Airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikorra Ospitale Zaharreko ingurura lekualdatuko da astelehenean

Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak jakinarazi du airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikorra, Colón ibilbidearen eta Gipuzkoa hiribidearen artean dagoena, Ospitale Zaharreko inguruetara lekualdatuko dutela datorren astelehenetik aurrera, otsailak 26.

Irunen emisio gutxiko eremu bat garatzeko proiektuaren barruan dago instalazio hori, eta gogoratu behar da helburu nagusia hiriko airearen kalitatea hobetzea dela. Helburu hori betetzeko, airearen kalitatea neurtzeko kanpainak egiten ari dira hiriko hainbat tokitan, Eusko Jaurlaritzako Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareko estazio mugikor baten bidez.  Neurtzeko kanpaina horien osagarri, airearen kalitatea monitorizatzeko sare bat ere instalatuko da (sentsore finkoak), eta, aldi berean, trafikoaren analisi, azterketa eta modelizazioak ere egingo dira.

Estazio mugikorrak etengabe neurtzen du, eta informazioa Eusko Jaurlaritzako Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Zerbitzuak tratatzen du. Ondoren, neurketa-kanpaina bakoitzaren amaieran, udalari igortzen dio lortutako datuen txostena.

Bi neurketa

Joan den azaroan, bi lekutan hasi zen airearen kalitatea neurtzeko kanpaina, eta bakoitzak bi hilabete inguru iraun du. Helburua da hiriko airearen kalitateari buruzko datuak bi estazio desberdinetan eta baldintza atmosferiko aldakor eta desberdinetan eskuratzea.

Unitate mugikorra Colón ibilbidearen eta Gipuzkoa hiribidearen arteko izkinan kokatuta egon da azarotik otsailera eta bertara itzuliko da apiriletik maitatzera. Kokapen horren bitartez zirkulazioarekin lotutako parametroak neurtu nahi izan dira. Orain Ospitale Zaharraren ingurura mugituko da eta bertan egongo da martxora arte eta ekainetik uztailera. Kokapen berri honetan zirkulazioarekin loturarik ez duten parametroak neurtu nahi dira eta, horretarako, espazio ireki bat, zirkulaziorik gabekoa, bilatu da oinarrizko egoera neurtzeko.

55 estazioko sarea

Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea EAEko kutsadura-maila kontrolatzeko eta zaintzeko tresna bat da. Analizagailuak eta sentsoreak dauzka, airearen kalitateari buruzko araudiak zehaztutako kutsagarriak neurtzeko (SO2, NO eta NO2, ozono troposferikoa, CO, bentzenoa eta PM10 eta PM2.5 partikula esekiak). Eta parametro meteorologikoak ere neurtzen ditu.

Hainbat estaziok osatzen dute sarea, eta lurralde osoan zehar banatuta daude. Gaur egun, 55 estazio daude. Estazio finko horiez gain, sareak ekipamendu mugikorrak ere baditu (2 furgoneta eta atoi bat), lurraldearen edozein puntutan unean uneko kanpainak egin ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude