Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik osatutako bikoteak Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirreren aurka indarrak neurtuko dituzte Emakume Master Cup-eko finalean. Txapelketaren final handia apirilaren 4ko eguerdiko 12:00etan jokatuko da Urantzu pilotalekuan.
Emakumezkoen Laboral Kutxa esku pilota txapelketa hirira itzuli da 2021ean. Izan ere, aurreko urteko finala ere Irunen jokatu zen. Zehazki iaz, bi final jokatu ziren Urantzu pilotalekuan. Pilota goxuko finalean Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larremndik Galeano ahizpak garaitu zituzten belaunaldiarteko lehian. Pilota mistoan, berriz, Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi izan ziren gairaile Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldairen aurka jokatutako partiduan.
Borja Olazabal Kirol ordezkariak azpimarratu duenez, “Oso albiste ona da emakumezkoen mailako txapelketa bat Urantzura itzultzea. Gure hiriko frontoia horrelako ekitaldietarako aproposa dela eta antolatzaileen itxaropenei erantzuten diela erakusten du. Horretarako baldintzak betetzen direnean bakarrik bete ahal izango dugu publikoarekin”.
Finalerdien emaitza
Oraingoan Eskuz Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko finalerdien eta finalaren lekuko izango da pilotaleku irundarra. Finalerdiak martxoaren 20an jokatu ziren. Finalerdiko partiduetan Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi 10 puntuko aldearekin (22-12) garaitu zuten Naroa Elizalde eta Olatz Ruiz de Larramendik osatutako bikotea. Era berean, Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirrek 14 puntuko aldearekin (22-8) lortu zuten finala jokatzeko pasea Leire Garai eta Oihana Orbegozoren aurkako finalerdian.
Laboral Kutxako Emakumeen Master Cup-eko antolakuntzatik adierazi dutenez, finala nafarren eskarmentuaren eta bizkaitarraren eta gipuzkoarraren ilusioaren arteko norgehiagoka izango da. Izan ere, finalerdietako partiduetan ikusi zenez, bi bikoteek urte baino errazago garaitu zituzten aurkariak finalaurreko neurketetan. Hortaz gain, bere berezitasunekin, baina, biak oso ondo moldatzen diren bikoteak dira, jokoan kimika berezia erakusten baitute, beraz, lehen mailako finala ziurtatuta dago.
Finalerdietako lehen partidan etxean bakartuta dagoen Irantzu Etxebeste Naroa Elizaldek ordezkatu zuen. Lehen finalerdia ezustekoarekin hasi zen, izan ere, partida hasi aurretik inork gutxik espero zuen Olatz Ruiz de Larramendik aurrean jokatuko zuenik. Hortaz, Naroa Elizalde aurrean aritzea espero zen, baina buruz burukoan ohituagoa dagoelakoan, sakez ere min gehiago egin zezakeelakoan, Olatz Ruiz de Larramendik bere postua aldatzea erabaki dute aurkariak ezustean harrapatzeko asmoz. Dena den, estrategia erabat alferrikakoa izan zen eta ezinezkoa izan zen Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik osatutakoa bikote sendoari aurre egitea.
Partida erdian estrategia aldatzeko aukera izan zuten, hau da, Olatz Ruiz de Larramendi atzera bueltatzeko, baina berdin jarraitzeko erabakia hartu zuten. Final laurdenetan bezala, partida irabaztea uste baina errazagoa izan da iazko pilota goxoko irabazleentzat. Asko arriskatu gabe, hasiera-hasieratik markagailua aldeko izan zuten (6-1) eta alde hori ondo kudeatzen jakin dute. Azkenerako Iera Agirre izan zen sakearekin min handia egin zuena, denera zazpi tanto ere lortu zituelarik lehen pilotakadarekin eta amaieran baino ez ziren urdinak jarraian lau tanto egiteko gai izan, horrekin markagailua apur bat txukuntzeko aukera izan zutelarik (22-12).
Bigarren finalerdiak, berriz, hasiera eta bukaera oso desberdina izan zuen. Izan ere, hasiera oso lehiatu eta orekatua izan zen, oso piloteatua izan baitzen, bina eta hirunako berdinketekin, baina hortik aurrera Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre goitik behera nagusitu ziren. Partiduaren emaitzak erakutsi zuenez oso ondo konpontzen dira Gernikakoa eta zestoarra.
Bizkaitarra joko bolada izugarrian dago, saketik hasita, min handia egin die gasteiztarrari eta azpeitiarrari eta, bereziki bigarren zatian, erasoan distira handia erakutsi du, airez ere tantoa bikain amaituz. Eta joko horretarako lagun ezin hobea du Naroa Agirre. Oso pilotari segurua da zestoar gaztea, pilota gutxi galtzen ditu eta gaur gainera oso ondo moldatu da Oihana Orbegozori ezkerra topatuz. Tantoaren ekimena eurena izan da ia partida osoan zehar eta halakoetan Olatz Arrizabalagak ez du barkatzen. Lana eta jarrera ezin zaie ukatu Leire garai eta Oihana Orbeogozori, gasteiztarrak ale ederren bat utzi zuen, baina aurkariak gehiago direnean ez dago zer eginik.
Finaleko irabazleak erabakitzeko
Binakako Master Laboral Kutxa 2021eko finaleko garailea apirilaren 4an eguerdiko 12:00etatik aurrera erabakiko da Urantzu pilotalekuan. Finalerdiak bezala, finala ere, pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz, ate itxiekin jokatuko dira. Hala ere, ETBko kamerek zuzenean emango dute finaleko partidua.