5etik irailaren 2ra ACUBIren bulegoak itxita egon dira. Oporrak igaro ostean, Irungo bulegoa irailaren 3an hasiko da berriro ere lanean, Hondarribian, berriz, zerbitzuak irailaren 5etik aurrera berreskuratuko du ohiko ordutegia.
Zalantzak argitzeko bulegoak
Erabiltzaileen esakariei erantzunez ACUBIk Hondarribian hiritarren zalantzak argitzeko erabiltzen duen bulegoaren ordutegia zabaltzea lortu da. Honela, Hondarribiko Kasino Zaharreko Zaharren-Etxean kokaturik dagoen bulegoa ostegunetan goizeko 10:00etatik 13:00etara zabalik dago. Era berean, erabiltzaileen eskakizunei erantzun nahiean, hilebtean behin bada ere, bulegoa zabaltzeko aukera topatu da eta hilabeteko azken asteartetan arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara bulegoa zabalik egongo da erabiltzaileen zalantzak erantzuteko.
ACUBIk Irunen duen bulegoa, berriz, Leandro Aguirretxe plazako 1. zenbakian kokaturik dago, zehazki, 2. solairuko 1. bulegoan. Hortaz gain, 943632194 telefono zenbakiaren bitartez erabiltzaileen zalantzak argitzen dituzte ere. Bulegoaren ordutegia, Irunen kasuan astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan zabalik dago 9:00etatik 13:00ak arte. Arratsaldean, soilik, aurretik eskatutako hitzorduak dauzkaten bazkideei zerbitzua eskaintzen zaie.