Ekainaren 22tik 29ra egingo dute, Hondarribian, Irunen eta Hendaian
Eskubaloi teknifikazio kanpusa antolatu dute Gurutz eta Julen Aginagalde anaiek. www.campusaginagalde.com web gunean izena eman daiteke dagoeneko. Azkar ibiltzea komeni da, 70 neska-mutilen muga gainditzerakoan izen-ematea isteko asmoa dutelako. 2001 eta 2010 urteen artean jaiotako haurrek izena-eman dezakete. Kanpusa ekainaren 22tik 29ra izango da, Txingudi Badian, Hondarribian, Irunen eta Hendaian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du Aginagalde kanpusak.
Hamahiru urte daramatzate Aginagalde anaiek elkarrekin jokatu gabe, Gurutzek 2005ean Bidasoa utzi zuenetik. Horregatik, ilusioz aritu dira anaiak, kanpusa antolatzeko lanean. Gurutz Aginagaldek baieztatu du aspaldi darabiltela ideia buruan: “Gure ilusioa da, eskubaloian hainbeste urte eman ondoren, ikasi duguna haurrei transmititu ahal izatea. Ez jokoari dagokionez bakarrik, kirolari lotutako balioak ere helarazi nahi ditugu”. 40 urterekin, Ciudad de Logroñon jokatzen du, gaur egun, Gurutz Aginagaldek. Julen Aginagaldek 35 urte ditu, eta Poloniako Kielcen ari da. Urtarrilean, Europako Txapelketan parte hartzen ari da Espainiako selekzioarekin.
“Gure ilusioa da, eskubaloian hainbeste urte eman ondoren, ikasi duguna haurrei transmititu ahal izatea”
Gurutz Aginagalde
“Haurrentzat beti izaten da atsegina haien erreferenteekin entrenatu ahal izatea”
Julen Aginagalde
Gaur egun Frantziako Billère taldean dabilen Aitor Etxaburuk eta Maria Azkue Zarautz K.E.ko emakumezkoen taldeko entrenatzaileak zuzenduko dituzte lan saioak. Aginagalde anaiez gainera, Jon Azkue eta Kauldi Odriozola Bidasoako jokalariek ere parte hartuko dute lan saioetan. Gainera, luxuzko bisitak jasoko dituzte haurrek: Montse Puche Bera Bera emakumezkoen taldeko entrenatzailea, Gonzalo Perez de Vargas F.C. Barcelonako atezaina edo Javier Álvarez Mata eta Jon Bustamante nazioarteko epaileak, besteak beste. “Bisitak erakargarriak izango dira. Haurrentzat beti izaten da atsegina haien erreferenteekin entrenatu ahal izatea”, adierazi du Julen Aginagaldek.
Eskubaloia baino gehiago
Eskubaloiaren alde tekniko-taktikoez gainera, elikadura eta kirol psikologia landuko dituzte, besteak beste. “Lesioei nola aurre egin ikusiko dugu, adibidez”, azaldu du Julen Aginagaldek. Hala ere, eskubaloia baino gehiago eskainiko du kanpusak. Juan Sebastian Elkano Hondarribiko aterpetxean hartuko dute ostatu, elkarbizitza lantzeko. Eta eguraldia lagun, abentura eta ur-kirolak egingo dituzte. “Txingudi leku egokia da halako kanpus bat antolatzeko”, aipatu du Gurutz Aginagaldek. Zehaztu du, dena den, haurrak dibertitzeaz gainera, haien hezkuntzan eta eboluzio pertsonalean sakontzea dutela helburu.