Ainara Maia, poesia idazlea: “Nire ustez poesia gauzak zeharka esateko modu bat da”

Ainara Maia Urrozek, “Muxuak” titulupean, 24 olerki bildu ditu bere azken poema-liburua argitaratzeko. 2012 urtean argitaratutako “Chansos d´amour” lanaren ostean, Iñaki Martiarena marrazkilariaren laguntza izan du bere lana irudiz osatzeko. Elkar liburu-dendetan eskuratu daiteke idazleak Zortziko argitaletxearen bitartez publikatutako azken lana.

Nolako harremana duzu poesiarekin?
Idazle profesionala ez banaiz ere, idazle kontsideratzen naiz, egunero literatura idazten baitut. Poesia irakurlea izateaz gainera, argitaratzen dudan bigarren poema liburua da hau.

Nola bururatu zitzaizun “Muxuak” poema-bilduma sortzeko ideia?
Duela 11 urte Bergarako Idazle Eskolako ikaslea nintzen eta, betidanik poesia idatzi izan dudan arren, Idazle Eskolan idazteko grina areagotu zitzaidan. Eskolan gauza asko irakurtzen genituen eta ideia asko etortzen zitzaizkidan burura, beraz, gai konkretu baten inguruko olerki-sorta bat egitea bururatu zitzaidan eta muxuen gaia aukeratu nuen. Idazle Eskolako azken urteko beka-proiekturako aurkeztu nuen lana da.

“Idazle eta ilustratzailearen arteko kooperaziozko
proiektu poetikoaren emaitza da liburua”

Olerki-bildumaz gain, ilustrazioek protagonismo berezia dute liburu honetan?
Bai, idazle eta ilustratzailearen arteko kooperaziozko proiektu poetikoaren emaitza da liburua. Duela bi urte eta erdi “Mattin” Iñaki Martiarena ilustratzailea ezagutu nuen eta nire poesiarekiko interesa erakutsi zuen. Muxuak bilduma bidali nion eta ezustean bilduma osatzen duten poema guztiak ilustratu zizkidan, akuarelak erabiliz eta bere estiloa jarraituz.

Nolakoa izan da argitalpen prozesua?
Ilustrazioak ikusi nituenean lana argitaratzeko gogoak piztu zitzaizkidan berriro eta, hainbat argitaletxetan ate-joka ibili ostean, Angeluko Zortziko argitaletxe txiki lana argitaratzeko prest agertu zen.

Zure bigarren liburua denez, aurreko esperientzia lagungarria izan zaizu?
Bai, nahiz eta desberdina izan den. Lehen poema-liburuan askoz poema gehiago zeuden eta 4 zatitan banatuta zegoen. Bigarren liburua, berriz, 24 poema edo muxuz osaturik dago eta olerkiak duela 11 urte idatzi nituenez, zuzenketaren bat edo beste egin behar izan dut.

“Nire pertzepzioaren arabera Euskal Herrian poesia idazten duen jende asko dago”

Non eta noiz egin zenuen liburuaren aurkezpena?
Liburua azaroaren amaieran argitaratu zen eta Durangoko Azokako larunbatean aurkeztu nuen. Ondoren, Ataurin zuzeneko poesia errezitaldi musikatua egin nuen eta, duela gutxi, Irungo Elkar liburu-dendan bildumaren errezitaldi txiki bat egin zen ere.

Buruan proiektu berriren bat duzu?
Pasaden udazkenean, irailetik azarora, “Beste hitzak” programaren bitartez Mazedoniako Ohrid herrian idazle-egonaldi batean parte hartu nuen eta bertan idatzitako bilduma argitaratzea gustatuko litzaidake. Hortaz gain, poesiarekin loturiko beste proiektu batzuk dauzkat ere.

Nolako egoera bizi du poesiak gaur egun Euskal Herrian?
Aspalditik Senperen urtero argitaratzen den Hatsaren Poesia izeneko olerki-bilduma kolektiboan parte hartzen dut, non Euskal Herri osoko poetek parte hartzen dute bertan. Nire pertzepzioaren arabera poesia idazten duen jende asko dago Euskal Herrian. Poesia mota asko dago eta, nire ustez, poesia gauzak zeharka esateko modu bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude