Aitor Zabala Santiagotarrak elkarteko piraguismo entrenatzailea da Erik Arocenarekin batera. Aitor Zabalak Espainiako Maratoi Txapelketan klubak lortutako emaitzak errepasatu ditu, klubaren erronkak zeintzuk izango diren azaltzeaz gainera. Era berean, klubak pista zein maratoi modalitateak uztartzeko egiten duen lanaren berri eman du entrenatzaileak.
Pontevedrako txapelketan taldeak emaitza bikainak lortu zituen, ezta?
Bai, oso pozik gaude taldeak azken txapelketan lortutako emaitzekin, izan ere, klubeko hiru kirolari Europako Txapelketarako sailkatzea lortu dugu eta. Gainera, hiru jubenilek lehen aldiz nazioarteko txapelketa batean lehiatzeko aukera izango dute. Guretzat garrantzitsuena kirolarien lanak emaitzak ematen dituela ikustea da.
K1ean Eider Amundarain eta K2an Unai Amostegik eta Martin Mirandak osatutako bikotea sailkatu dira. Nola lortu zuten Europako Txapelketarako sailkatzea?
Eiderrek, esaterako, txapelketa oso ona egin zuen. Probaren hasieratik beste kirolari batekin batera alde handia atera zien gainontzeko piraguistei, eta lan horri eustea lortu zion. Bere kasuan, bi kirolari sailkatzen ziren Europako Txapelketarako eta bigarren postua lortu zuen, beraz, oso pozik gaude. Mutilen kasuan, berriz, lehia handia zegoen eta irteera ez zuten behar bezain ondo egin. Horren ostean, lehen taldea harrapatzea ezinezkoa izango zela zirudien arren, azkenean Zamorako beste kide batzuekin gainontzekoak aurreratzea lortu zuten. Esprintean helmuga 2 segundoko aldearekin zeharkatu ostean, bigarren postuan iritsi ziren.
Horretaz gain, kategoria mistoan urrezko domina irabazi zenuten?
Hori da. Izen-emateak egiterakoan kategoria mistoa zegoela ikusi genuen eta kategoria berri hori probatzeko K2 bat osatzea erabaki genuen. Eider Amundarainek eta Mikel Larrartek oso lasterketa txukuna egin zuten, hasieratik bakarrik ihes egin baitzuten. Egia esan, elkarren artean oso giro ona dute, oso pozik daude lortutako emaitzarekin eta gu ere bai.
Emaitza horiek maratoi modalitatean lortutakoak dira. Zertan desberdintzen dira pista eta maratoi modalitateak?
Pistako modalitatearen barnean 3 modalitate ezberdin daude: 200, 500 eta 1.000 metroak. Modalitate horiek K edo C 1, 2 edo 4koan egin daitezke. Maratoian, aldiz, pertsona bat edo bi lehiatzen dira eta lasterketa askoz luzeagoak dira. Hainbat buelta ematen dira lasterketaren arabera, baina itzuli bakoitzak 4 kilometroko ibilbidea izan ohi du gutxi gorabehera. Buelta bakoitzean piragua eskuan hartu eta leku batetik bestera eraman behar dute, berriro uretara bueltatu eta bueltak ematen jarraitu aurretik. Idea bat egiteko, jubenil mailan neskek 19 kilometro egiten zituzten eta mutilek ia 23.
Aurtengo denboraldia Santiagotarrak elkartean jada 5 pertsona sailkatu dira Europako txapelketetarako. Non dago sekretua?
Lana, lana eta lana. Erik nire lankideak urte asko darama hemen taldearekin lanean. Kadete eta infantil kategorietatik hasita kirolariei diziplina erakusten saiatzen gara. Ez dago bestelako sekreturik, gakoa lan egitean eta gauzak ondo egitean dago. Azkeneko urteetako lana oso ona izan da.
Harrobian egindako lanari esker, urtero goi mailako txapelketetarako hainbat jokalari sailkatzea ohitura bihurtzen ari da. Gaizki ohitzen ari gara?
Batzuetan hori bera komentatzen dugu, azken urteetan beti sailkaturen bat izatera ohitu garela eta noizbait hori lortuko ez bagenu gure helburua lortu ez dela iruditu dezakeela. Egia esan, harrobiko taldea gara eta familia baten antzera lan egiten dugu. Beste klub batzuek guk baino baliabide ekonomiko gehiago dituzte eta fitxaketak egin ditzakete, guk, aldiz, beti sekulako harrobia izan dugu eta azken urteetan hori agerian gelditu da.
Erik Arocenarekin batera, nola antolatzen dituzue entrenamenduak harrobia lantzeko?
Harrobia aurretik dator, kimu eta infantiletan ditugun entrenatzaileen lanari esker. Kategoria horietan lehiatzen ikasteko oinarriak irakasten zaizkie, gero kadete, jubenil edo senior mailetara pasatzeko. Guk ordu asko ematen ditugu hemen eta beti laguntzeko prest gaude.
Emakume kirolarien kopuruak eta haiek lortutako emaitza onek gora egin dute Santiagotarraken?
Bai, betidanik izan ditugu K4 edo K2 mailetan finaletara iritsi izan diren emakume kirolariak. Hemendik kanpo Santiagotarrakeko neskak ezagunak dira, Espainiako lehen postuak askotan bete izan dituztelako. Beste talde batzuetan neska eta mutilak banatu ohi dituzte entrenatzeko, gu aldiz, elkarrekin entrenatzen gara.
Gainera, pistako modalitateko 3 kirolari Sevillan errendimendu altuko zentru batean prestatzen ari dira. Zer suposatzen du hori klubarentzat?
Duela 10 urte pentsaezina zen horrelako aukera bat izatea. Hemendik bi astera pistako taldearekin beste txapelketa bat izango dugu, beste selektibo bat eta zorte apur batekin klubeko beste kirolari batzuk Europa edo Munduko txapelketetarako sailkatzea lortuko dugu. Gure ustez oso garrantzitsu da pista zein maratoi modalitatea lantzea, pertsona batzuk azkarragoak dira eta, beste batzuk, ordea, erresistentzia maila hobea dute. Martxora arte guztiekin 5.000 metroko txapelketa bat prestatzen dugu eta hortik aurrera taldea bitan zatitzen dugu bakoitzaren espezialitatearen arabera.
Zehazki, zein dira datozen aste edo hilabeteetarako dauzkazuen erronkak?
Bi aste barru Pontevedran berriro Espainiako 200 eta 500 metroko kopa izango dugu. Neskekin jubenil mailan selektibo hau prestatzen ari gara, Eider, Uxue Maialen eta Irenerekin batez ere emaitza onak lortzen ahaleginduko gara. Beraz, txapelketa ondo egiten ahalegindu beharko dugu, gerokoak antolatzen saiatu aurretik.
Europako Txapelketak udaran egingo dira?
Bai, maratoikoa uztailean izango da. Pista modalitatean Europa eta Mundu mailako txapelketak daude eta datorren txapelketan sailkatuko dira txapelketa horietan parte hartuko duten kirolariak. Maratoian uztailean sailkatutakoek Munduko Txapelketan edo beste selektibo batean parte hartzeko aukera izango dute. Hortaz, pertsona gehiago sailkatzeko hainbat aukera ditugu oraindik.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.