AECC Gipuzkoak erretzeari uzteko online tailerra abiatu du

AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak erretzeari utzi nahi dioten pertsonentzako tailerra martxan jarri du. Online egingo den 8 asteko ikastaro hau doakoa da, eta erretzeari uzten esperientzia duen elkarteko psikologo batek emango du. Aukera berri hori aurretik elkarteak eskainitako zerbitzuari gehitzen zaio, izan ere, lehendik tailer hau modu presentzialean (bakarka edo taldeka) egiteko aukera eskaintzen zen Gipuzkoan elkarteak dauzkan sei egoitzetan (Donostia, Irun, Tolosa, Eibar, Zarautz eta Zumarraga).

Jarduera honen bidez, laguntza berezia eta profesionala eskaintzen da erretzeari uzteko erronkari aurre egiteko. Ekimen hori, orain, telematikoki ere egin daitekeena, interesdun guztiei sarbidea errazteko asmoa du. Otsailaren 3an hasiko da eta hurrengo asteazkenetan martxoaren 31 arte ordu eta erdiko saioak izango dira. Bi ordutegi daude aukeran: goizez, 11:30etatik 13:00etara, Laura Mongelosek emango du, eta arratsaldez, 17:00etatik 18:30etara, Maider Sierrak.

Tailer birtual horitan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 943 45 77 22 telefonoan edo gipuzkoa@aecc.es posta elektronikoan. Bestalde, web orria prestatu da erretzeari uzteko ekimen honetan parte hartzeko moduak azaltzeko.

Esperientziadun programa

Gipuzkoan 25 urtetik gorako esperientzia duen AECCren tabakoa erretzeari uzteko programak %60ko arrakasta-tasa du; beraz, tailerrera joaten diren hamar pertsonatik seik behin betiko uzten dute tabakoa. Saioetan, erabiltzaileak tabako-kontsumoa pixkanaka murrizten du erabat utzi arte, abstinentzia-sindromea kontrolatzeko tresnei eta etorkizunean berriz ez erortzeko autokontrol-teknikei esker.

Gaur egun, herrialde garatuetan, tabakoa da saihets daitekeen lehenengo heriotza-arrazoia, eta 15 minbizi-mota baino gehiagorekin lotuta dago zuzenean. 2020an, AECC Minbiziaren Aurkako Behatokiaren datuen arabera, birikako 480 minbizi-kasu berri atzeman ziren Gipuzkoan, 75 urtetik gorako pertsonetan eragin handiagoa zutenak, 195 kasu diagnostikatu baitzituzten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude