Aiako Harria eta Parke Naturala hitzen arteko loturaz

Aspalditik Aiako Harria eta Parke Naturala hitzak elkarren ondotik doaz. 2007an Lapurriturri izeneko informaziogunea inauguratu zen natur ingurunera hurbiltzen diren bisitariei informazioa emateko. Bisitarientzako arreta zerbitzua eskaintzeaz gain, naturarekiko errespetua sustatzen duten jarduera dinamikoak antolatzen dira. Urkiri Salaberria informazio puntuko arduraduna da eta martxan den denboraldiko gakoak azaldu ditu.

Aurtengo denboraldian jasotako bisitekin pozik zaudete?
Bai, egia esan, errealitate berriaren barneko lehen urtea izan baita. Covid-19ak asko erakutsi digu eta oraindik pandemian hartutako zenbait neurri mantentzea erabaki dugu. Pozgarria da berriro kanpotik etorritako bisitariak jasotzen hastea. Pandemiaren ostean batez ere ikusi genuen haurrak zeuzkaten familia asko hurbildu zirela parke naturalera. Orain, normaltasunaren itzulerarekin, jaitsiera nabaritu dugu bai, nabari baita jendea kanpora joan dela. Dena den, nabari da beste hainbat bertan gelditu direla, gertuko turismoa egitea erabaki dute eta ikusi dugu familientzako beste aukera bat dela. Beraz, badirudi ohitura hori oraindik mantentzen dela eta gu pozik gaude.

Zein da informazio puntuan eskaintzen duzuen informazioa?
Irun Berdea zer den azaltzeari garrantzi handia ematen diogu. Izan ere, informazio puntu honen gakoa hori da; irundarrentzako puntua da batez ere. Bulegoan jasotzen ditugun bisitari gehienak Irungoak dira. Bisitari horiei parke naturala zer den azaltzen diegu. Zer nolako inguruan dauden azaltzeaz gain, txangoetan nolako portaerak izan behar ditugun gogoratzen diegu. Esan daiteke “erabiltzailearen eskuliburua” bezalako zerbait garela. Banatzen ditugun informazio orrietan ibilbide markatuak dauzkagu, marka horien esanahia adierazten da eta galtzekotan nola jokatu behar den azaltzen da. Era berean, inguruan dauzkagun animaliei buruzko informazioa ematen dugu. Bisitariei gogoratzen diegu ez gaudela parke tematiko batean, baizik eta parke natural batean.

Bertako bisitariez gain, turistak parke naturaleraino iristen dira?
Horretarako turista hitza definitu beharko genuke. Esango nuke hemendik agertzen diren turistak bidaiariak direla, naturarekin oso lotura estua baitute eta asko GR11 ibilbidea egiten ari dira. Aurten alemaniar eta Herbehereetako jende pila ikusten ari gara azken bi urteetako datuekin alderatuta. Beraz, ez dira erostera edo jatera datozen turistak, naturaz gozatu eta inguru honen bereizgarritasunaz gozatzeko asmoarekin datozen pertsonak dira.

Zuek antolatutako irteerek oso harrera ona izaten dute, ezta?
Bai, ikaragarria da. Guztira, irteera bakoitzean 20 toki eskaintzen ditugu eta doakoak izaten dira. Irteera horien bitartez eremu bera begi ezberdinetatik ikusteko ahalegina egiten dugu, irteera zuzenduko duten espezialistak ekarriz gurera. Mota guztietako adituak izaten dira. Historialariak, espeleologoak, arte ederretako adituak edo astronomoak gonbidatu izan ditugu. Horiei esker inguruan dugun aberastasunaz konturatu gara, toki berean egonda ere begirada lekuz aldatzean ikuspegia ere aldatzen baita, eta aberastasunaren handitasunaz jabetzen gara.. Erakargarriak dira bereziki familia osoarentzako pentsatutako irteerak direlako, adinen arteko bereizketa handirik egin gabe. Aurreko eguneko irteeran esaterako, parte hartzaileen artean 70 urte arteko aldea zegoen. Ederra da belaunaldi ezberdinak ekintza berberaz disfrutatzen ikustea. Hala ere, oraindik nerabeak erakartzea falta zaigu.

Noiz arte luzatuko da informazio puntuaren denboraldia?
Normalean urriko zubira arte lan egiten dugu. Aste Santuko jaiegunetan hasten gara zerbitzua ematen, baina ekaina iritsi arte ez dugu benetan denboraldia hasten. Informazio puntua astebururo eta jaiegunetan zabaltzen dugu.

Zein egoeratan dago Parke Naturala 2021eko sutearen ostean?
Parke Naturala oraindik sutearen ondorioetatik onbideratzeko bidean dago. Hain zuzen ere, hori da parkearen ezaugarri bat; natura zainduta, naturari bere bidea egiten uzten zaio. Horregatik errepikatzen dugu hainbestetan hau parke natural bat dela. Gizartearentzako funtsezkoa da parke naturalean gertatzen denaren diagnostiko bat egitea prospekzioa egin ahal izateko. Adibidez, narrastien mugimenduei erreparatzen diegu, txorien joan-etorriak jarraitzen ditugu edo desagertutako espezieez ohartzen gara. Horrekin guztiarekin gure hirietara iritsiko diren berri onak edo txarrak aurreratzeko gai dira adituak. Beraz, urteak beharko dira sutearen kalteak gainditzeko eta ez dakigu sutearen aurreko egoera guztiz berreskuratzea posible izango ote den. Natura parkeetan, naturari lan egiten uzten zaionean gertatzen dira gauzak. Adibidez, egur ustelak mota jakin bateko intsektuak erakartzen ditu. Horiek txoriak erakartzen dituzte eta txoriek beste harrapakariak. Guk ezin dugu jakin zer gertatuko den animalien arteko harreman horrekin, hau da, zein beste animalia erakarriko dituzten edo zenbat denboraz luzatuko diren harreman horiek. Zeregin horretaz basozainak eta aldundiko zerbitzuak arduratzen dira. Argi dagoena da kostako dela horrelako sute baten ondorioak gainditzea.

Parkearen barnean bisitari guztiak gizalegez portatzen dira?
Nire ustez jarrera desegokiak desagertzeko naturarekiko errespetuzko kultura zabaltzeko beharra dago. Uste dut errudunak bilatzearekin eta zigortzearekin ezer gutxi konpontzen dela. Beti aldarrikatu izan dut ezagutzan datzala maitasuna eta zuk maitatzen duzun zerbait ez duzu kaltetzen. Nire ustez, kultura hau zabaltzen jarraitu behar dugu, jendeak askotan gauzak ezjakintasunetik egiten baititu. Jende askok uste du parke naturalaren barruan garbiketa zerbitzua dugula eta ez da horrela. Aipatzekoa da Donostiako Klasikoa igaro ostean parkea inoiz baino garbiago gelditu zela. Parke naturala jendez lepo egon zen arren, hurrengo egunean inoiz baino garbiago zegoen eta hori da lortu behar duguna.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude