Dultzaineroen hiru belaunaldiren errepertorioa bildu du Soinueneak
Dultzainaren doinuak lagundu izan ditu, urtetan, Irungo hainbat ekitaldi eta ospakizun. Bereziki ekainaren 29ko goizarekin lotzen du, jende askok, hirian. Bada, instrumentua Irunen zabaldu izana Agirretxe familiari zor zaio, neurri handi batean. Agirretxetarrak, Gipuzkoako dultzainaren testigantza disko-liburua argitaratu berri du Soinuenea Fundazioak, Irungo Udalaren parte hartzearekin. “Kolaborazio honen bidez, euskal musika tradizionalaren eta dultzainaren balioa azpimarratu nahi ditugu”, adierazi du Juncal Eizagirre Kultura arloko ordezkariak. Gainera, martxoaren 4an, Agirretxetarrak omentzeko emanaldia egin dute San Juan plazan, Meakako Adixkideak dantza taldeak antolatuta.
“Euskal musika tradizionalaren eta dultzainaren balioa azpimarratu nahi ditugu”
Juncal Eizagirre, Kultura arloko ordezkaria
1925ean Gipuzkoako Errezil herritik Irungo Katea auzoko Loiola baserrira etorritako familia da agirretxetarrena. Garai hartan, jada, herriz-herri ibiltzen ziren Joxe Mari, Joxe Manuel eta Alejandro Agirretxe anaiak. Grabazioak egin zituzten, eta dultzaina egile gisa ere nabarmendu ziren. Alejandro hil ondoren, beste bi anaiek Uranzu Dultzaina Taldea sortu zuten. Hurrengo belaunaldiko Konstantino eta Eugenio Agirretxek XX.mendeko bigarren erdian girotu zituzten Irungo kaleak. “Nik haiek ezagutu nituen, bereziki”, azaldu du Juan Mari Beltran editoreak, Soinueneako arduradunak: “1989an Eugenioren garajean grabazio saio luzea egin genuen. Hortik pieza asko hartu ditugu”.
Bi belaunaldi horien grabazioak agertzen dira Soinueneak argitaratu duen diskoan. Eta hirugarrenarenak ere bai, Iñaki eta Edurne Agirretxek parte hartu baitute oraingoan. Aita eta osaba oso tarte txikian joan zitzaizkien, 2013 eta 2015 urteetan. Horregatik, oso pozgarria izan da, hirugarren belaunaldiarentzat, familiaren ondarea biltzen duen diskoa plazan ikustea. “Artean haiek bizi zirela, bagenuen material guzti hura biltzeko asmoa”, onartu du Jose Luis Agirretxek. Izan ere, 2004an Juan Mari Beltranek Dultzaina Gipuzkoan 1950 arte liburua argitaratu zuen arte, sakabanatua zegoen agirretxetarren errepertorioa. “Liburu horrek informazio asko zuen, baina soinurik ez”, aitortu du Beltranek.
“Disfrutatzeko disko bat da, piezak osorik daude”
Juan Mari Beltran, Soinueneako arduraduna
Hori izan zen hurrengo urratsa. 2015ean, Soinueneak beste disko-liburu bat argitaratu zuen, Gipuzkoako dultzaineroen 56 piezarekin. Lan horren haritik, Agirretxe familiaren proposamena jaso zuen Beltranek, familiari propio eskainitako disko bereizia prestatzeko. Emaitza interesgarria izan dela uste du Soinueneako arduradunak: “Disfrutatzeko disko bat da. Aurrekoan piezen bertsio laburtuak bildu genituen, oraingoan, berriz, pizak osorik daude”. Liburuan familiaren eta musikarien ibilbideak, errepertorioaren inbentarioa, partiturak, grabazioen inguruko azalpenak eta beste zenbait bitxikeria topa daitezke. Testuetan, Jose Luis Agirretxek eta Juan Mari Beltranek parte hartu dute.
Dantzak plazan, Meakako Adixkideak taldearekin
Agirretxetarren errepertorioaren parte zabal bat dantzarako da. Hori kontuan hartuta, omenaldia eskaini die Meakako Adixkideak elkarteak, martxoaren 4ko eguerdian, Irungo Txistulari Taldea-San Juan Harri elkartearekin eta dultzainari talde batekin elkarlanean. Sei urte daramatza Meakako Adixkideak-ek, hilabete bakoitzeko lehen igandean herri dantza saioak eskaintzen, Irunen mutxikoak eta dantzak ekimenaren baitan. Zabaltzan lehenengo, eta San Juanen, ondoren. “Gure ondarea mantentzeko ekarpena da, belaunaldi berriei helarazteko asmoz aurrera eramandakoa”, adierazi du Joxemi Aranburu Meakako Adixkideak-eko presidenteak. Agirretxetarrak omentzeko ekimenarekin bat egin du elkarteak, oraingoan.