Ahots beteranoak Atzokoak abesbatzan kantari

Atzokoak 1985 urtean Donostiako Orfeoian edo Easo zein Ametsa bezalako abesbatzetan ibilitako irundarren musika koralarekiko zaletasunetik sortu zen abesbatza da. Egun, zuzendariaz gain, 25 ahots beteranok osatzen dute abesbatza irundarra. German Gaminde abesbatzako kideak azaldu duenez, abestaldeak ekitaldiz beterik dauka datozen hilabeteetako agenda.

Hasierako urteak atzean utzita, nola iritsi da abesbatza gaur egun arte?
Lehenik eta behin abesbatza osatzen dugun abeslariak beteranoak gara eta, ondorioz, aurretik bestelako abesbatzetan ibiliak gara. Abesbatzak estatu eta Frantziako katedral, antzoki, adinekoen egoitza edo auditorietan kontzertuak eman ditu orain arte.

Noiz eta non elkartzen zarete entseguetarako?
Astean bitan dauzkagu entseguak, astearte eta asteazkenetan, arratsaldeko 19:00etatik 20:30etara, baina, agendan dauzkagun konpromisoen arabera, entseguen iraupena luzatu daiteke.

Zein eratako musika motarekin lan egiten duzue?
Musika erlijiosoan oinarritutako errepertorioa daukagu, dena polifonian, musika herrikoiarekin tartekatua.

Atzokoak Abesbatzan sartu ahal izateko, aurretiazko musika ezagutzarik izatea beharrezkoa da?
Denak irundarrak garenez elkar ezagutzen gara eta musikalki bakoitzak izan ditzakeen mugak edo ahots motak ondo ezagutzen ditugu. Beraz, aurretik musika tladeren batean aritu den edonor sartu daiteke gurekin abestera.

Zeintzuk dira zuen hurrengo emanaldiak?
Emanaldi ugari dauzkagu hurrengo hilabeteetan. Maiatzaren 17an Anakako Kofradian kontzertua emango dugu. Maiatzaren 19an Irungo abesbatzekin batera Abesbatza Egunean parte hartuko dugu Amaia Antzokian.

Hurrengo astean, maiatzaren 25ean Pasionisten Elizan kontzertua izango dugu, izan ere, orain “Abesbatza Topaketak” izeneko ekintza berriari ekingo diogu eta Hendaiako Gazteluzahar abesbatza gonbidatu dugu. Etorkizunean abesbatzen arteko topaketak bultzatzea helburu duen ekimen honekin aurrera jarraitzea espero dugu.

Udarako hilabeteetan kontzertuak eskaintzen jarraituko duzue?
Bai, Ekainaren 8an Juncal Parrokian abestuko dugu. Jaien ostean, uztailean Santo Domingo de la Calzadako katedralean izango gara kontzertua eskeintzeko. Azkenik, uztaileko hilabetearen amaieran Behobiako parrokian kontzertua izango dugu auzoko jaiak ospatzeko.

Beste abesbatzekin elkartrukeak egiteko aukera aberasgarria da zuentzat?
Bai, bai gure abesbatzarentzat zein Irungo hiriarentzat, hemen hain ezagunak ez diren beste abesbatza batzuk ezagutzeko aukera izango baitugu. Horregatik, Udaleko Kultura arloarekin harremanetan jarri gara proiektu hau aurrera ateratzeko laguntzarik eman diezaguketen jakiteko, gastuak hor daudelako.

Irundarren artean publiko zabala izan ohi duzue?
Oso ona, askotan Amaia Kultur Zentroan ematen ditugu gure kontzertuak eta eserleku guztiak betetzea lortzen dugu kontzertu gehienetan, beraz, oso pozik gaude egun abesbatzak duen harrerarekin. Gainera, Santo Tomas egunean, abenduaren 21ean, gure egoitzan “txistorrada” antolatzeko ohitura dugu eta mundu guztia gonbidatzen dugu bertara. Honelako ekintzei esker ezagunak gara.

Etorkizunari begira, abesbatzaren erreleboan pentsatzen duzue?
Kezka hori daukagu, beteranoa den abesbatza bat garenez, ezinbestekoa da taldera jende berria erakartzea abesbatzaren etorkizuna bermatzeko. Horrela, orain arte betetako 34 urteak luzatu nahiko genituzke, jendeari abesbatzara batzeko beharrezkoa den formazio prozesua erraztuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude