Aizpea Goenaga Mendiolaren askotariko lan esparru eta ekarpenak zenbatzen hasita, zaila da bere pertsona deskribatzeko hitz bakarra topatzea. Aktore edo zuzendari hitzak txiki geratzen zaizkio. Beste zeregin eta proiektuen artean Irungo Oiasso Erromatar Museoan koordinatzaile lanak egiten ditu. Bere ibilbidean euskal kultura eta emakumeekiko kezka izan ditu gidari.
Ezagutzen ez zaituztenontzat, nola deskribatuko zenuke zure burua?
Nik zer dakit. Galdera hori oso zaila da. Norberak bere buruaz hitz egiterakoan asko zigortzen da. Beraz, ez dakit zer naizen. Nire seme-alabentzat gauza bat naiz eta nire lagun batzuentzat beste bat. Bakoitzarekin sortzen duzun harremanaren araberakoa zara.
“Niri etxean inoiz ez naute beste ofizio “seguruago” bat aukeratzera bultzatu eta hori sekulako abantaila da”
Askok artista bezala ezagutuko zaituzte, ia zainetan daramazun zerbait?
Egia da, segun zein girotan sortzen zaren gertuen duzuna gehiago estimatzen duzula. Gure ama oso sortzaile handia zen, literatur zalea, kezka kultural handiarekin eta baita amona ere. Amak beti artista izan nahi izan zuen beti, baina aita gazte hil zitzaienez eta nire amona bakarrik ez uztearren ezin izan zuen bere ibilbidea egin. Gure etxean sormena beti asko bultzatu da, futbola ez ordea.
Familia aurrekari horiek zure bidea erraztu zutela esango zenuke?
Beste esparru batzuetan gertatzen den bezala eta bereziki hemen Euskal Herrian, ezin duzu esan esparru bakar batean lan egingo duzunik. Bolada batean antzerki gehiago egiten duzu eta bestean, aldiz, gehiago idazten edo zuzentzen duzu edo telebistan ibiltzea tokatzen zaizu. Orduan, hainbat esparru ukitzen dituzu. Familiak asko markatzen du, hori egia da. Niri etxean inoiz ez naute beste ofizio “seguruago” bat aukeratzera bultzatu eta hori sekulako abantaila da. Jendeak bere seme edo alabak artista izan nahi duelako kexaka deitzen didanean ez dut disgustuaren zergatia ulertzen. Ogibide gogorra da bai, baina nik ez dut ofizio errazik ezagutzen. Nik mundu guztiari aholkatuko nioke ahal den guztietan nahi duena egin dezala, gero bideak leku batetik bestera eramango zaituelako. Esaterako, irakasleek sormena balioan jartzen dute eta nik zorte handia izan dut irakasle oso onak izan ditudalako.
“Garai batean emakumeei ate asko puskatzea tokatu zitzaigun, ez irekitzea”
Euskal kulturaren buruzagi
Euskal kultura landu eta zabaltzeko kezka zure ibilbide osoan izan duzu presente, ezta?
Bai, beti. Egia de beti euskal kulturarekiko kezka izan dudala eta, zalantzarik gabe, horrekiko apustua egin dut. Baita ere emakumeekiko. Garai batean emakumeei ate asko puskatzea tokatu zitzaigun, ez irekitzea. Hor ere pausu batzuk eman dira eta ezin dugu atzera egin, oraindik ez baitaude ate guztiak zabalik.
Zure balio anitzeko profila eta euskararekiko kezka funtsezkoak izango ziren, ziur, Etxepare Institutuko zuzendaritzaraino iristeko.
Neurri batean bai. Nik gogoratzen dut deitu zidatenean hasieran ezetz esan nuela, ez bainaiz pertsonaia politikoa. Gogoratzen dut nire ahizpak, momentu horretan oso gaixorik zegoena, esan zidan deitu bazidaten zerbaitengatik zela eta hartu behar nuela. Erronka hartu nuen kultura maite dudalako eta gure herriko kulturan sinisten dudalako. Ni berez kultura kontsumitzaile bat naiz eta asko disfrutatzen dut irakurtzen, kontzertuetara joaten, antzerkian edo dantza ikustera noanean. Uste dut gure potentziala mundura atera behar dugula eta horretan ahalegindu nintzen urte horietan. Lan handia egin genuen eta oso harro nago egindako lanaz. Batzuetan nire burua zigortzen dut esanez agian gehiegi egin nuela, osasun aldetik ere faktura pasa zidalako. Lan handia zen eta oso lantalde txikia ginen. Hala ere, bidea irekitzen jakin genuen eta Etxepare Institutua eraiki genuen. Zorionez aldamenean María Jose Olaziregi edo Irene Larraza, gaur egun zuzendaria dena, bezalako pertsonak alboan izan nituen eta horrela sortu genuen taldea. Gogoratzen naiz kanpora ateratzen ginenean, beste institutuetako jendeak Aizpea Etxepare deitzen nindutela, ni bakarrik joaten nintzelako eskuorriz betetako maleta batekin. Beraz, nik uste ahal genuena baino pixkat gehiago egin genuela eta harro nago.
Gaurkoan Oiasso Museoan harrera egin diguzu. Zeintzuk dira zure zereginak bertan?
Nik berez hemen lanaldi erdia bete beharko nuke, nahiz eta gehiago ere egiten dudan. Museoa sortu zenetik izan dut harremana Oiassorekin, beste gauza batzuen artean, museoaren pantailan ikusi daitekeen ikus-entzunezkoa nik zuzendu nuelako. Museora sartu nintzenean hiru kezka nagusi izan nituen. Batetik, arlo akademikoa, bai kongresuetara begira edo museoak ikerketa esparru bezala duen ahalmena lantzeko. Bigarrenik, zabalkunde lana, ikastetxeekin eta bisitariekin museoaren edukia partekatu ahal izateko.
“Nik ez dut hori salatzeko borroka egiten, gauzak egin egiten ditut, aktiboa naiz”
Bestetik, beste begirada bat erantsi nahi izan genuen eta hor antzerkia sartu genuen eta horri esker museoari beste bizitza bat eman diogu. Askotan liburuek edo idatziek kontatzen digute historiaz dakigun guztia, baina bertan guduak eta gerrak aipatzen dira bakarrik, historiaren parterik itsusiena. Oiasso museoan, berriz, bertan ikusi daitezkeen objektuak eguneroko bizitzarekin loturikoak dira eta modu paregabea iruditu zitzaidan garaiko ofizioak berreskuratzeko. Esaterako, arrantzalea, sendabelarren egilea, hiletaria, esklaboa, etab. Horrela, erromatar garaian erabiltzen zen formatu bat bilatu genuen, bakarrizketena. Antzerkia ere ekarri genuen eta, adibidez, Nerea Arrutirekin umeentzako antzezlan bat sortu genuen. Bakarrizketen bitartez erromatarren eguneroko bizitza berreskuratzen saiatu gara, oinarri zientifiko batekin, baina umorez, garaiko bizitza nolakoa zen kontatzeko. Era berean, antzerki tailerrak ekarri ditugu, antzerkiaren bitartez mundu klasikora gerturatzeko. Era berean, tailerretan parte hartzen duten ikasleek Dies Oiassonisen ere parte hartzen dute eta beren lana erakusteko antzerki jaialdia antolatzen dugu.
Azkenik, museoak gizartearekiko duen betebehar soziala dago. Betebehar horren barruan dago hiriarekiko lotura, esaterako, Aniztasun Gala antolatuz. Normalean artistek zailtasunak izaten badituzte, gala honetan parte hartzen duten artistek zailtasun gehiago dituzte beraien sormena kanporatzeko. Bertan, Topic eta Chillida Lekurekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker jaialdi bat eta bira bat antolatzen dugu. Hori adibide txiki bat baino ez da, baina horrelako gauzak antolatzeaz arduratzen naiz. Orain esaterako, Emakumeen Eguna hurbiltzen ari den honetan, nor elkarrizketatu dezakegun pentsatzen ari naiz.
Emakumeen lekukoa
Zuk zeuk ere emakumeek historian zehar jokatutako papera berreskuratu eta ezagutarazteko konpromisoa duzu, ezta?
Noski. Erromatarrengan pentsatzen dugunean, gure buruan gizon soldadu edo legionario baten irudia ageri da. Eta emakumeak? Hori ez da posible. Horregatik, emakumeen papera berreskuratu eta, beraz, uste dut kontaketa hori egiteko beharra zegoela.
Erraza da informazio historiko hori berreskuratu eta ezagutarazteko lana?
Beno, egia esan, ikertzen hasten zara eta pixkanaka informazioa ateratzen da. Niri horrelako erronka bat ematen didazu eta ez dago gauza hoberik. Han-hemenka galdetzen hasten zara eta horrela informazioa lortzen zoaz. Askotan behar baino informazio gehiago lortzen duzu azkenean. Dena den, gero bildutakoa kontakizun batean txertatu eta emaitza polita da. Nik uste jendeak horrelako lanak oso ondo hartzen dituela. Gainera, umeentzako kontakizunak ere idatzi ditugu, ez bakarrik bakarrizketak. Antzezlan guzti horiek gure webgunean eskaintzen ditugu. Museoak ere bestelako tailerrak eskaintzen ditu. Adibidez, mosaikoei buruzkoak. Dies Oiassonis baino lehenago jantzien tailer bat antolatu nahi dugu, horrela jantzi berriak egin ahal izateko. Orain “Bidasoako Atlas Emozionala” erakusketa dugu, Bidasoaren historiako hamar gai jorratzen dituena: artea, sorkuntza, ofizioak, historia, etab. Beraz, museora horrelakoak ekartzen saiatzen gara. Nik uste horrelako lanek merezi dutela eta nik horien bitartez disfrutatu egiten dut.
“Arazo bat konpontzeko lehenengo diagnostikoa egin behar da”
Zure ikuspegitik, nola ikusi duzu emakumeen bilakaera orain arte?
Galdetzea ere! Dudarik gabe. Nik hori bizi behar izan dut. Emakume izateagatik mespretxu handiak jasan behar izan ditut, eta oraindik jasaten ditut. Kuriosoa da, baina nik badakit hainbat kasutan, gizona banintz, nire lan askok beste errekonozimendu bat izango zuketela, hori dudarik gabe badakit. Orain esate baterako erakusketa bat prestatzen ari gara Aranzadirentzat Gipuzkoako emakume arkeologoei buruzkoa. Arkeologoei galdera hori egiten diet: Zuek uste duzue gizonak bazinete zuen lana bestelakoa litzatekeela? Eta kuriosoa da batzuk hasieran diskriminaziorik sentitzen ez dutela esaten dutelako. Gero galderak egiten zoaz eta berriro galdetzen diozunean ea benetan uste duen leku berdinean egongo litzatekeen argi eta garbi ezetz erantzuten dute. Normala da. Egia da ez gaudela erabateko berdintasun batean. Gizartean buruan estandar edo gauza batzuk sartuak dauzkagu eta zaila da horiek kentzea. Horiek beherago jaisten gaituzte nahi gabe, baina horrela gertatzen da dudarik gabe. Nik ez dut hori salatzeko borroka egiten, gauzak egin egiten ditut, aktiboa naiz.
Beraz, oraindik lan asko egiteko dago benetako berdintasuna lortzeko?
Bai. Arazo bat konpontzeko lehenengo diagnostikoa egin behar da. Hortaz, lehenengo konturatu behar zara hori oraindik gertatzen dela. Hori dakizunean, konponbide bila hasi zaitezke.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.