Adrián Crowley Bidasoa Irun taldeaz agurtu da

Maiatzaren amaieran Adrían Crowleyk Bidasoa Irun taldea eta eskubaloia utziko zuela jakinarazi zuen. Jokalari irundarrak azken 9 urteetan Bidasoako taldearekin jokatu du. Crowleyk taldea Asobal ligako txapeldunorde postuan utziko du eta bere agurrean azken hamarkadan eskubaloi taldeak bizitako bilakaera gogoratu du.

Aurtengoa zure azken denboraldia izan da Bidasoan?
Bai, aurreko egunean nire azken partidua jokatu nuen. Horren ostean, gainontzeko herritarren antzera bizitza arruntera itzuli naiz eta hauxe izango da nire kontaktua.

Koronabirusak baldintzatutako urte batean erretiroa hartzea konplikatuagoa izango da?
Bai, batez ere, zaleez agurtzeko aukerarik izan ez dugulako. Artalekun denboraldi amaierako ekitaldia eskaini ziguten eta oso polita izan zen. Urte konplexua izan da. Lehenago entrenatzen hasi ginen, koronabirusa dela eta etenaldi asko izan ditugu eta nahiko urte luzea izan da. Dena den, urte polita izan dela esango nuke.

Denboraldi amaiera hotza izan da Asobal kopako azken neurketarekin. Hala ere, taldeak sekulako denboraldia egin du?
Oso denboraldi ona izan da. Europako partiduak urrutiegi ikusten dira, aurreko denboraldia izan zela dirudi. Dena dela, lehen bira pasatzea lortu genuen ia talde-fasean sartzea lortu genuen. Gainera, ligan urte osoan zehar lehen eta bigarren postuen artean ibili gara, beraz, etorkizunean gogoratzeko denboraldia izan da.

Hasierako urte zailen ostean, azken denboraldiak izugarriak iruditu zaizkizu?
Taldera etorri nintzenean, Bidasoa Irun Bigarren B mailan zegoen eta pixkanaka gora egitea lortu dugu. Hau da, bigarren mailako zelaietan 100 pertsonen aurrean jokatzetik, Champions eta Europako partiduak jokatzea lortu dugu. Zalantzarik gabe amets bat izan da eta oraindik ez dut behar bezala baloratzen, guztia oso azkar gertatu baita.

Bidasoako harrobian ibili ostean, Iruñera joan zinen?
Bai, hemen Bidasoan hasi nintzen, baina Iruñeko eskaintza iritsi zitzaidan, bertara joan nintzen oso kirol eskaintza ona jaso nuelako. Bertan jokalari profesional gisa nire oinarriak ezartzeko aukera izan nuen. Ondoren, Bidasoara itzultzea erabaki nuen eta uste dut hartu nezakeen erabaki onena izan zela.

Askok jakingo ez duten arren, Bidasoan ibili aurretik dantzari profesionala izan zinen?
Nire izeba balleteko dantzari profesionala zen eta gustuko nuen. Irungo kontserbatorioan piano eta solfeo klaseak nituenez, ballet klasikoko klaseetan hasi nintzen. 18 urte bete arte dantzatzen jarraitu nuen, Iruñera joatea erabaki nuenean dantza utzi nuen arte.

Balletak eskubaloiko jokalari bezala zerbaitetan lagundu zizun?
Bai, izan daiteke, hainbat entrenatzailek zerbaitetarako balio izan didala esan didate. Batez ere, salto egiterakoan eta elastikotasunean aldea nabaritu nuela uste dut.

Nola jaso zenuen Bidasoara itzultzeko eskaintza?
Asobalen jarraitzeko aukeraren bat nuen, baina ez nuen batere argi ikusten. Ohitura ez galtzeko Bidasoarekin entrenatzen hasi nintzen eta denboraldi hasiera iritsi zenean kirol-fitxa egin zidaten eta horrela izan da bederatzi urtez jarraian.

Asobalera igo eta Artalekun play-offa irabazteko unea berezia izan zen?
Bai, momentu hori Bidasoan nire kirol ibilbideko unerik bereziena izan dela esango nuke. Bi faseetan galdu ostean ez genuen amaiera ikusten, eta Artaleku betearekin lorpena erdiestea, sekulakoa izan zen.

Taldea Asobalean egonkortu bitartean, osasun-arazoek zure ibilbidea oztopatu zuten?
Bai, iktusak eta sorbaldako lesioaren ondorioz etenaldia egin behar izan nuen. Une gogorrak izan ziren arren, lasaitasunarekin hartu nuen behar bezala berreskuratu eta indarberriturik itzultzeko. Medikuekin hitz egin nuen eta arazorik gabe berriro jokatzeko aukera izango nuela ziurtatu zidaten. Horretaz gain, klubak kontratua berritzeko aukera eskaini zidanean asko eskertu nuen.

Nola erabaki zenuen kluba uzteko garaia zela?
Egia esan, ez da gehiegi pentsatutako erabakia izan. Nire bizitzako lan-arloan hainbat aldaketa egon dira dendarekin loturik. Dendan ehungintza-negozioa handituz joan da eta, bestetik, bigarren aldiz aita izango naiz. Europa eta Ligako erritmoa jarraitzea kostatzen zitzaidala nabaritu nuen lana, entrenamenduak eta partiduak uztartzea konplikatua delako. Horregatik, taldea uzteko erabakia hartu nuen eta oso lasai nago erabakitakoarekin.

Zurekin batera Iker Serranok eta Sergio de la Saludek taldea utziko dute, besteak beste. Horrela, Bidasoan aro berri bat hasiko dela uste duzu?
Bai, guztira 5 jokalarik utziko dugu taldea, baina batez ere Iker Serrano eta Sergio de la Saludekin taldearen garapen prozesua partekatu dut hasieratik. Taldearen zimenduak hor daude, jokalari berrientzat lagungarriak izango direnak. Uste dut gu baino beranduago iritsi ziren jokalariek esperientzia nahikoa hartu dutela eta taldea aurrera eramateko gai izango direla.

Pentsatu duzu inoiz zure etorkizuna eskubaloiari lotuta jarraitzea?
Ez, oraingo ez. Urte asko izan dira eta uste dut deskonektatzea behar dudala. Nik eskubaloia maite dut eta asko jarraitzen dut. Dena den, oso desberdina da klub baten parte izatea. Hortaz, gustuko ditudan bestelako kirolak praktikatzeko aukera izango dut, adibidez, surfa edo snowboarda, orain arte lesionatzeko arriskuagatik ezin izan baititut nahi moduan praktikatu.

Nola agurtuko zinateke Bidasoako zaletuez?
Urte hauetan guztietan zaletuei berotasuna eta errespetua eskertu nahiko nieke. Orain ni ere zaletu berri bat izango naiz eta beraiekin batera kluba animatzen jarraituko dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude