Adineko pertsonen bakardadea saihesteko programa abiatu du Irungo Udalak

Cristina Laborda ordezkariak jakinarazi duenez, aste hauetan, adinekoen bakardadeari aurrea hartzeko urteko programari berrekingo dio Irungo Udalak. Joan den urtarrilean jarri zen abian programa hori, azken urteotan aurrera eramaten ari den ekimen baten barruan, eta, batik bat, udalerrian bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako adinekoentzat da.

“Garai zailak bizi ditugun honetan, adinekoek bereziki, programa hau inoiz baino zentzuzkoagoa da. Bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako irundarrekin harremanetan egoteaz ari gara, eta oso prebentzio baliabide garrantzitsua da hori, gizartetik bakartuta geratzeko arriskuaren adierazleak detektatzen laguntzen baitigu. Gaur-gaurko gaia da hori, eta Udalak urte asko darama arreta jartzen, zailtasun larriak ekar baitiezazkieke bakarrik bizi diren adinekoei, are gehiago pandemia honetan”, azaldu du ordezkariak.

Programaren bidez, Gizarte Ongizateko Arloak duen informazio guztia ematen zaie bakarrik bizi diren adinekoei, eta zahartze aktiboa sustatzeko tailerrak (oroimena lantzeko ariketak, etab.) antolatzen dira. Aurten, Irunen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako 240 lagun bildu dira programara, eta, beraz, batik bat, horiek jasoko dute programan parte hartzeko eta prozesua martxan jartzeko aukera emateko gutuna.

Alarma egoerak iraun duen bitartean
Programa sendotzeko, aurreko urteetan dena delakoagatik programan parte hartzeari uko egin dioten pertsonak ere hartuko dira kontuan, orain interesik balute ere. Guztira, lehen seihilekoan, Udala 168 adinekorekin harremanetan jarri zen. Cristina Labordak nabarmendu duenez, “programaren bilakabide betean, pandemia agertu zen, eta sortzen zihoazen behar berrietara egokitu behar izan zen programa. Tailerrak bertan behera geratu ziren, baina, urrutitik ere, bakarrik bizi diren adinekoekin harremanetan
jarraitu genuen, estimulazio kognitiboa eta abilezia sozialak lantzeko, konfinamenduak iraun zuen bitartean funtsezkoa baitzen hori”.

Orain, bigarren seihilekoari begira, Gizarte Ongizateko Arloa programan sartzen diren gainerako pertsonekin harremanetan jarriko da. Beti bezala, behin gutuna bidali eta gero, Gizarte Ongizateko Departamentuko profesional bat haiekin harremanetan jarriko da, elkarrizketa pertsonala egiteko hitzordua egiteko. Bisitarik nahi ez dutenek deitzaileari berari jakinaraz diezaiokete, edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarekin harremanetan jarri, idatziz edo telefonoz (010 / 943505152).

Ordezkariak adierazi duenez, “kasu hauetarako ezarritako neurriak kontuan izanik, pixkana-pixkana programaren errutinara itzultzea da helburua; funtsean, ahal den neurrian, tailerrak antolatzeari berrekitea, pandemiaren egoeraren arabera betiere”. Joan den urtean, elkarrizketatutakoen % 71ri diagnostikatu zitzaien egoera onean zeudela bakardadeari eta/edo narriadura kognitiboari zegokionez; % 22k, berriz, ez zuten harreman sozialik, eta % 3k narriadura kognitiboa zuten. Berrogei lagunek parte
hartu zuten paratutako hiru guneetako tailerretan: % 87,5 emakumezkoak ziren, eta % 12,5, gizonezkoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude