2018urteko Ribera Beketako dokumental irabazlea aurkeztu dute Heidi Otaduy eta Mikel Huartek
“Aitortzeko ezer?” izenburua duen dokumentala aurkeztu zen azaroaren 15ean Amaia Kultur Zentroan. Heidi Otaduy eta Mikel Huarteren dokumentalak 2018ko Ribera Beketan saritua izan zen. Dokumentalak Irungo gizartean aldaketa handiak eragin zituen gertaeraren ondorioak aztertzen ditu 25 urte geroago.
1993 urteko urtarrilaren 1ean Europar Batasuneko aduanak eta barne-mugak ezabatu ziren. Heidi Otaduy dokumentaleko egileak azaldu duenez, “data oharkabean pasa ez zedin mugen zabalpena ospatzeko zerbait egin nahi genuen”. Irailaren 22an antolatutako Ribera Azoka ikusi ahal izan zen dokumental irabazlearen aurrerapen txikia. “Aitortzeko ezer?” tituluaren barnean muga gurutzatzerakoan egiten zen galdera gogora ekarri nahi izan dute dokumentalaren egileek.
“Data oharkabean pasa ez zedin mugen zabalpena ospatzeko zerbait egin nahi genuen”
Heidi Otaduy, dokumentalaren egilea
Dokumentala hiru zati nagusitan banatzen da. Lehen zatian, Aduanen amaiera ezagutu eta itxieraren ondorioak zuzenean jasan zituzten pertsonak elkarrizketatu dituzte egileek. Bigarren zatian, 1993 urtean jaio eta Aduanak ezagutu ez zituzten gazteak elkarrizketatu dituzte, egun gazteek gaiaren inguruan duten ikuspuntua biltzeko. Azkenik, Margaret Bullen, EHUko antropologoa, eta Roberto Aramago, CSICeko filosofoaren bitartez, mugen etorkizunaren inguruko analisia egin dute.
Guztira, 17 pertsonen lekukotzak bildu dituzte euskara, gaztelera, ingeles eta frantsesez. Ekaina eta abuztuan zehar egindako 13 grabaketa orduak 52 minutuko iraupena duen dokumentalera laburtu dituzte.
“Mugaz gaindiko errealitatearen adierazleak diren adibide zoragarriak bildu ditugu dokumentalean”
Mikel Huarte, dokumentalaren egilea
Elkarrizketak Bidasoa ibaiaren inguruko pasai ezberdinetan grabatu ziren: Endarlaza, Kanetako Portua, Biriatou, Behobia edo Santiago Zubian, besteak beste. Mikel Huarte dokumentaleko egileak azaldu duenez, “mugaz gaindiko errealitatearen adierazleak diren adibide zoragarriak bildu ditugu dokumentalean”.
Ribera Bekak
Ribera programa duela hiru urte jaio zen Irungo Kultura arloan, arte garaikidea era berritzailean bultzatzeko helburuarekin. Juncal Eizaguirre Kultur arloko ordezkariak adierazi du, “artea ezagutzak zabaltzeko erreminta batean bihurtu da programa honen bitartez”. Ribera Azokan memoria historikoa, muga eta Bidasoa ibaiaren kontzeptuen inguruan gogoeta egiten da.
Ribera bekak bi bikote irabazlez osatzen dira. Heidi Otaduy eta Mikel Huarteren proiektuaz gain, Iraitz Agirre eta Ivan Gomezek osatutako taldea izan da 2018 urtean saritutako beste proiektua. Bigarren bikote honek Faisai Uhartearen inguruko proiektua garatzen ari da eta laster ezagutu ahalko dira bere emaitzak.