Aho zapore ona utzi du Ola Sagardotegiko Txotx Irekierak

Urtarrilaren 21ean Ola Sagardotegia sagardoaren festaren erdigunea bihurtu zen. Meaka auzoko mahai guztiak bete ziren denboraldiko sagardo berriari ongietorria egiteko. Julian Iantzi telebista aurkezleak izan zuen sagardoa dastatzen lehena izateko ohorea. Beraz, sagardoaren inguruko egun borobila izan zen.

Iñaki Bengoetxea Ola Sagardotegiko nagusiak txotx irekiera hasi baino minutu batzuk lehenago onartu du urduritasun punttu bat duela. “Gauzak nondik joango diren dakigunez eta bidea jorratuta dugunez, horrek lasaitasun apur bat ematen du”, adierazi du Iñakik. Beraz, sagardotegiko ateak ireki eta egunari hasiera emateko irrikitan egin zituen adierazpenak.

Omenaldi eguna

Olako txotx irekierak protagonista berezi bat izaten du urtero. Aurten Ola Sagardotegiak Julian Iantziri aipamen berezia egiteko aprobetxatu du aukera. Urtero Olako txotx irekierara hurbiltzen den horietako bat da Julian. “Gaur bezalako egun batean hemen egoteak esan nahi du zerbait ondo egin duzula”, adierazi du Julian Iantzik. Beraz, urtero sagardotegian norbaiti omenaldia egitea detaile polita dela aipatu du.

“Gaur bezalako egun batean hemen egoteak esan nahi du zerbait ondo egin duzula”

Julian Iantzi, 2024ko Ola sagardotegiko omendua

Iñaki Bengoetxeak iaz aurreratu zion Juliani 2024an omendua bera izango zela, nahiz eta momentu hartan Juliani ez zitzaion guztiz argi geratu. “Hurrengo urterako prestatzeko esan zidan, baina ez nuen argi izan aurkezteko edo omenaldia egiteko izango ote zen”, azaldu du telebistako aurkezleak. Hala ere, omenaldia berarentzat izango zela ohartu zenean poz handia hartu zuela onartu du. Izan ere, etxean “profeta” izateko aukerarengatik eskertuta azaldu zen.

“Gauzak nondik joango diren dakigunez eta bidea jorratuta dugunez, horrek lasaitasun apur bat ematen du”

Iñaki Bengoetxea, Ola sagardotegia

Dena den, omenaldiari garrantzia kendu gabe, Julian Iantzik azaldu zuen eguneko protagonista nagusia sagardoa izan zela: “sagardoa, sagardotegia eta Iñakiren eguna da gaurkoa”. Beraz, publiko artean nahastuta egon beharrean, aurten kupelaren aurrean jartzeko ohorea izan du Iantzik. Inguruan familiako kideak eta lagunak izan ditu. “Normalean emaztearen familiarekin etortzen naiz urtero, baina aurten ere nire familiarekin disfrutatuko dut egunaz”, adierazi du telebista aurkezleak. Julian Iantziren hitzetan, “oso egun polita da, bapo jateaz gainera, bertsolariekin giro polita sortzen baita, beti apur bat zirikatzen dutelako”.

Sagardoa protagonista

Ohiko moduan, deiadarra entzutearekin batera ireki ziren sagardotegiko ateak. Txalapartaren kolpeen erritmoan hutsik zegoen burdinola betetzen joan zen, San Martzial kupelaren aurrean jendea pilatu zelarik, Julian Iantzi omenduari dantzatutako Agurra gertutik ikusteko. Denboraldiko lehen txotxa egiteko momentua berezia da beti Iñaki Bengoetxearentzat. Nahiz eta urtero errepikatzen den zerbait izan, “ilusio handia” egiten dio beti. Ola sagardotegiko nagusiak aipatu du deiadarra hasten denean eta txalaparta jotzen hasten direnean une berezia dela berarentzat.

Udan sagardoa botilatik edaten dugu, baina jendeak nahiago du zuzenean kupeletik hartu eta sagardotegian betiko menuaz gozatzeko aukera”

Iñaki Bengoetxea, Ola sagardotegia

Behin aurkezpen lanak eginda, Julian Iantziren biografiari errepaso azkar bat egin zitzaion. Jarraian, Julianek basoa eskuan hartu eta txotxa irekitzeko momentua iritsi zen. Aitor Mendiluze eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek ere ez zuten urteroko hitzordua galdu eta bertan izan ziren jankideak bertsoekin gozarazteko. Txotx irekierako omenaldi ekintzak amaituta, upelak ireki eta bertaratutako guztiek izan zuten Olako sagardoaz gozatzeko aukera.

Iñaki Bengoetxeak aipatu du urtarrila iristen denerako jendea sagardo gogoz egoten dela. Hortaz, sagardotegien geldialdiaren ostean, jendeak atsegin handiz hartzen du denboraldiko lehen txotxa. “Udan sagardoa botilatik edaten dugu, baina jendeak nahiago du zuzenean kupeletik hartu eta sagardotegian betiko menuaz gozatzeko aukera”, nabarmendu du Iñakik.

“Jendeak hau zer den galdetzen didanean, sagardotegi bat dela erantzuten diet”

Julian Iantzi, 2024ko Ola sagardotegiko omendua

Julian Iantzik Sagardotegi giroak duen berezitasuna azpimarratu nahi izan du. “Kanpoko jendea sagardotegi batera hurbiltzen denean flipatuta gelditzen da”, aipatu du aurkezleak. Mahaian platerik edo mahai-zapirik ez izateak harrituta uzten dituela egiaztatu duela kontatu du. “Jendeak hau zer den galdetzen didanean, sagardotegi bat dela erantzuten diet”, aipatu du telebistako aurkezleak. Horrela, sagardotegietan sortzen den giroa aipatu du. “Kupelera hurbildu eta edozeinekin trago bat hartzeko eta berriketan aritzeko aukera primerakoa iruditzen zait”, nabarmendu du Iantzik. 2024ko Ola sagardotegiko omenduaren hitzetan, “gure kulturaren isla da, jendearekin mahi baten inguruan sagardoaz disfrutatzeko aukera ematen duena”,

Behin denboraldi berriari hasiera emanda, hurrengo hilabeteetan sagardoaz disfrutatzen jarraitzeko momentua izango da. Zehazki, maiatza amaierara arte egongo da horretarako aukera. Ola sagardotegiko giroaz disfrutatu nahi dutenek 943 62 31 30 telefono zenbakira deitu edo webgunearen bitartez egin beharko dute erreserba. Goraino beterik dauden upelak sagardozaleen esperoan daude dagoeneko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude